Juantxo EGAÑA

Ikurrina bat zerua zeharkatzen agintari frankisten aurrean

1967ko urtarrilaren 19an, aspaldi “18 de Julio” eta gaur egun “Konstituzio plaza” izena duen horretan, San Sebastian eguneko bandera igotzea baino ordu batzuk lehenago, gazte batzuek, tartean Juantxo Amilibia, Iñaki Mujika Arregi, Antxon Elias eta Jose Cruz Orkolaga, plaza alderik alde zeharkatzen zuen kable bat jarri zuten kontu handiz. Gaueko hamabietan, “San Sebastian martxa” ezagunaren doinuan danborrak jotzen hasi zirenean, ikurrina bat plazan barrena txirrika batzuen bitartez irristatzen hasi zen, milaka lagunen begien aurrean. Plazako balkoietan, ekitaldiaren buruan, agintari frankistak zeuden: Manuel Valencia Remon gobernadore zibila, Joaquin Bosch de la Barrera gobernadore militarra, Luis Martin Pinillos Itsas Armadako komandantea, Jose Manuel Elosegui Donostiako alkatea eta Antonio Epelde Gipuzkoako Aldundiko presidentea. Urtebete geroago, 1968an, Xotero eta Mikel Irazusta anaiek, beste zenbait lagunekin batera, urtarrilaren 19an plaza erdian ikurrina bat jaurtitzeko tramankulu bat jartzen saiatu ziren. Tramankulua jartzen ahalegintzen ari zirela harrapatu eta Amarako Gobernu Zibilera eraman zituzten. Han hiru egunez torturatu eta handik Martuteneko kartzelara eraman zituzten.

Artikulua ilustratzen duen irudia 1967ko urtarrilean egina da. Mukuru betetako plazaren gainetik igarotzen da ikurrina, Gaztelubideko danborradak “San Sebastian martxa” jotzen duen bitartean, agintari frankisten begi harrituen aurrean, uste izatekoa denez. Argazkiaren kalitatea ez da ona, baina gure historiaren dokumentu grafiko eztabaidaezina da. Argazkiaren egilea nor izan zen ez da ezagutzen.