Dabid LAZKANOITURBURU
{ Ultraeskuina eta ezkerra, buruz buru Amerikan}

Nolatan eskuratu du ultraeskuinak boterea Brasilgo azpikontinentean

Zer dela eta bilakatu da inolako disimulurik gabe ultraeskuindar peto-petoa den hautagai bat Hego Amerikako herrialderik handieneko, populatueneko eta ekonomikoki garrantzitsueneko presidente hautatu? Nola da posible ezkerrak hamahiru urte luzez gobernatu ondoren Jair Bolsonaro faxistak hauteskundeak hain aise irabazi izana, bai lehen itzulian bai bigarrenean?

Erantzuna, hobeto esanda erantzunak, bi galderon baitan bertan aurki daitezke. Hego Amerikako azpikontinentea kontrolatzea ezinbestekoa zaie Brasilgo botere ekonomikoari eta, oro har, kontinenteko statu quo-ari. Horrela bada, aurreko mendearen bigarren erdialdean Brasilek bizi izandako matxinada politiko eta soziala suntsitzeko ez zuten inolako arazorik izan militarrak boterean jartzeko. 1966tik 1985era bitartean Brasilen agintean izan zen Junta Militarraren nostalgikoa da, hain zuzen ere, Bolsonaro bera, paraxutisten kapitain izan zen militar ohia. Nostalgikoa baina bide batez kritikoa, Bolsonaroren eta bere ingurukoen iritziz erregimenak ez baitzuen «potrorik eduki» garai hartan 30.000 ezkertiar erail eta desagerrarazteko, Argentinan beren hurkoek egin zuten bezala.

Iraganak iragan, baina, Bolsonaroren garaipen erraza Brasilgo ezkerraren arrakastan eta hanka-sartzeetan oinarritzen da hein handi batean. Luiz Inazio Lula da Silva sindikalistak 2002an PT Langileen Alderdiari garaipena eman zionetik izugarria izan zen pobreziari aurre egiten eta giza laguntzaren arloan ezkerreko gobernuek egin zuten lana. 30 milioi brasildar txirotasunetik atera ziren eta beste asko klase ertainera hurbildu ziren. Zentzu horretan, ez ziren gutxi egoera sozial berria mespretxuz edo gutxienez begiak okertuz ikusten zuten brasildarrak. Urteetara, gainera, batik bat 2008ko krisi globala gorabidean diren herrialdeetako ekonomia astintzen hasi zenean 2013an, haserreak eztanda egin zuen. Klase ertainak bere egoera ahultzen zela ikusi eta pobreak egin zituen errudun. Bide batez, PT, beste alderdi guztiekin batera, ustelkerian goitik behera murgildu izana aitzakia gisa erabili zuten botere ekonomikoek ezkerrari kontuak eskatzeko.

Krisi ekonomikoak eragindako egonezina baliatuz, lehenik guztiz errugabea zen Dilma Roussef presidente kargutik bota zuten botere ekonomikoek, eta, gero, Lula bera, 13 urte lehenago eurekin nolabaiteko aliantza sinatu zuena Sao Pauloko burgesiarekin boterea partekatzeko. Aliantzak aliantza, baina, Lula atxilotu egin zuten, hauteskundeetara aurkezteko zituen asmoak, eta irabazteko aukerak, ekidinez. Hondartzako apartamentu baten jabegoagatik eta ustelkeria auzi txiki bategatik zigortua izan ondoren ere, Lula bera baitzen faboritoa.

Sao Pauloko gobernadore ohi Geraldo Alckmin zen enpresa gizonek hauteskundeak irabazteko haututako gizona, baina apustuak porrot egin zuen, lehen itzulian ikusi zen bezala. Ordurako lehian aurretik zen Bolsonaro, “Triple B” izeneko hirukoaren laguntzarekin: Biblia, Boi e Bala, hau da, eliza ebanjelikoetako kideak, abeltzain handiak eta militarrak. Bigarren itzulia, urri bukaeran, are eta aiseago irabazi zion (%55) Lula presoaren oinordekoari, Fernando Haddadi. Horrenbestez, Brasilek politikari ultraeskuindarra du boterean. Jainkoak babes ditzala brasildarrak eta zigor ditzala errudunak. Benetako errudunak, ez ezkerra.

