Dabid Lazkanoiturburu
JOHN BERCOW

Bertso askeko «speaker»-a, Westminsterreko Parlamentua gidatzen

Britainiarrek erreferendumean Europar Batasunetik aldentzea erabaki zutenetik, 2016ko ekainetik, zorabiatuta dabil Britainia Handiko politika. Brexita noiz, eta batez ere nola, gauzatu asmatu ezinean eztabaidan ari dira politikariak, inolako adostasunik lortu gabe.

Prozesuak izan ditu bai bere borreroak bai bere biktimak. Azken horien artean David Cameron izan zen lehenengoa. Orduan lehen ministro zenak kontserbadoreen barnean Europar Batasunarekiko zegoen zatiketa behingoz gainditzeko asmoz deitu zuen erreferenduma, bide batez Bruselari baldintza berriak exijitzeko helburuarekin (britainiar txeke famatuan zero gehiago eskatzeko, seguruenik). Horretarako, Cameronek ezetzak irabaztea espero zuen, baina, horra hor ezustekoa: estu baina Brexitaren aldeko baietzak irabazi zuen, botoen ia %52 lortuta. Downing Street kaleko 10. zenbakia utzi, erretiroa hartu eta etxera joan zen Cameron.

Nigel Farage UKIP alderdi ultraren buruzagiak ere etxerako bidea hartu zuen, baina, kasu honetan, bere helburua lortu zuelako. Europar Batasunaren aurkari amorratua, eta britainiar inperioaren nostalgikoa, Farage izan zen erreferendumaren inguruko kanpaina gezurtiko izarra. Faragekin batera, Brexitaren bultzatzaile ezagunetarikoa Boris Johnson da. Londresko alkate ohiak Bruselako «burokraten» aurkako gerra baliatu nahi izan zuen aspaldiko ametsa lortzeko, lehen ministro kargua hain zuzen. Horrela bada, bere zinismoa agerian gelditu zen Brexitak irabazi zuenean jarri zuen aurpegian. Auzokidearen jostailu garestia apurtu duen mutiko bihurriaren aurpegia.

Mayk eutsiko al dio?

Johnsonek oso gaizki hartu zuen Theresa Mayk Cameronen lekukoa hartu izana. Izan ere, Britainia Handiak Europar Batasunean jarraitzearen aldekoa zen May, eta, hala ere –edo agian horretxegatik–, tory-ek bera izendatu zuten Brexita kudeatzeko. Gauzak horrela, Johnsonek lehen ministroaren posizioa barrutik ahultzea erabaki zuen, Kanpo Arazoetarako ministro kargutik.

Testuinguru horretan uler daiteke Johnsonek iaz kargua utzi izana. Hala ere, brexiter-ek ez dute lortu Mayk amore ematea eta honek tinko eta temati eutsi dio bere postuari, Europar Batasunarekin lortu zuen akordioak Parlamentuan urtarrilaren 15ean lortu zuen porrot historikoa kontuan hartu gabe. Ikusteko dago Downing Street kaleko 10. zenbakian jarraitu ahal izango duen, baina argi dago, Brexita gauzatu ala ez, bere etorkizun politikoa saldu duela Mayk karguan segitzearen truk. Izan ere, 2021eko hauteskundeetan bere burua ez duela aurkeztuko iragarri zien bere alderdikideei, tory-en barne zentsura-mozioa gainditzeko.

Egoera horretan, bazirudien oposizioan dauden laboristek aukera ezin hobea izango zutela egoera baliatu eta kontserbadoreak gainditzeko. Ez da, ordea, hori gertatu. Brexitaren inguruan laboristek dituzten ikuspegi desberdinek ez dute lagundu. Eta kontraesan horiek guztiek Jeremy Corbyn buruzagiarengan egin dute eztanda. Antzinako sozialista honek ez du sekula begi onez ikusi Europar Batasuna eta bere politika «liberala» behin eta berriz salatu du. Horrez gain, hauteskunde berriak behin eta berriz eskatu ditu, gobernu berri batek kudeatu dezan Brexitaren auzia. Kontuak kontu, Corbynen izar politikoa, duela gutxi arte argi sendoa ematen zuena, itzaltzen joan da azken hilabeteetan.

