Xabier Izaga Gonzalez
IKUSMIRA

BADAKIELAKO ENTZUN NAHI EZ DUENA

Endika Portillo| FOKU
Endika Portillo| FOKU

Txus Martin maiz agertu izan da hedabideetan. Berak nahi baino gehiagotan, bere osasun egoera eskasa dela-eta. Osasun egoera eskas batek hobera egin, bere horretan segi edo okerrera egin dezake. Txus Martinenak okerrera egin du etengabe, hobera egiteko edo berdin jarraitzeko aukerarik izan ez duelako giltzapean emandako 16 urteetan. Beraz, normala da, nonbait, Sareko eledunek haren berri Txagorritxu Ospitalean ematea, bertan baitago Martin bihotzeko ebakuntza egin berritan. Martinek eskizofrenia paranoidea eta antsietate desordena orokorra ditu orain dela hainbat urtetik, eta gaixotasun horiek kartzela zuloan «artatzea» normala da, nonbait, eta horiez gain, izurra izurtuta, baita gutxiegitasun aortikoa ere. Ez, egoera hori ez da inondik inora normala, baina bai ohikoa. Ohiko bezain ikaragarria. Nola azaldu entzun nahi ez duenari, ordea? Entzun nahi ez duenari, ezen ez jakin nahi ez duenari. Badakielako entzun nahi ez duena. Berea jakitea eta, beraz, entzutea ezinbesteko eta derrigorrezkotzat jotzen duenak ez baitu entzun nahi. Entzun, jakin badaki-eta. Horrexegatik ez du entzun nahi.