Isidro Esnaola

Disidentziaren aurrean jokamolde ezberdinak

Steve Bannonek elkarrizketa batean esan zuen egun Vox alderdia dela Estatu espainoleko alderdi garrantzitsuena, eztabaida politikoaren nondik norakoak markatzeko gai delako. Baieztapen horrek zalantza asko sortzen dizkit. Baina ikuspegi hori indartzen duen teoria bat topatu dut: Overtonen leihoa deitzen dena. Funtsean, Joseph P. Overtonek esan zuen ideia baten bideragarritasuna ez dagoela politikarien lehentasunen menpe. Iritzi publikoak zer den onargarria definitzen du eta normalean balekoa dena tarte estu batean kokatzen da. Ideia batek, bitarte horren baitan sartzen bada, aurrera egiten du; bestela, ez du etorkizunik. Gogoeta horren haritik, beste komentarista politiko batek, Joshua Treviñok, proposamen baten onargarritasunaren urratsak definitu zituen: pentsaezina, erradikala, onargarria, zentzuduna, popularra eta politikoa. Sailkapena horretan, azken lau urratsak soilik sartzen dira Overtonen leihoan, Treviñoren iritziz. Eskema horretatik tiraka, eskuineko agitatzaileek postulatu zuten ideia erradikalak zabaltzen diren neurrian, moderatuagoak diren beste batzuk zentzudunak kontsideratuko direla. Horrela, nolabait esateko, “leihoa” mugitu egin daiteke mutur batetara edo bestera.

Ez dirudi, baina, teoria oso zuzena denik. Sinpleegia. Maila batean egia da, adibidez, gizartean banketxeen nazionalizazioaz hitz egiten ez bada, zaila izango dela banketxe publikorik izatea. Baina, era berean, egia da ere talde txiki bat bankuen nazionalizazioaz aritze hutsagatik ez direla banku publiko gehiago izango. Beharbada, horrelako eskema hutsalak eskuin muturreko talde horiek dirua lortzeko eta komunikabideen hauspoa jasotzeko erabiltzen dituzte. Eztabaida politiko errealetan gauzak askoz konplexuagoak dira: zenbait ideia onartuak izan arte hamarkadak pasatzen dira, borroka luzeak behar izaten dira; beste ideia batzuk, aldiz, berehala egiten ditu bere gizarteak. Testuinguruak eta bestelako faktore batzuek pisu handia dute onarpen horretan, esate baterako, boteretsuen ezkutuko babesak. Hala ere, askotan boteretsuen saio horiek ere porrot egiten dute.

Eskuinak eskuin muturreko taldeak gupidarik gabe erabiltzen ditu bere probetxurako. Ezkerrak, aldiz, muturreko disidentziarekin harreman askoz korapilatsuagoa dauka. Ez dakit purutasun itxura emateko beharra den edo kritikek eragindako azkura arintzeko saiakera den, baina oro har ezkerrak denbora eta indar asko galtzen ditu horrelako taldexkekin. Batzuetan ezker muturrekoak oker dabiltzala frogatu nahian, beste batzuetan hartutako bidearen zuzentasuna justifikatu nahian. Edozein kasutan, normalean alferrikako ahaleginak izaten dira, ez baitago horretarako prest ez dagoena konbentzitzerik. Gainera, ez duten garrantzia ematen zaie.

Sozialismoaren garapen historikoak erakutsi digu disidentzia ezinbesteko osagaia dela mugimendu osasuntsu batean. Disidentziarik gabe, lehenago edo geroago zastoi edo geldialdia iritsiko da. Kritikek eta konforme ez direnek kontrapuntua jartzen diote ildo orokorrari. Hortaz, haserretu baino, jakin behar da irakurtzen zertan huts egin den, zer den falta dena lerro politikoa hobetzeko. Ezkerraren helburua ez da hiperideologizatu horiek konbentzitzea. Ezkerraren anbizioa da ideologizatuta ez dauden gehiengoak, beren kontraesan guztiekin, eraldaketa sozialera erakartzea eta gehitzea. •