Ezkerraren uholdeak Mexiko astindu duen urte berean

Brasil Latinoamerikako erraldoi ekonomikoa eta demografikoa den moduan, historian zehar Mexiko izan da erreferente politikorik emankorrena. Ezin da ahaztu mexikarrek bultzatu zutela munduan eman den lehenetariko iraultza soziala, 1910tik 1917ra bitartean, Errusiako Iraultzaren aurretik.

Errusian bezala, hasierako iraultzak traizio ugari jasan zituen Mexikon ere, eta, horren erakusle, 1929az geroztik PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalak –horra hor kontraesana!– prozesu politikoa bahitu zuen. Hala ere, egon izan dira politika aurrerakoiak edo kutsu sozialista zutenak bultzatu izan dituzten agintariak Mexikon, Lazaro Cardenas jenerala kasu (1934-1940). Benito Juarez (1861-1872) aitzindaria ere ezin ahaztu, noski.

1968an mundu osoan izan ziren altxamenduek isla izan zuten Mexikon ere, militarrek ehunka hildako eragin zituen Tlatlelolcoko sarraskiarekin amatatu bazuten ere ikasleen errebolta. Hiru Kulturen Enparantzako ikasleen sakrifizioak, baina, hazia erein zuen, eta, 1988an, lehen aldiz, ezkerreko agintari batek hauteskundeak irabazi zituen. Cuauthemoc Cardenas PRIko kidea izana zen, baina, alderdiaren noraeza ikusita, beste batzuekin batera berau utzi eta Mexikoko Iraultzaren eredua berreskuratzen saiatu zen. Erregimenak, ordea, iruzurra egin eta PRI alderdiko Carlos Salinas de Gortariri eman zion garaipena. Salinas de Gortarik eman zien hasiera «konpadreen kapitalismoan» eta AEBekiko mendekotasunean oinarritu diren azken 30 urte luze eta beldurgarriei, Mexiko ia-ia porrot egindako estatu bihurtu dutenak.

Egoera ikusita, Andres Manuel Lopez Obrador (AMLO) politikari eta idazle ezkertiarraren figura nabarmentzen hasi zen Mexikon, jende arruntaren ezinegona bideratzeko moduko politikari gisa. Zapatismoak Chiapasko altxamenduarekin ongi etorria eman zion mende berrian, Cardenasek bere garaipena lapurtu ziotela ikusita sortutako PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko kide egin zen AMLO. Ez hori bakarrik, Mexiko Hiriko gobernadore ere bilakatu zen herritarren babes izugarriarekin; ostean, Mexikoko presidente izateko aurkeztu zuen bere burua 2006an eta 2012an, egun MORENA mugimendua bilakatu den koalizioren eskutik. 2006an, Cardenasek pairatutakoaren pareko iruzurra salatu zuen AMLOk, eta, 2012an, bigarren geratu zen, iparralde industrializatuan eta mendebalde garatuan beharrezko botoak lortu ez zituelako. 2018ko uztailaren 1ean, ordea, AMLOk eta MORENAk Mexikoko hauteskunde batzuetan sekulan izan gabeko emaitzak lortu zituzten: 30 milioi bototik gora, hau da, hautesleria osatzen duten 88 milioi herritarretatik bozkatu zutenetatik %53.

Lehen aldia da Mexikoko historian ezkerreko mugimendu batek hauteskundeen bitartez boterea eskuratzen duela. Presidente berriak abenduaren 1ean hartu zuen kargua eta hasieratik ekin dio ustelkeriaren eta boterean daudenen pribilegioen aurkako ekintza sinbolikoak egiteari. Dionez, gainera, presidentearen hegazkinari eta Los Pinosko jauregi erraldoiari uko egitea hasiera baino ez da. Bere asmoa globalizazio prozesu betean ezkerreko alternatiba egon badagoela frogatzea da, eta, hala, aurkeztu berri dituen aurrekontuetan, txiroen babesa eta kanpo inbertsioak bateratzea du helburu. Ez du AMLOk kapitalismoa jomugan, Mexikoko Errepublika birpiztea baizik. Utziko al diote? Galdetu Lulari.