Xabier Izaga Gonzalez
Entrevue
Mertxe Tranche Iparragirre
historialaria

«Emakume ereduok ez dira Marie Curie, Amelia Eharhart eta gisako zientzialari edo hegazkinlari handiak, baizik eta zure herriko jendea»

Irungo historia ikertzen du, emakumezko literatura tailerrak ematen ditu eta, noizbehinka, bildutako datuak baliatzen ditu, esate baterako, bere herriko emakumeen gaineko dokumental batean.

Bere hiriko historia ikergai du Mertxe Tranchek azken urteetan. Ikergai eta pasio. Duela hamar urte Irungo Bilgune Feministako zenbait kidek laguntza eskatu zioten, herriko kaleetan emakume izenik agertzeko motiborik ez ote zegoen aztertzeko. Eta kaleetan agertzeko eta omenduak izateko meritua zuten hainbat emakume izen aurkitu zituzten. Hamar urteren buruan, feminista haiek, Parean elkartean bilduta, harengana jo zuten berriro, kaleetan agertzen diren emakume izen horien jabeen berri emango zuen dokumental bat egiteko asmoz. Oraindik orain aurkeztu dute.

Duela hamar urte kaleen izendegiaren gaineko lana egiteko laguntza eskatu zizuten. Artxibo lana izan zen dena?

Egia esan, horrelako lanak bestela egin ohi dira. Beste gauza baten bila zabiltzanean aurkitzen duzuna baliatzen duzu. Azken hamabi urteetan hartzen joan naizen oharrak dira, beste lan batzuk egiten nituen bitartean hartutakoak. Egiari zor, ez dut inoiz kaleetarako edo dokumental baterako ikerketa bat egin, hori ezinezkoa baita. Ez nekike ezta non bilatu ere. Galdetzen badizute zenbat denboratan harrapatuko dituzun hamar bisigu, ez dakizu, ez? Hamar minutu izan litezke, edo bizitza osoa, edo beharbada ez dakizu bisigurik den ere! Egun batean, beste zerbait egiten ari zinenean jasotako datu horiek eskatzen dizkizute; esate baterako, kale baterako emakume izenak, eta bildutako datu horiek begiratzen dituzu.

Dokumentalean, industrializazioa baino lehen emakumeek lan egitea ohikoa zela nabarmendu duzue, historiografian horren berri nekez aurki daitekeen arren.

Bai. Izan ere, nolabait sinetsarazi digutenaren alderantzizkoa da kontua. Industrializazioak emakumeen lana zalantzan jartzea ekarri zuen. Bat-batean emakumeek fabrika batera joan behar baitute lan egitera, etxetik kanpora, alegia. Beren edo besteren etxetik kanpora. Horixe jarri zuten zalantzan XIX. mendearen lehen erdian, baina ordu arte emakumeek lan egiten zuten, asko gainera. Dokumentalak dioenez, ikerketen arabera, emakumeak gutxi gorabehera 12 urterekin hasten ziren lanean, irabazten zuten dirua gordetzen zuten eta normalean dote gisa baliatzen zuten nolabait, edo beren senarrarekin negozio bat hasteko oinarri gisa, senarraren lanbiderako erremintak erosteko, denda txiki bat zabaltzeko... Baina gero burgesiaren ideia hori etorri zen, emakumeek etxean egon behar duten ideia, hain zuzen. Gizonek erakutsi egin nahi baitzuten emakumeek lan egin ez zezaten nahikoa diru zutela, eta hori zen hori erakusteko modua. Baina, zalantzarik gabe, beti lan egin dute, oso gogor eta oso gaztetatik egin ere.

Emakumeen lan gogorraren berri emanda, beste alde batetik, emakume langile horiek emakume burgesek amestu ere egiten ez zuten autonomia, askatasuna zutela ere badiozue.

Bai, fabrika batera joaten ziren emakumeek neskame lan egiten zutenek baino askoz askatasun handiagoa zuten bezala. Izan ere, neskameak bakarrik zeuden, nagusiaren zaintzapean; horregatik, emakumeek fabrika nahiago zuten, dibertigarriagoa zelako, beste emakume asko zeudelako, ezarritako soldata bat zeukatelako, eta askatasun handiagoa. Eta, noski, beti izan dira libreagoak emakume proletarioak burgesak baino, ez zentzu ekonomikoan, diruak ere halako askatasuna ematen baitu, baina emakume burgesak beti egon dira zelatatuago, zaintza zorrotzagoaren menpe.