Izar berria, Parlamentuan

Gobernuak eta oposizioko buruak egoerari buelta emateko ahuldadea agerian utzi duten heinean, Westminsterreko Parlamentuaren, eta batez ere Komunen Ganberaren, paperak gero eta garrantzi handiagoa hartu du. Eta Britainia Handiko beheko ganberan lehen eta azken hitza duena speaker-a da, eztabaidak gidatzen eta emendakinak onartzen edo atzera botatzen dituen legebiltzarreko presidentea. John Bercow dugu egun speaker-a. Eskarmentu handikoa, gainera; izan ere, 2009an izendatu zuten lehen aldiz eta, II. Munduko Gerraz geroztik, kargurako beste bi aldiz hautatu duten lehen speaker-a dugu. Tory-ek hautatu zuten, noski, bera ere kontserbadorea (izan) delako. Buckinghameko barrutiko diputatua da.

Hala ere, betidanik izan da Bercow bertso askea. Gaztaroan ultraeskuinetik gertu ibili zen. Monday Clubeko kidea zen, Hegoafrikan Apartheidaren eta ondorioz Nelson Mandela urkatzearen alde agertzen zen taldearena. Klubak, besteak beste, etorkinak Britainia Handitik botatzea eta Commonwealtheko herrialdetik etorri nahi zuten herritarrak ez onartzea proposatzen zuen.

Errumaniako judu sendi bateko kidea

John Bercow bera etorkinen seme izanik ez da samur ulertzekoa xenofobia ardatz zuen klub bateko kide izatea. Izan ere, speaker-aren benetako abizena Berkowicz da. Bere familia jatorriz judua zen eta Errumaniatik alde eginda iritsi zen Britainia Handira. Bere aitak autoak saltzen zituen eta taxilaria zen Londreseko Edgware auzoan. Ez da, beraz, ohiko politiko kontserbadorea, ez behintzat Cameronen eta Johnsonen tankerakoa. Horiek familia aberatsetako semeak dira, Oxford edota Cambridge unibertsitate elitistetan haziak. Bercow berak Essexeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta, azken urteotan izan duen bilakaera ideologikoa kontuan hartuta, badirudi ez duela bere jatorria sekula ahaztu. Tory-en artean aitzindari diren familiek beti adierazi izan dioten mespretxua era ez omen du ahaztu.

Zeharo aldatu da azken urteetan speaker-aren jokabidea eta egun lotsatu egiten da gaztaroan egin zituen hautaketekin. «Nire esperientziak esaten dit edozein gazte, baita leloena ere, gai dela bere bizitzan zehar irakaspenak jasotzeko». Bercow bera da horren adibiderik onena. Berari esker dago haurtzaindegia Westminsterreko Parlamentuan. Are, diputatu amek haurrak eraman ditzakete saioetara, jauregiko saloietan gayen arteko ezkontzak ospatzen dira...

Bercowen “iraultza” jantzi eta orrazkeraraino iritsi da. Kargua hartu bezain laster utzi zuen bertan behera ileorde zuriak eramateko agindua, bai speaker-ak berak bai Westminsterreko beste hainbat ordezkarik bai zaindariek derrigor jantzi beharrekoak. Pentsa, 2017tik diputatuek ez dute gorbata eraman beharrik ere. Hori bai, berak beti eramaten du; speaker karguari egokitzen zaion toga beltzaren gainean, baina, kolore bitxiko gorbata janzten du, itxura xelebrea emanez.

