Ainara Lertxundi
BIZITZA BAT GERRILLAN

Yolanda Colom guatemalarrak gerrillari izandako urteak bildu ditu liburu batean

Yolanda Colom guatemalarrak klandestinitatean hogei urte eman zituen gerrillari gisa, lehenengo Ejercito Guerrillero de los Pobres (EGP) talde armatuan, 11 urtez, eta, ondoren Octubre Revolucionario talde ez armatuan, beste bederatzi urtez. 1973. urtean hasi zuen atzera bueltarik izango ez zuen bidaia luze eta arriskutsua.

Ahots suabea, lasaia eta gertukoa du Yolanda Colom guatemalarrak. Bizkarrean daraman motxilan bizipen gogorrak pilatzen dituen arren, ez da inolaz ere damutzen hartutako erabakiaz. Bidean familia eta seme txikia utzi behar izan zituen, baita bere nortasuna ere. Yolanda desagertu egin zen. Haydek, Luciak, Manuelak, Violetak, Isabelek eta Carmenek hartu zuten Yolandaren lekua. Soilik 1996. urtean berreskuratu zuen bere jaiotzeko deitura, bere gizona ustekabean hiltzean. Ordurako, hogei urte baino gehiago zeramatzan klandestinitatean eta anonimatuan bizi izaten.

1973ean sartu zen gerrillan, lehenengo Ejercito Guerrillero de los Pobres talde armatuan. 11 urtez militatu zuen bertan. Ondoren, beste bederatzi urte eman zituen Octubre Revolucionario taldean.

Hasierako bost urte horietan, 1973tik 1978ra, Guatemalako oihanetan eta mendietan bizitakoa, ikasitakoa, ikusitakoa “Mujeres en la alborada” liburuan bildu ditu. Iazko maiatzean aurkeztu zuen Bartzelonako Literal liburu azokan, eta, ondoren, Donostian. «Bost urte horiek aukeratu nituen, lagin gisa, niretzat benetan garrantzitsuak eta erabakigarriak izan zirelako; bizitza eskola bat izan ziren. Bost urte horiek nire unibertsitatea izan ziren», adierazi zuen Colomek bi aurkezpenetan. Liburuaren hitzaurrean ere nabarmentzen du.

«Hezitzailea naiz bokazioz; hiritarra gizalegeagatik; iraultzailea ekintzaz eta uste sendoengatik. Estatuaren jazarpenetik bizirik ateratzea lortu nuen. Guatemalan proiektu iraultzaileak jasandako porrotari aurre egin behar izan nion. Beti harritu naute bizitza labur honetan gertatzen diren gauza zoragarriek, baita beldurgarriek ere. Politikak harrapatu ninduen, nik bilatu gabe. Guatemala duin eta bidezko bat amesten nuen. Gizarte humanoago, zoriontsuago eta aurreratuago bat nahi nuen, eta horregatik uko egin nion nire ongizate propioari. Amets berak konpartitzen genituen pertsona multzo bat elkartu ginen», gogoratu zuen.

«Nire belaunaldiko iraultzaileok estatu terrorismoa pairatu genuen. Heriotza, tortura, desagerpenak ohikoak ziren. Egunero esnatzen ginen horrelako albisteekin. Erbestea ere ezagutu genuen. Justizia, egia eta duintasuna aldarrikatzea heriotzaren sinonimo zen. Armak gure bizitza defendatzeko hartu genituen, behartuta. Ez ginen biolentoak izatez. Milaka herritar xumeren heriotzaren, ustelkeriaren, bazterkeriaren, boteretsuen intolerantziaren kontra altxatu ginen», gaineratu zuen.

«Ez geunden erotuta. Gerrillen gerrari ekin genion ez genuelako beste alternatibarik. Gure idealak defendatzeko eta horiek ezagutzera emateko hartu genituen armak. Klandestinitatea izan zen Estatuak utzi zigun bide bakarra. Bake bokazioa genuen eta borroka armatuak gure barrenak astindu zituen, baina ez zegoen beste aukerarik. Gizarte hobeago baten ametsa errealitate bilakatu nahi genuen, hori zen gure bide orria, porrotak eta garaipenak baino haratago», adierazi zuen.

Salvador Allenderen Txilera bidali zuten, hango esperientzia politikoa ikasteko, «nola irabazi boterea botoen bidez. Fabrika batean lan egin nuen. 1972an Guatemalara itzuli nintzen, agian borroka armatua beharrezkoa izango ez zen esperantzarekin, Allenderen garaipena ikusita. Baina, 1973ko irailaren 11n estatu kolpea izan zen eta nirekin lan egin zuten gehienak desagerrarazi egin zituzten», gogoratu zuen.

