Mikel Zubimendi Berastegi
POETAREN AZKEN MEZA

Aita santuak barkatu eta birgaitu egin du Ernesto Cardenal apaiz sandinista

Bere sandalia eta txapelarekin, iraultza sandinistaren protagonista eta Askapen Teologiaren ahots nabarmen, Ernesto Cardenal figura ikonikoa izan da munduan. Bere engaiamenduagatik 35 urtez Vatikanoaren zigorra jasan ondoren, azkenean, Frantzisko aita santuak barkamena eman dio eta meza eman ahal izan du poeta predikariak.

Nikaraguako Granadan 1925. urtean jaiotako Ernesto Cardenal pertsona entzutetsua izan da. Poeta handia, konplexurik gabeko marxista, apaiz engaiatua, iraultza sandinistaren protagonista. Bere bizar zuri eta txapel beltzarekin, Askapenaren Teologiaren ahots nabarmena izan da. Asteon, 94 urte dituela eta besikulako gaitz bategatik ospitaleratuta dela, komunikabideen lehen lerrora bueltatu da. Zergatik eta ohean etzanda, oxigenorako zunda sudurrean eta estola berdea lepoan duela, 35 urtez iraun duen elizaren zigorra etenda, berriz ere meza eman duelako.

Frantzisko aita santuak Juan Pablo II.ak, artean Cardenal kultura ministro sandinista zela, bizi osorako ezarri zion debekua bertan behera utzi du. 1984an Ernesto Cardenal, bere anaia Fernando –jesuita eta irakaskuntza ministro ohia–, eta Miguel D’Escoto apaiza, hirurak Nazio Askapenerako Fronte Sandinistako (FSLN) militanteak, zigortu egin zituen Karol Wojtila poloniarrak. Askapenaren Teologiaren aurkako gurutzadaren urteak ziren, eta Latinoamerikako Eliza katolikoaren sektore atzerakoienak eta bereziki Juan Pablo II.a nabarmendu ziren borroka puri-purian zen. Eta Cardenal izan zuten jo puntuan, obsesio erabateko.

Azken 35 urteotan apaiz lanak sekula egin gabea zen Cardenal, sakramentu-liturgiak ospatu edo bestelako sakramenturik eman gabea. Baina, Cardenal beraren hitzetan «Elizara iraultza ekarri duen» Frantzisko aita santuaren barkamena jaso ondoren, agian bere bizitzaren azkena gertu sumatzen duelako, berehala eman zuen meza ospitaleko ohetik apaiz sandinistak. Cardenalek berriz apaiztuta emandako lehen meza, bere azken meza ere izan daiteke, sare sozialetan zabaldu diren bideo eta argazkietan iradokitzen denez. Irudiok indar handia dutela ezin ukatu, Cardenal birgaituta Frantziskok sinbolismo eta esanahi handiko erabakia hartu duela ukaezina den bezala.

Bizitzari otoitz egin dion poeta

Thomas Merton estatubatuar poeta erraldoi, pentsalari eta zistertar-trapata monjea izan zuen mentore Cardenalek. Oso harreman estua izan zuten biek, lagun minak, poeta handiak ziren biak, eta, dudarik gabe, batak bestearen bizitza asko aztertu zuen, ideia eta teologia komunak landuz elkarrekin. Mertonek Kentuckyn zuzendu zuen kontenplaziorako komunitatea sarri bisitatu zuen Cardenalek, eta, hein batean, bertan bilakatu zen bizitzari otoitz egiten zion poeta.

Gerora, Mertonek Nikaragua lakuko Solentiname irla txikian komunitate bat sortu nahi izan zuen, baina ez zuen Elizaren baimenik jaso. Cardenalek hartu zion orduan lekukoa eta kontenplaziorako komunitate bat sortu zuen 1966an. Artistentzat eta bikote ezkonduentzat espazio irekia zen, kooperatiboa; poetek idatzi egiten zuten, pintura primitiboa lantzen zuten pintoreek, nekazariek mugimendu poetiko propioa sortu zuten, eta, irla txiki hartan nekazaritzatik bizitzerik ez zegoenez, artea eta herri eskulangintza landuz eta artelanak salduz atera ziren aurrera.

Bertan erradikalizatu zen politikoki Cardenal. «Gosetuari jaten eman, biluzik dena jantzi, ez dakienari irakatsi, etxegabeari sabai bat eman» aldarrikatzen zuen, ebanjelioaren irakurketan oinarritutako hausnarketa hauspo. Somozaren diktaduraren garai odoltsu eta gordinak ziren Nikaraguan.

Bere sandalia eta txapelarekin, zientziaren maitale sutsua den predikaria Iraultza Sandinistari gogobihotz lotu zitzaion. Hala sasian nola gobernuan, bere engaiamendua erabatekoa izan zen. Eta beti-beti eutsi die, hierarkia katolikoaren eta kamarada izan zituen arduradun sandinista askoren aurka, bere sinesmenei: iraultza, marxismoa eta kristautasuna.

Bere hitz xumeekin, Cardenalek honela esaten du: «Poesia nire bizitza izan da. Poeta, apaiza eta iraultzailea naiz, baina nire lehen bokazioa poesiarena izan zen. Nire lanak inpakturen bat izan badu, literaturatik kanpoko arrazoiengatik da. Idazle bezala ez naiz handia, baina nire poesia inspiratzen duen kausa handia da oso: pobreen eta liberazioaren kausa».

