Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Lurraldea klima gorrian

Otsailean gertatu diren Belgikako institutuetako ikasleen manifestaldietan ikasleek agertu duten lurraldearekiko kezkak eta ardurak hunkituta naukate. Ikasgelatik atera eta lurralde-politika egiten hasi dira, klima agenda politikoan ezartzeko eskatuz. Haserrealdi gazte europarraren hazia 16 urteko Greta Thunberg suediarraren hitzaldi ekologista izan omen da. Hark piztu du beroaldia. Etorkizuna duten belaunaldi berriek, klimak gizakiari jarri dion erronkari ekiteko exijitzen dute, hartutako erremedioak lausoegiak direla salatuz. Eskaera zehatzak egin dituzte mugikortasunaren eta ekosistemen babesaren inguruan. Esanguratsua da mugimendua ez dela katastrofe “natural” jakin baten alerta egoeran jaio. Eta birala egin den klimaren ardurak ez du moda baten formarik. Sekula ez du gizarteak gaur eguneko informazio andana eskuratzeko gaitasuna izan eta sekula ez da sentitu akzio-eremuan hain zaurgarri. Horregatik, gazteek gauzatutako klima matxinadak balio handia du, zer eta lurralde ikuspegi baten atzean.

Klimaren aldaketak lurraldearen ikuspegia zeharo baldintzatzen duelako, harrigarria gertatzen da gure arkitektura ikasleen artean “antropozeno” hitza ezezaguna izatea oraindik ere. Non eta euskal kostaldeko lurraldeko jendartean, jakina den moduan, klima aldaketen aurrean zaurgarritasun mailarik handiena itsasaldeko lurraldeek dutenean. Angel Lertxundik berriki idatzi duen bezala, unibertsitatea burokratizazioaren eta etekinaren eritasunean dago, ez du pentsamendu kritikoa eta norbanakoaren juizio independentearen gaitasuna saritzen. Errealitate eta bizitzatik aldendutako jakintza jasotzen dutela dirudi. Dena dela, etorkizuneko euskal arkitektoekiko errukia agertuz, hiri-politika gisa selfie postalak egitea proposatzen duen lurraldean bizitzean konprenigarria da errealitatearen aurrean galduta agertzea eta hirigintzan garrantzia duena identifikatzeko zailtasunak izatea.

Baina gordinki esan dezagun: planeta laborategi handi bat bilakatu zaigu klimaren aferaren aurrean. Egoera definitzen duten parametroak berriak direlako, orain arte erabilitako formulek ez dute balio. Lurralde antolakuntzaren erronka, lurraldearen metabolismoa berreskuratzeko esku hartzeak proposatzean eta ekosistemetan kate-ondorioak eragitean datza besteak beste.

Arrisku mailak neurtu eta aztertu beharko dira, egoera bakoitzari eragin-esparru bat atxikiz: orain arteko eragin-ordenak ekidin, eragin, kopiatu, katalizatu, mugatu edota berregitea aukeratu beharko da, kasuan kasu. Babespen estrategia baino are garrantzitsuagoa izango da, adibidez, sistema natural eta artifizialetan katalizatzaile estrategiak ezartzea –egoerak sustatzea–. Horrek esan nahi du ekosistemak eta paisaiak kudeatu behar direla, konplexutasun handiko sistema dinamikoekin arituz. Hirigintzak horrelako sistemen katalizatzaile-lana egin nahi baldin badu, lehenik “hirigintza” hitza bera aldatzetik hasi beharko gara –unibertsitatetik, zergatik ez–, hau da, diziplina errotik birformulatu antzu gelditu ez dadin –jadanik gelditu ez baldin bada bederen–. •