Maider Iantzi Goienetxe
BADATOZ ASKAPENAREN BRIGADAK

Udaberrian Parisera joateko aukera dago

Askapenaren brigadak ez dira bidaia politiko soilak. Euskal Herriak internazionalismotik eraiki behar duela eta herrien arteko babes sare bat sortu behar dela ulertzen du antolakundeak. Hori praktikan jartzeko tresna gisa sortu zituen brigadak duela 30 urtetik gora eta balantze hagitz ona egiten du. Borroka konpartitze bat dira, joan-etorriko elkartasuna. Eta bueltako lanak du pisu nagusia, ikasitakoa gurean zabaltzeaz arduratzen baitira. Aurtengo brigadetan, udaberrian zein udan, parte hartzera animatzen dute orriotako elkarrizketetan jasotako hiru testigantzek.

Bihar itxiko da udaberriko Pariseko brigadan izen emateko epea. Udakoetan apuntatzeko azken eguna, aldiz, apirilaren 21a da. Latinoamerikan, Argentina-Uruguai, Brasil, Venezuela, Mexiko eta Bolivia dituzte helmuga; Ekialde Hurbilean, Palestina eta Libano; Europan, Grezia, Sardinia, Herrialde Katalanak eta, Aste Santuaren bueltan, Paris.

Ainhoa Alberdi Askapenako kideak azken horretara joatera animatzen du jendea, «oso interesgarri dagoelako uneotan Paris: migranteak, lan erreformetatik eratorritako borroka sozialak, pil-pilean dagoen txaleko horien mugimendua… landuko ditugu. Badugu zer ikasi gure bizilagunez».

Hainbat herrialdetako eragileekin hartu-emanak lantzen ari da Askapena 30 urte baino gehiagoan eta denbora horretan egindako kideekin harremanetan jartzen ditu brigadistak. «Eragilez eragile herri eta borroka horien ikuspegi integral bat eskuratzea lortzen dute».

Borroken erroak ulertuz

Joan aurretik, formazioa jasotzen dute, herrialde bakoitzeko berezitasun eta konplexutasunak ezagutzeko. «Herrialde bakoitzaz harago, ikuspegi internazionalago batetik enfokatzen dugu, borroken erroak eta munduaren edo sistemaren funtzionamendua ulertuz. Eta, noski, horri aurre egingo dion internazionalismo horretaz ere aritzen gara», azaldu du Alberdik.

Horrek berak laguntzen du brigadistek elkar ezagutzea gero konpartituko duten biderako.

Brigadek ekarpen handia egiten dute bai joaten diren herrialdeetan eta bai gurean, eta horren parte izatera animatzen dute. Ondoko helbide honen bidez egin daiteke: brigadak@askapena.eus.

Martin Goitiandia Roquero

 «Ateak eta ikuspegia irekitzen dizkizu»

Martin Goitiandia Roquero 21 urteko donostiarrarentzat esperientzia bat izan da Herrialde Katalanetara egindako brigada. Alde batetik, pertsona gisa hazten lagundu dio: «Esperientziak ematen dizkizu, jendea ezagutzen duzu, tokiak... Eta ateak eta ikuspegia irekitzen dizkizu». Baina, batez ere, esperientzia indibidualetik harago, lan politikoa egiten eta militatzen jarraitzeko aukera izan da.

Joan den abuztuaren 28tik irailaren 15era egin zuen bidaia lau laguneko taldeak. Ez zuten elkar ezagutzen ordura arte eta hori izan zen, Goitiandiaren iritziz, brigadaren alde politetako bat.

Bueltan, pila bat ikasi zuen sentsazioa izan zuen, bai hango egoeraz bai orokorrean militantziaz eta ikuspegi internazionalista barneratzeaz. «Hedabideetatik datorkigun Herrialde Katalanen irudia okerra da eta bertakoek hango egoera kontatzen dizute; orduan badaukazu ziurtasun bat». Hemendik ikusten dugunaren eta han bizi dutenaren arteko kontrasteaz jabetu da Goitiandia.