John Bercowek izaera propio eta sendoa duela ezin da inolaz ere ukatu, 46 urterekin kargua hartu zuenenetik bertatik argi eta garbi erakutsi duen moduan –historiako speaker gazteena bilakatu zen–. Westminster bertako apartamentu batean bizitzea erabaki zuen emaztearekin eta hiru seme-alabekin, ordura arte guztiz pentsaezina zena. Horretarako, 25.000 libera esterlinako aurrekontua eskatu eta etxebizitza egokitzeko lanetan gastatu zuen dirua, aurkariei bere kontra gogor egiteko aitzakia emanez.

Kontserbadoreek gorroto dute

Speaker kargurako hiru aldiz hautatu badute ere, kontserbadoreek Bercow gorroto dute. Eta ez bakarrik bere jatorri “herrikoia” dela eta. Tenislari bikaina izan zen gaztetan eta biriketako asmak jota utzi behar izan zuen bere kirol ibilbidea. Egungo speaker-a tenis jokalari famatu bilakatu izan balitz ez zuen ziurrekin egun sortzen duen gorrotoa eragingo. Cameron bera kargutik botatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Tory-en haserrea Bercowek 2018an Donald Trumpen «arrazakeria eta sexismoa» salatu zituenean areagotu zen; «Parlamentuaren izenean» Ameriketako Estatu Batuetako presidentea Westminsterrera joatea eragotzi zuen.

Bercowen jarduera zuzena eta txantxarik gabea da. Speaker-ak ez du inolako arazorik ministroei kargu hartzeko, edo, akats bat egiten dutenean, edota diputatuen galderei ihes egiten dietenean, erantzutera behartzeko. «Order, order!», agintzen die behin eta berriz diputatuei, Interneten ikusgai dauden bideotan ageri denez. Bercowek “Order” izena jarri dio bere katuari ere, eta, dioenez, «batzuetan kasurik egiten ez didan arren, oro har parlamentariak baino txintxoagoa da».

2018an tory-ek bigarren saiakera egin zuten Bercow kargugabetzeko, kolaboratzaile batzuen aurka ustez bota zituen irainak aitzakia bezala hartuta. Aldiz, Alderdi Laboristaren babesa lortu zuen orduko hartan.

Brexitaren afera

Bercowek hasieratik izan du bere karguari dagozkion eskuduntzak era pertsonalean baliatzeko joera, eta, horrek, Parlamentuan speaker-ak duen papera nabarmendu du. Gainera, Brexitaren auzian gobernuak, eta neurri baten baita oposizioak ere, akordio bat adosteko izandako ezintasunak Parlamentuaren aitzindaritza indartu egin du azken asteetan, eta, tartean, nola ez, speaker-arena.

Kontua da Bercowek ez duela begi onez ikusten Brexita. Baina are okerrago ikusten du May lehen ministroak eta brexiter-ek Parlamentuaren hitza, eta egutegia, bahitzea. Aurreko urtarrilean, Bercowk Dominic Grieve Brexitaren aurkako diputatu tory-aren emendakin bat onartu eta izugarrizko porrota jaso berri zuen Mayri hiru eguneko epea baino ez zion eman Parlamentuan “B plan” bat aurkezteko. 21 egun izatea aurreikusten zuen Gobernua sutan jarri zuen erabakiak, batez ere denboraren kontrola galtzen zuelako. Are gehiago, bigarren emendakin batek eskuak lotu dizkio Gobernuari akordiorik gabeko Brexita emango balitz aurrekontu bereziak onartzeko.

Ez da lehenengo aldia. Bercowek askotan onartzen ditu backbenchers izenarekin ezagunak diren diputatuen proposamenak; hau da, Exekutiboan kargurik ez duten diputatuen proposamenak. Bere aurkariek antzinako usadioak gogora ekartzen dituzte hori gaitzesteko, baina speaker-ak berak argi du: hobe da ohiturak aldatzea Gobernuak «hautatutako diktadura bihurtzeko tentaldia» izatea baino. Parlamentuak bere ahotsa berreskuratu behar duela dio behin eta berriz Bercowk. «Betikotasunaren mende geratuko bagina, ezer ez zen aldatuko», aldarrikatzen du.

