28/12/2018

Maite Ubiria Beaumont
Horiz tindaturiko haserrealdia

Errebolta sozialari mespretxuz erantzun zion Gobernua zeharo higatuta atera da txaleko horien krisitik. Azkenean, hilabete bukaerara iristeko zailtasunak dituzten herritarren alde zenbait neurri aringarri hartu behar izan ditu Macronek boterean irauteko

 

 

Hemezortzi hilabete. Hori zen Emmanuel Macronek Eliseoan zeraman denbora inork iragarri ez zuen eztanda soziala gertatu zenean. Facebook sare sozialetik zabaldu zen deialdiak helburu zehatza zuen: 2019ko urtarrilean erregaien gainean indarrean sartzekoa zen tasa berriaren aurka protesta egitea. Aukeratutako ikurra, gidari guztiek autoan eraman behar duten jantzia: txaleko horia.
Azaroaren 17an, lehenengo ekimena zinez arrakastatsua suertatu zen. Ehunka mila herritar xume, ordura arte bere kexa isilean atxiki zutenak, karrikara atera ziren. Hobe esanda, bidegurutzeetan, autobideetako ordainlekuetan eta borrokaren kokaleku sinboliko bilakatuko ziren biribilguneetan plantatu ziren. Aski fite gizartearen gehiengo zabalak beraiekin bat egin zuen. Finean, mugikortasun eredua eta bizi baldintzen prekarizazioa, baita lurraldeen arteko desorekak ere, jopuntuan ezarri zituen protestak ispilu bat eskaini zien herritarrei. Hartara, herritar askok injustizia sozialaren miraila horretan beraien potreta deskubritu zuten. Konexioa egina zen herritarren artean, baita deskonexioa ere kalearen eta boterearen artean. Lehen ekimen jendetsuaren ostean, beste bost bat erronka bota zituzten beren arrangura horiz jantzi zuten suminduek.
Estatu frantseseko landa eremuetatik Paris hiriburura jauzi eginez arriskua hartu zuten, baina horretan ere asmatu zuten. Manifestodromo ofizialak –Republique edo Nation plazak– alboratu eta botereguneetara jo zuten, hartara erakunde politiko nagusien egoitzak hartzen dituen Parisko hiri barrutia astinduz. Larunbatetik larunbatera Eliseoko Zelaiak etorbidea okupatzeko deialdia eginez, denboraren kudeaketa zurruna aginduz, krisiaren hasieran bere bide orria inoiz ez zuela aldatuko hitz eman zuen Gobernuaren posizioa ahultzea lortu zuen arautu gabeko mugimenduak.
Horren aurrean, Gobernuak akats bikoitza egin zuen azaroaren hondarrean. Lehenik eta behin, Parisek ez zuen gaitasunik erakutsi karrikatik heldutako haserrea behar bezala ezaugarritzeko. Aurreko hilabeteetan erreforma bat bestearen atzean onarrarazia zuen presidenteak, baldintza berezietan lorturiko gehiengoa neurririk gabe baliatuz: lan erreforma, SNCFko estatutua, hezkuntza, osasungintza, pentsioak... Irizpide liberalak jarraituz arautze esprint azkarra agindua zuen Macronek.
Deskonexioa
Sindikatuek eta ezkerreko oposizioak protesta egin zuten Macronen neurrion aurrean, baina Eliseora heldu berria zen errege ahalguztidunaren aurrean ez ziren indar korrelazioa aldatzeko gai izan. Txaleko horiekin parametro berdinekin jokatzeko hautu eginez, aldiz, hanka sartu du Macronek. Mespretxua eta irmotasuna adieraziz herritar ezezagunok etxera itzularazteko konfiantza itsuz jokatu zuen. Horra hor lehen akatsa. Bigarren petoa hilabete batzuk lehenago koka daiteke, nahiz eta bere benetako eragina udazkeneko krisiaren bidez azaleratu zen. Uda aurretik zartatu zen “Benalla auziak” argiki erakutsi zuen V. Errepublikaren gaitzek –botere gehiegikeria, bezerokeria, jarduera ez demokratikoa– Macroni ere eragiten ziotela. Hartara, ustezko agintari berritzailea establishment-aren ordezkari gisa agertu zen. Hori gutxi ez eta  ondasun handien gaineko ISF zerga kentzeko erabakia hartu zuen, azkeneko krisiaren kalte-ordainak pairatu zituzten herri sektoreen aurrean «aberatsen presidente» gisa agertuz.
Gauzak horrela, ikasturte hasierari inkestetan emaitza oso txarrak lortuz ekin zion Macronek. Dinamika politikoaren faltan, komunikazio makina olioztatu zuen. Orduan egin zuen eztanda bigarren akatsak: bere politikek herritarrengan sorturiko ezinegonaren tamainaz ez zen ohartu. Beste era batera esanda: ez zen ohartu Gobernuaren diskurtsoa ez zela gizartearengana heltzeko gai. Egoera horretan, inprobisazioa bilakatu zen Errepublikaren ildoa berreskuratzeko xede zuen macronismoaren ihesbidea: erregaien gaineko tasa eten, oinarrizko soldata igo, pentsioen gaineko zerga ezabatu... 8-10 miliar denon kutxatik atera eta haserrealdia baretzera bideratu zituen presidenteak. Azken finean, hilabete bukaerara iristeko zailtasunak zituzten herritarren alde neurri aringarriak onartu behar izan zituen Macronek boterean irauteko.