Payeras bikotekidea gogoan

Colomeren hitzetan, boterea dutenek «legeak eta giza eskubideak etengabe urratzen dituztenean, armen bidez errebelatzea ez da krimena, ezta akats bat ere. Are gutxiago, zerbait immorala, bidegabea edo alferrikakoa. Guretzat eskubide bat eta betebehar bat zen. Gure delitu bakarra gehien maite genituen pertsonak uztea izan zen; haien bizitzak eta gureak jokoan jartzea; gure ongizateari eta lasaitasunari uko egitea; eta ezarritako sistemari aurre egin nahi izatea duintasunez eta uste sendoekin. Mario Payeras filosofo eta poetak esaten zuen bezala, ‘ezjakintasunaren, miseriaren eta izuaren ozeano handiari irabazi’ nahi genion».

Payeras Colomen bikotekidea izan zen. Ejercito Guerrillero de los Pobres gerrillaren sortzaileetariko bat izan zen 1968an. Zuzendaritzako kidea izan zen eta 1972an Ixcaneko oihanetan zabaldu ziren lehen fronteetako kidea izan zen. 1981ean eta 1982an egon zen erasoaldi militarraren ondorioz eta Efrain Rios Montten estatu kolpe odoltsua eta gero, estrategia aldaketa bat proposatu zuen, baina gerrillaren zuzendaritzak uko egin zion estrategia aldaketa eztabaidatzeari. Desberdintasun politikoak eta ideologikoak tarteko, gerrilla utzi eta Octubre Revolucionario talde ez armatua sortu zuen 1984an. Mexikon klandestinitatean bizitzen zela, hil egin zen 1995eko urtarrilaren 16an. Bake akordioak sinatu baino hilabete batzuk lehenago.

Gerrillaria izateaz gain, idazlea ere izan zen Payeras. Idatzi zituen liburuen artean “Los días de la selva” –Casa de las Americas saria eman zioten liburu horregatik 1981. urtean–, “El trueno en la ciudad”, “El mundo como flor y como invento” eta “Los fusiles de octubre” daude.

Colomek, bere bizipenak idazteaz gain, bikotearenak ere bildu ditu. «Guatemalan ezagun bihurtzeko, zoritzarrez, hil egin behar izan zuen. Bizirik zegoenean bere kontrako jazarpena izugarria zen, beraz, inor ez zen ausartzen berari buruz ozen hitz egitera. Inork ez zituen bere liburuak argiratu, nahiz eta gai zientifikoak edo literarioak jorratu. Hil ondoren eta bere inguruan nazioartean zabaltzen ziren artikuluak tarteko, Marioren izena pisua hartzen joan zen Guatemalan ere. Behartuta sentitzen naiz bere pentsamendua jasotzera, batez ere, belaunaldi gazteentzat izan dezakeen garrantziagatik. Prozesu iraultzaileetan haustura eta disidentzia ugari egon diren arren, Mariorena oihartzun gehien izan zuena izan zen, prozesuari berari buruz kritika eta autokritika handia eragin zuelako. Beste haustura batzuek izaera militarra izan zuten, edo lehia pertsonal baten ondorio izan ziren. Baina, Marioren kasuan, erabat haustura politikoa izan zen, liburu eta artikuluetan argudiatu zuen erabaki politikoa. Hautu erabat pertsonala izan arren, jende askok bide bera hartu genuen. Traidore, arduragabe, etsikor, arnegatzaile deitu gintuzten», azaldu zuen.

Familiak ulertu ez zuen erabakia

Colomek dena utzi zuen iraultzaren izenean. «Ordaindutako ordainsaria garestia izan zen, eta oraindik ere bada. Baina ez nituzke urte horiek aldatuko. Kontraesankorra dirudien arren, borroka armatuak humanizatu egin ninduen, borrokari esker bereganatu nituen nire ezagutza eta baloreak, eta borrokari esker Mario ezagutu nuen», esan zuen.

Colomen familiak ez zuen bat egin berak hartutako erabakiarekin. Soilik aitak ulertu eta sostengatu zuen, «nahiz eta beldur izugarria zuen. Ni bere alaba kutuna nintzen, zaharrena, bere faboritoa. Amak eta anaiek ez zidaten sekula ere barkatu ni oihanera joan eta hilabeteetara aita hil izana. Penak hil zuela aita leporatu zidaten. Joan aurretik, aitak bere sustengua eman zidan, egin beharrekoa arduraz egiteko soilik eskatu zidan».

Senarra eta urtebeteko semetxoa ere utzi behar izan zituen, egoera gero eta arriskutsuagoa baitzen. «Harrapatzen ez bazintuzten, seme-alabak, gurasoak, neska-laguna, mutil-laguna... atxilotzen zituzten guk gure burua entregatzeko. Kide batzuk entregatu egin ziren semea edo bikotekidea aska zezaten, baina sekula ez ziren agertzen ez kidea ezta aurretik atxilotutako senideak ere. Torturatu eta desagerrarazi egiten zituzten. Militarren krudelkeria izugarria izan zen. Baina, nola esan gerrillari kide bati bere burua ez entregatzeko semea, alaba edo gurasoak destakamentu batean zeudenean? Samin handiarekin eta bihotza erdibituta, orduan urtebete eta zortzi hilabete zituen semea nigandik ahalik eta gehien urruntzea erabaki nuen, haren bizitza eta segurtasuna arriskuan ez jartzeko. Banaketa bi urtez soilik luzatuko zela pentsatu nuen, baina azkenean 23 urte iraun zituen eta klandestinitatea utzi nuenean gizon batekin topo egin nuen, ordezko beste ama batzuk maite zituen gizon batekin. 17 urte izan zituen arte, ideia aurrerakoiak, demokratikoak izan zituen semeak, baina, ostean, aldiz, nire kontrako erremina buruan sartu zioten».

