Nerea Ibarzabal Salegi

Zelan izan pobrea eta «guaya»

Dagoeneko arazoa ez da soilik bestearen pobrezia ez ikustea: norberarena ere ez detektatzeko edo normalizatzeko intentzio argi bat dago inguratzen gaituen lengoaian. Pobreok uste dugu ez garela pobreak, horixe pentsarazi digutelako eta, noski, horixe nahi dugulako guztiok, pobreak ez izatea. Etxeko diru kontuak eta miseriak ezkutatzen indar gehiago joaten zaigu hauek salatzen baino; eta geure arteko aliantzarik ez da izango klase boteretsuarekin gehiago identifikatzen bagara. Sinestezina da komunikabide handiek –ere– horretan jartzen duten ahalegina.

Aste honetan jakin dut “Too Good To Go” aplikazioaren berri. Dagoeneko Bilboko eta Getxoko zenbait komertzio ere batu dira egun amaierako janari soberakinak zaborretara bota beharrean, bezeroei prezio merkeagoan saltzeko egitasmora. Kontua da “El Pais”-ek ez duela denborarik galdu bere lehen erreportaje-zaborra argitaratzen: «Zelakoa da astebete soberakinak jaten bizitzea». Berriro egin dute. Pobrezian bizitzea abentura hipster bat bezala saltzen digute beste behin; ez dakit zenbat janari kilo zaborretatik salbatu dituztela kontatzeko, egunero 3 eurorekin jan behar duten pertsonen bizitzei barre egin eta hau dena normala dela antzezten dute. Soberakinak jatea aukera bat balitz bezala, eta ez askoren irtenbide bakar. Zu ere diruz larri bazabiltza eta app hau erabiltzen hasten bazara, ez zaitezen gehiegi larritu, merkatuak pobrezia ere opari paperetan salduko dizulako.

Baina ez da egunkari horren –eta bere mailako beste askoren– gisa honetako adibide bakarra. Azkeneko negu guztietan heldu dira albisteak «berogailurik piztu barik etxean bero egoteko» aholkuekin. Ez dugu salatuko energiaren kostuaren garestitzea eta jendea hotzak pasatzen egon beharra euren etxeetan fakturarik ordaindu ezin dutelako, ez, hori ez da gure kazetaritza estiloa. Gero ez digute publizitaterik jarriko bestela. Guk esango dizugu bost poltsa-bero erosteko familiako kide guztientzat, eta gainera pentsa dezazula super alternatiboa zarela, ez pobrea.

Ingelesezko berbek ere asko zuritzen dute pobrezia. Orain pisu berean bi pentsiodun eta hiru gazte bizitzeari cohousing edo deituko diogu, eta egingo dugu erreportaje bat esanez ze ondo bizi diren eta zenbat ikasten ari diren elkarrengandik, zaharrak eta gazteak. Ez dugu esango pertsona hauek ezin dutela alokairurik ordaindu, beste lauren laguntzarekin ez bada. Eta garajeak etxebizitza bihurtzearena? Hori bai eremuak aprobetxatzen jakitea! Eta oporretarako dirurik ez duzula? Orain modernoena etxean gelditzea da, zu lasai. Asteburuetan ere bai, Bostongo Unibertsitateak frogatu du etxetik ez irteteak estresa murrizten duela, eta bide batez, aurreztu egingo duzu –gogoratu berogailurik ez piztea–. Nesting deituko diogu honi.

Zure janaria zaborretatik hartzen baduzu ere ez zara pobrea, freeganoa zara. Karabana batean bizi bazara, ez da soldatak ez dizulako gehiagorako ematen, abenturazalea zarelako da. Horrela jarriko dugu titularrean, ados? Umeen pototxoak jaten dituzu gustatzen zaizkizulako eta gazte berezi bat zarelako, ez merkeak direlako eta erraz asetzen zaituztelako… eta zer deritzozu lanean goizeko lauretan hasiko bazina? Produktibitatea handitzen da, eta gero denbora libre gehiago izango duzu! Uau! Eta ordu bietan jaikiko bazina, are gehiago!

Ondo dagoela energia aurreztea, etxeak elkarbanatzea, janaririk ez botatzea… baina medioak ideia hauen jabe egitea eta zerbait iraultzailea balira bezala saltzea, atzean dauden arazo estrukturalak ezkutatuz… hori arduragabekeria da. •