Joxean Agirre

Urtarrila

Nire inguruko batzuk urtarrila iristean transzendental jartzen dira eta hasten dira adinaz eta bizitzaren laburraz gogoeta egiten. Nik ere aurten, gutxiago ez izateagatik, Fredéric Beigbederrek orain hilabete batzuk argitaratu zuen “La vie sans fin” eleberria irakurri dut. Beigbederrek, frantziar idazle telebisiboenak, bi erabaki garrantzitsu hartu zituen orain hiru bat urte 50 urteren mugara iritsi zenean: telebistako programa eta “Lui” aldizkariko lanak utzi eta Euskal Herrira etorri zen bizitzera, Lapurdiko Getariara, gurasoek txalet bana baitzuten han elkarri begira eta han ezagutu baitziren, “Un roman français” (Renaudot saria) eleberrian kontatu zuenez.

“Une vie san fin”, beraz, hor idatzia da eta badira tarteka Euskal Herriari buruzko aipamen labur batzuk. Kontua da eleberriko protagonistak 50 urte betetzean, adinarekin obsesionaturik, bizitza luzatzeko munduan barrena egiten ari diren saiakerak ezagutzeko bidaia bati ekiten diola klinikaz klinika. Adinaren gai hori ez da originala, baina trataera zientifikoa bai. Egia esan, eleberri bat baino gehiago ikerketa klinikoen kronika da, baina umorearekin egina, berak ohi duen bezala.

Adinarekiko paranoia honi modu ezberdinetan erantzuten dio jendeak. Nire inguruko asko jaki bioekin elikatzen hasten dira edo glutenik gabe jaten edo kinoa erabiltzen edo beganoak bihurtzen dira. Oso gutxi gelditzen gara ardoaren eta ogiaren dietarekin jarraitzen dugunak. Egunero izerdi pixka bat botatzea, hori bai, hori ezinbestekoa dela uste dut. Mendian ahal dela. Eguraldi txarra denean kiroldegira joaten naiz, baina ez da gomendagarria: aretoak ispiluz beteak egon ohi dira eta ez dakit onik egiten duen haietan gihar eroriak dituen tipo bat pesak egiten ikusteak. Orain gutxi Jagoba Errekondoren liburua erosi dut eta hor baratza aire libreko gimnasio gisa definitzen du. Aitzurrean egiteak, esate baterako, ez dakit zenbat gihar sendotzen dituen.

Niretzako metodorik eraginkorrena neoprenoarena da. Janzten duzu traje hori eta kolpetik hamar bat urtez gaztetzen zara. Neoprenoak adinak berdintzen ditu. Seguru nago Versaillesko gortean kondesek kortsearen ordez neoprenoa ezagutu izan balute, ez zutela lo egiteko ere kenduko. Neoprenoak kanpotik gaztetzen du eta taula batekin uretan zilipurdika ibiltzeak barrutik. Hori bai, udarako bakarrik balio du. •