Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Barkatu!

Eskola bateko jolaslekuan, hiruzpalau urteko haur talde bat jolasean ari da. Halako batean, patioaren barrenean, mutil kuadrilla bat bere kasa ari den beste mutil bat jotzen hasi da. Beha dagoen hezitzailea ohartu da, eta abiatu da istilua hasi den lekurantz, egoera argitu eta bakea jartzeko asmoz.

Haiengana iritsi baino metro batzuk lehenago, dagoeneko begira duen talde erasotzaileko buru egiten duela dirudien mutikoak, artean metro batzuetako distantziatik, ozen esan dio: «Jada esan ditugu barkatu eta horiek denak!».

Hezitzaileak pausoa azkartu du. Alde batetik, negarrez ari den mutikoari begira dago; eta, beste alde batetik, jolasera itzultzeko prest dirudien taldetxoari: lasai dirudite, kaltea eta mina lausotzeko hitz magikoekin asmatu duela dakienaren patxada antzeman die.

Hezitzaileari zer pentsa eman dio egoerak. Bere ikasle txikiek, haien hiruzpalau urteko esperientzia laburrean, ondorioztatu dute helduontzat “barkatu” dela gatazkak konpontzeko azken hitza: formula, alegia. Eta, halako batean, bere barruan oihartzun egin dio bere ahotsak… Izan ere, gatazka bat bideratzeko ahaleginean zenbat aldiz ez ote die eskatu haur erasotzaileei, edota ondoeza sortu dutenei, erasotakoei barkamena eskatzeko! Bere burua deskubritua sentitu du. Zenbat aldiz ez ote die esan «eska iezaiozu barkamena, galdetu ea barkatuko dizun». Zenbat aldiz ez ote ditu ikusi haurrak negar zotinka baietz esaten, barkatuko dutela, mina, amorrua edota zapaldua izanaren sentipena oraindik puri-purian dutela, gure jendartean asmatu dugun errituala ezinbestez jarraitu beharreko bide gisa sumatuta, akaso. Berak ere, zenbatetan ez ote ditu era horretara eman amaitutzat gatazkak? Agidanez, ederki hartu diote buelta haurrek “barkatu” hitzari, primeran ikasi dute protokoloa.

Orain, negarrez ari den haurra du begi aurrean. Bistan da «barkatu» hitzak ez diola arindu nahigabea. Errepikapenaren poderioz, zenbat hitzen esanahia ez ote dugun gastatu, esanahiez hustu? Hitz hutsak! Eta zein merkea bihurtu den “barkatu” hitza!

Badakigu, zientziak eta ikerketek hala erakutsi dutelako, haurrek, batez ere, imitazioz ikasten dutela. Era berean, badakigu gu garela haurren eredu nagusia, guri begira daudela etengabe, ikasteko behar gaituztelako. Helduen bila ari dira bizitzan moldatzeko, eta zer da, benetan, erakutsi dieguna, eman diegun eredua?

Gogoetan erabat murgilduta iritsi da haurren parera. Egiazki, zenbat balio ote du barkamenak ez badu lortu minaz ohartaraztea, eragindako sufrimenduarekin enpatizatzea, bestearen lekuan jartzeko saiakera sustatzea? Ez badu ekintzek izandako ondorioen gainean hausnarketa eragin? Ez bada, azken finean, konpromiso bat hartu. Non dago, azken batean, barkamenaren irakaspena?

Gaur beste molde bat saiatuko du. Gatazka izan duten bi aldeei entzungo die, bakoitzaren bizipena azalarazten utziko du. Alde bakoitzari bestearen bizipena entzuteko gonbidapena egingo dio, nola sentitu diren ezagutzeko. Gero, konponbide bat bilatzeko eskatuko die, beren konponbidea, denak aseko dituena. Eta berriro errepika ez dadin konpromiso txiki bat hartzeko eskatuko die, azkenik. Ziur haurrek beste behin txundituta utziko dutela, uzten zaienean gure irudimena iritsiko litzatekeena baino askoz urrunago iristeko gaitasuna dutelako. Barkamena, igual, agertuko da, edo haren lekuan, askoz ere esanahi aberatsagoa duen besarkada. Haurrek lilura dezaten utziko dio bere buruari… •