Badaude han-hemenka zenbait datu historiko historiografian erakusten ez direnak, alegia, ezkutatzen diren errealitateak daude. Zuen dokumentalean erakusten denez, kasu askotan badira kaleetan agertzen diren gertakari askoren protagonistek baino merezimendu handiagoak dituztenak. Emakumeak, kasu honetan.

Kontua da kaleei jartzen zaien izena, nahi dugun heroi motarena da, nolabait esateko, gizarte batek dituen balioen ordezkari. Eta gizarte honek gerra irabazi duen baten, diputatu baten, milioi asko pilatu dituen baten… balioak ditu. Eta balio horietan ez daude emakumeak. Beharbada gizarteak, emakumeak ikusi ahal izateko, bere balioak aldatu egin behar ditu pixka bat. Bizilagun bikainak izan eta komunitate bat zaindu duten emakumeak, edo langile bikainak izan direnak, beren familiaren euskarri izan direnak ikusteko, balio horiek pixka bat aldatu beharra dago. Baina egia da oso zaila dela horiek dokumentazioan aurkitzea, garaian garaiko dokumentazioak ere balio horiek islatzen baititu eta gizon heroikoak agertzera jotzen baitu, aparteko bizitza egiten ez zuten emakumeak bazter utzita.

Egiaz, baina, ekarpen handiagoa egin zutenak.

Hori da, baina beste balio mota batzuen arabera; beraz, zaila da gizonezko balioak, edo heroikoak, nolabait esateko, nagusi ziren lekuan emakumeak aurkitzea eta, ondorioz, zaila da udalbatza baten edo publikoaren aurrean haien merezimenduak erakustea, kale bat edo estatua bat izateko edo dokumental batean agertzeko merezimenduak.

Hil honen 16an dokumentalean agertzen diren emakumeekin lotutako paseo historiko bat gidatuko duzu.

Ibilbide bat egingo dugu Irunen barrena, emakume horiekin zerikusia duten lekuetan geldialdiak eginez, eta leku horietan, ulertu dudanez, pertsonaia horietako bat landu duten ikastetxeek omenaldi bana egingo diete emakume horiei. Oso polita, oso berezia izango da.

Zer-nolako garrantzia du gazteek, ikasleek horren berri jakin eta horrelako ekimenetan parte hartzeak?

Erabatekoa. Emakumezko ereduak badirela eta haien antzekoa izan zaitezkeela jakinda haztea bestelako haurtzaroa izatea da, guk izan dugunaren oso desberdina. Gainera, emakume-eredu horiek ez dira Marie Curie, Amelia Eharhart eta gisako zientzialari edo hegazkinlari handiak, baizik eta zure herriko jendea, eta horrek pentsaraz diezazuke: «eta ni, zergatik ez?». Horrek haurtzaroa aldatzen du, eta azken batean horixe da dokumentalaren helburu nagusia. Dokumental honetan lan egin dugun lagunentzat hunkigarria izango dela uste dut honek izan duen efektua ikustea. Hasierako funtsezko helburua ikasleak ziren, eta bete egin dugu. Badira dokumentala eskatzen ari diren beste ikastetxe batzuk, baita beste maila batzuetakoak ere, aurrenekoek bezala lantzeko; andereño askok galdetzen dute ea Youtuben dagoen. Nire ustez horixe da funtsezko arrakasta.

Oro har ere harrera ona izan du, aurkezpenean Oiasso Museoa mukuru bete zen.

Bai, bai, harrera bikaina. Nolanahi ere, dokumentaleko hizkerak ikasleak hartzen ditu kontuan gehienbat. Nik uste dut jende helduak beharbada faltan botatzen duela pertsonaien inguruan pixka bat sakonago hitz egitea, erabili dugun hizkera helduengandik baino gazteengandik gertukoagoa baita. Helduek beharbada pertsonaia bakoitzaren gaineko azalpen luzeagoa nahiko lukete, edo irudiak motelagoak izatea, musika bareagoa… baina batez ere gazteen arreta erakartzeko asmoz egindako lana da.