Handietan handi izanagatik ere, gazteleraz idatzi duten poeten artean sari gutxien irabazi dituena izango da, seguruenik, Ernesto Cardenal. Alta, bere poema bilduma ikaragarria da, besteak beste, “El autor de Hora 0” (1957), “Gethsemani Ky” (1960), “Epigramas” (1961), “Salmos” (1964), “Mayapan” (1968), “Homenaje a los indios” (1969), “Canto Nacional” (1973), “Oraculo sobre Managua” (1973), “Canto a un país que nace” (1978), “Tocar el cielo” (1981), “Vuelos de victoria” (1984) eta “Canto cósmico” (1989) liburuak aurki daitezke. 2012an jaso zuen sari bakarrenetariko batean honako alderaketa egin zuen, bere pentsamendua ondo laburbiltzen duena: «Chestertonek zioen kristautasunak ez duela porrot egin ez delako praktikan jarri. Nik berdina diot marxismoaz, ez da praktikan jarri. Kristautasunak eta marxismoak horretan antza daukate: ez dira porrot egin duten proiektuak, oraindik gauzatu gabe baitaude. Nik kristaua eta marxista izaten jarraitzen dut».

Ortega, sandinismoari traizioa

Anastasio Somozaren diktaduraren aurkako borrokalari nekaezina, Cardenal goiz eta buru-belarri sartu zen FSLNn. 1979ko uztailaren 19an, Nikaraguako Iraultzaren garaipenaren egunean bertan, gobernu berrian Kultura ministro izendatu zuten. 1987ra gorde zuen kargua.

Aspaldi hautsi zuen FSLNrekin lotura, 1994an hain zuzen. Azken urteetan, gainera, oso kritiko azaldu da sandinismoak hartu duen norabidearekin. Eta hitz oso gogorrak, direnak eta ez direnak, bota ditu Nikaragua zuzentzen duten Daniel Ortega eta Rosario Murillo senar-emazteen aurka. Bere ustez, Nikaraguan agintzen duen bikoteak ezin dezake munduko ezkerraren zilegitasuna jaso, beren ekintza gupidagabeek ezkerreko idealak traizionatzen dituztelako. Are, traizioaz hitz egiteaz gain, Cardenalek iraultza sandinistaren heroi eta martirien memoriak ez duela «diktadoreon ekintzekin zikindua izatea merezi» esan du. Eta justizia eskatu du, Ortega eta Murilloren biktimek merezi duten justizia.

Egungo desadostasunak gorabehera, dudarik ez dago Ernesto Cardenal mundu osoko iraultzaileentzat inspirazio izan zela iragan mendeko 80ko hamarkadan. Figura ikonikoa zen, militantea, apaiz iraultzailea, kultua, sentsibilitate handikoa. Eta irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela egia bada, orduan, Cardenalek badu mundu osoan sonatua egin zuena.

«A divinis» zigortua

1983. urtean gertatu zen, Karol Wojtila poloniarrak, Juan Pablo II.a izenarekin aita santu egin zutena, Nikaragua ofizialki bisitatu zuenean. Mundu osoko telebistak ari ziren bere hegazkina Managua sandinistan lurreratu zeneko irudia ematen. Eta hegazkinetik jaistean, hantxe zuen zain, belauniko, poeta eta apaiz iraultzailea.

Aita santuak bere hatz-erakuslearekin seinalatuz kargu hartu eta oso modu itsusian errieta egin zion aireportuko pistan bertan. Belauniko zen Cardenal mundu osoaren begien aurrean horrelako keinu autoritario eta inkisitorialarekin tratatzea, gehiegikeria handia izan zen. Inpaktu handikoa, mezu politiko argikoa eta Cardenalen soka berean ziharduten apaiz engaiatuentzat mehatxu zuzena.

Orrialdeotan papereratzen dugun argazki historiko hura mundu osora zabaldu zen berehala. Handik hilabete oso gutxira Cardenal berak jasoko zuen zigorraren aurrerapena zen.

A divinis zigortu zuten, teorian, jainkotiarra den ekintza orotik urruntzera behartuz. Baina, zigortu, zergatik? Zeintzuk izan ziren Ernesto Cardenalen “bekatu” barkaezinak? Funtsean, bi: Juan Pablo II.ak ordezkatzen zuen fede katolikoaren ortodoxiaren begietara apostatak ziren doktrinak zabaltzea eta politikoki zapalduekin engaiatuta gobernu sandinista iraultzailearen partaide izatea.

Munduko beste toki askotan bezala, Euskal Herrian ere iraultza sandinistak esperantza asko elikatu zituen. Milaka euskal herritar joan ziren Nikaraguara elkartasuna adierazi eta laguntzera. Eta, are, bertaratu ez ziren milaka eta milaka kristaurentzat eredua izan zen Cardenal, pobreen aldeko eliza eskuzabal baten eredu. 35 urte eta gero barkamena eman dio euskaldun askok estimatuan duten Frantziskok. Ez da goiz etorri. Ez dadila beranduegi izan.