“Mujeres en la alborada” liburua idaztea terapia bat izan zen Colomentzat. Urte luzez gordetako minari, beldurrari, saminari, amorruari, doluari... hitzak jartzeko modua.

 

Gerra krimenengatik zigortutako militarrei amnistia emateko ekimena

Gatazka armatuan giza eskubideak urratu zituzten militarrei amnistia emateko proposamena eztabaidatzen ari da Guatemalako Legebiltzarra. Kontserbadoreek aurkeztu dute, zehazki Fernando Linares, Partido de Avanzada Nacional alderdiko diputatuak. Luis Francisco Ortega jeneralaren abokatua da.

Giza Eskubideen Batzordeak 5377 ekimena baztertu egin zuen, baina Legebiltzarrean Konstituzioa aztertzeaz arduratzen den batzordeak mahai gainean jarri du berriro ere Linaresek 2017ko azaroan lehen aldiz aurkeztu zuen testua. Urtarrilaren 17an lehenengo irakurketan onartu egin zuen proposamena Legebiltzarrak. Aurrera aterako balitz, arriskuan jarriko lituzke epaitegietara iritsi diren hamasei auzi. Epaitutako delituen artean genozidioa, desagerpenak, sexu biolentzia daude.

«Gerrillak 63.000 delitu egin zituen eta pertsona bakarra dago atxilotuta. Aldiz, 72 ofizial eta soldadu espetxean daude», argudiatu zuen Linaresek.

Baina biktimak, gehienak zibilak, ez dute gertatutakoa ahaztu nahi, izan ere, indar armatuen krudelkeria agerian gelditu da hainbat auzitan. Humberto Ak’abal poeta maiak esan ohi zuenez, alderantzizko bidea ekin nahi dute, isilarazitako memoriari, testigantzei eta bizipenei ahotsa eman nahi diete biktimek. Ak’abal pasa den astean hil zen osasun arazoak tarteko.

Guatemalako Alargunen Koordinakundeak, Giza Eskubideetarako Ekintza Legala Zentroak eta Laborarien Batasun Komiteak Linaresen ekimenaren helburua «iraganeko eta oraineko ekintzak zigorrik gabe gelditzea» dela nabarmendu dute. Rigoberta Menchu Bakearen Nobel saria jaso zuen guatemalarrak zuzentzen duen fundazioak, berriz, «proposamena Guatemalako herriarentzat eta gatazka armatuaren biktimentzat zaplazteko bat» dela salatu du. «Justiziarengan konfiantza izan dute gizateriaren kontrako krimen krudelenen erantzuleak zeintzuk izan ziren jakiteko eta zigortzeko. Bake iraunkorra lortzeko bide bakarra justizia, egia eta zigorgabetasunaren kontrako borroka da», plazaratu du.

Rosalina Tuyuc Alargunen Koordinakundeko zuzendari eta ekintzaile indigenak Guatemalak konpromiso bat hartu zuela eta «munduarentzat eredu izaten jarraitu behar» duela adierazi du. Tuyucen hitzetan, Guatemala eredu bihurtu zen nazioartean herrialdeko epaitegiek 1960 eta 1996 bitartean gertaturiko genozidioa eta giza eskubideen urraketak epaitzean.

Txileko presidente ohia eta Giza Eskubideetarako Nazio Batuetako Goi Mandataria den Michelle Bacheletek testua onartzekotan «atzerapauso izugarria» izango litzatekeela adierazi du, bai «biktimen eskubideei dagokionez baita Zuzenbide Estatuari dagokionez ere».

Linaresen hitzetan, aldiz, Guatemalak «giza eskubideen funtsezko bermeak urratu egin ditu» gerra krimenak epaitzean. «Jazarpen partzial» bat egon dela salatu du. Zigor Kodea horretarako propio aldatu dutela eta «atzeraeraginezko izaerarekin ezarri» dela gaitzetsi du. Indar armatuetako kideak epaitegi militarretan epaitu beharrean, justizia arruntean epaitu izana ere salatu du. Zigortuentzat amnistia eskatu du, horrela «polarizazioarekin amaituko» delakoan.

Egiaren Batzordearen arabera, 1960 eta 1996 artean 250.000 biktimatik gora egon ziren –hildakoak eta desagertuak– eta milioi bat lagunek bizilekua utzi behar izan zuten. Krimenen %93 Armadari eta talde paramilitarrei egotzi zizkien Egiaren Batzordeak, %3 gerrillari eta jatorri ezezaguna dute gainontzekoek.