Ander Gortazar Balerdi - @derzu_uzala
Arkitektoa

Hil da hiria

Oriol Nel·lo geografoak dio, «Los confines de la ciudad sin confines» saiakera interesgarrian, gaur egun ezin dela zientifikoki ebatzi non dagoen hiri baten muga.

Historikoki, bost irizpide erabili izan dira muga horiek ondorioztatzeko. Lehena estatutu juridikoari dagokiona da; “udalerria” kontzeptutik abiatuta, honek X biztanle baino gehiago dituenean kontsideratzen da hiria. Begi bistakoa da kontraesana, espazio eraikia unitate administratibo askotan hedatzen delako maiz. Bigarrena, ondorioz, espazio eraikiaren jarraikortasuna da. Irizpide morfologiko hori erraza eta argia da, baina badu desabantaila bat: hiri-dinamikak gero eta konplexuagoak dira, eta elkarren ondoan ez dauden espazio urrunak lotu ditzakete funtzionalki. Espazio eraikiaren jarraikortasunaren irizpidea, gainera, ez dator bat naturgune eta bestelako espazio irekien garrantziarekin.

Hirugarrenak, “eremu funtzionalaren” kontzeptuak, jarraikortasun eraikirik gabeko hiri-jarraikortasuna ulertzeko balio du. Pertsona, salgai eta informazio-mugimendua da neurtzen duena, lurraldean zer harreman espazial sortzen dituzten ikusteko. Arazoa da funtzio bakoitzak espazio, denbora eta sare ezberdinak sortzen dituela eta aldagai bakar baten araberako eremu funtzionalak (lan-mugikortasuna hartu ohi da erreferentzia moduan) partzialak direla halabeharrez.

Laugarren irizpideak egitura ekonomiko produktiboa hartzen du kontuan. Historikoki, landa-eremua ezaugarri sozioekonomiko zehatz batzuekin lotu izan da: lehen sektorea eta bataz besteko errenta baxuagoa, besteak beste. Ingurura begiratzea aski da orain dela gutxi arte nekazaritzakoa esaten genion eremua oso “urbanoa” dela ikusteko: hirugarren sektoreak nagusitasuna du, errenta baxuenak hiriguneetako auzo zehatz batzuetan daude orain eta bizi-estiloak bizkor ari dira homogeneizatzen lurralde osoan zehar. Azkenik, bosgarren irizpideak kontsumoaren, ekipamenduen eta zerbitzuen dibertsifikazioa hartzen ditu kontuan, eta horren arabera ebazten ditu hiriguneak eta haien influentzia-eremuak. Hirigune dibertso horiek, baina, ez dute botere hierarkiko sendorik, lurralde zehatz bat hirigune askoren menpe egon daitekeelako. Euskal Hiria edo Herria –ezabatu ez dagokiona– adibide garbia da.

Konstatazio bat da hiriguneak desegin eta gainjarri egiten direla, eta geometria aldakorreko lurralde funtzionalok direla, gero eta gehiago, XXI. mende hasierako forma urbanoa marrazten dutenak. Horregatik ezberdintzen dituzte Webber edo Choay bezalako adituek “hiria” eta “urbanoa dena”, lehena hilda dagoela eta bigarrena pentsatu beharra dagoela aldarrikatuz, substantibo bat adjektibo batez ordezkatzeak dakarren ziurgabetasun guztiarekin. •