Sexua eta laborismoa

«Parlamentuko epaileak ez du neutraltasunik», deitoratu du Crispin Blunt diputatu brexiter kontserbadoreak. Hala ere, hitz askoz ere gordinagoak erabili dituzte bere kideak Bercow iraintzeko. «Kakanarru harroputz hori!», deitu dio Simon Burnsek. «Zuk horrela uste baduzu ere, ez zara ditxosozko errege-erreginaren ahaide!», bota zion Mark Pritchardek. Hala ere, irainik mingarriena bere izena ezkutuan mantendu zuen beste tory baten eskutik jaso zuen. «John Bercowen arazoa da aldi berean deskubritu zituela sexua eta Alderdi Laborista». Ildo horretan, kontuan izan behar da komunikabide kontserbadoreek –Erresuma Batuan arrakasta handia duten tabloide horiek– Bercown emazte Sally Illmanen aurkako kanpaina egin dutela speaker-a jomugan hartuta. Izan ere, Bercow bera laboristengatik gero eta gertuago dagoela esan badaiteke ere, ukaezina da gaztaroan senarra moduan eskuinekoa zen emazteak azken bururaino eraman duela bilakaera hori: 2010ean udal hauteskundeetara aurkeztu zen Alderdi Laboristaren zerrendetan. Bere autoan, “Brexit shit” (Brexita pikutara) leloa irakur daiteke.

Illmanen bizitza pribatua ere erabili dute Bercowen aurkako kanpaina egiteko. Izan ere, Bercowen emaztea aldizkari batean soilik izara batekin estalita agertu izana baliatu dute speaker-aren aurkariek, edota “Big Brother” programan parte hartu izana ... Senarraren lehengusu batekin oheratu zela onartu zuenean ere hautsak harrotu zituen emazteak. Hala ere, Bercow berak argi du: «Nire emaztea ez dago nire menpe, soilik emaztea dut».

Azken mendekua

Horrela bada, speaker-a kargutik botatzeko ahalegin guztiek porrot egin duten honetan, kontserbadoreen mendekua kargua uzten duenerako Bercowi lord izendapena ukatzea litzateke. Horretarako, 200 urteko ohitura hautsi beharko lukete, guztia Bercowi Lord-en Ganberako ateak ixteko helburuarekin. «Mendeetako prozedurak errespetatu ez dituztenek ez dute gure babesik izango», ohartarazi dute dagoeneko gobernu-iturriek. Gobernua bera izugarrizko kontraesanean erortzen dela konturatu gabe egin al dute?

Ahal izanez gero, tory-ak ez lirateke mendeku horrekin konformatuko, baina, eskerrak, batez ere egungo speaker-arentzat, garaiak aldatu diren. Kargua XIV. mendean sortu zen eta XVII. mendera arte erregearen menpe zegoen. Hala ere, speaker-ak sarri berri txarrak eman behar izaten zizkion erregeari eta kargua arriskutsua zen oso: 1294tik 1535era bitartean Ganberako zazpi presidente urkatu zituzten.

Speaker kargua oso garrantzitsua izan zen XVII. mendeko gerra zibilean. Orduko errege Charles I.ak 1642. urtean Parlamentura jo zuenean traizioagatik bost diputatu bere esku uzteko exijituz, honako hau erantzun zion William Lenthal speaker-ak: «Errege jauna, ez dut ez ikusteko begirik, ezta hitz egiteko mingainik ere, baina etxe honek horrela agintzen didalako eta etxe honen aginduetara egonik, apaltasun osoarekin barkamena eskatzen dizut agintzen didazunari erantzunik ezin emateagatik».

Zalantzan dago Bercow egungo speaker-ak Lenthal bere aitzindariaren hitzak bere egingo ote zituen edo ez. Hori bai, «order, order!» esango zion. Hori ziur.