Ulertzeko beharragatik

Helmuga hori zergatik aukeratu zuen galdetuta, zintzo erantzun du: «Arazo nagusietako bat diruarena zen, ez neukan asko, baina banuen interesa azkenaldian egon den prozesuagatik eta hartu duen protagonismo handiagatik, hori ulertzeko beharra genuelako. Bestetik, horren hurbilekoa izanda eta antzekotasunak izanda, ulertzea errazagoa izan da».

Gazte donostiarrak interes handia zuen Askapenan militatzen hasteko eta brigadaren bidez hurbildu zen. Aurten bezala, iaz ere kanpaina jarri zuen martxan Askapenak brigadak antolatzeko. «Korreo bat dago kontaktua egiteko. Galdera batzuk egiten dizkizute: lehentasunak, baldintzak... Guztia adosten da eta gero formazioa jasotzen duzu». Askapenak kontaktuak egiten ditu, lo egiteko tokia eta abar bideratu. Egitaraua ere prest izaten du eta brigadistekin kontrastatzen du.

Prioratetik Bartzelonara

Priorat landa gunean eta Bartzelonan egin zutena ezberdina da, baina, orokorrean, hango kolektiboekin egoten ziren. Bertako berri jasotzeaz gain, brigadakoek zertara joan ziren azaltzen zuten. «Jaietan eta tokian toki zeuden gauzetan parte hartzen genuen».

Adibidez, Mallorcan egon zirenean, Palman, Grupo de Ornitologia Balear taldearekin bildu ziren, eta kontatu zieten turistifikazioaren ondorioz behar bat ikusi zutelako zaletasunetik jarduera politikora pasa zirela. «Kolektibo feminista askorekin egon ginen, okupazio mugimenduekin... Bakoitzak bere berezitasunak erakutsi zizkigun eta, aldi berean, nola dagoen dena prozesu beraren barrenean».

Orain hurbilagotik jarraitzen ditu gazteak Herrialde Katalanetatik datozen berriak, badaki non begiratu gehiago eta non ez hainbeste, irizpide gehiago du hango egoera segitzeko.

Naia Torrealdai Mandaluniz

 

«Mugimendu feministako aliantzak artikulatzeko tresnak eman dizkit»

Naia Torrealdai Mandaluniz gernikarra da eta 26 urte ditu. Hasieratik zuen argi brigada feminista batean parte hartu nahi zuela, lan politiko bat egin nahi zuelako eta bere militantzia politikoa feminismoan dagoelako. Palestina aukeratu zuen. Brigada feminista emakume brigada da eta bertan konplizitate eta lasaitasun berezia sentitu du Torrealdaik. Bestetik, Palestinako emakumeen eta mugimendu feministaren egoera aztertzeko aukera izan du.

Emakume palestinar anitzekin egon dira: nazio askapenean ibiltzen diren militanteak, errefuxiatu kanpamenduetan sortzen diren emakume batzordeetako kideak, herri frontekoak... «Palestinan alderdi politiko eta gobernuz kanpoko erakunde pila dago, baina borroka horretan emakumeen papera ez da horrenbeste jorratu. Azken urteetan garrantzia hartzen hasi da, Kurdistango emakumeekin batera».

Begi irekitze bat

Torrealdairentzat «oso-oso esperientzia aberasgarria izan da. Egia da espektatiba askorekin joan nintzela eta, alde batetik, bai izan zen begi irekitze bat. Oso barneratuta daukagu gure begirada: zer den matxismoa, zelan ematen den borroka feminista... Eta uste dut gaitza egiten zaigula gure begirada kolonial hori gainetik kentzea. Horretan behintzat ahalegina egiten hastea oso interesgarria izan da. Gero, Euskal Herrian mugimendu feministan ematen diren aliantza eta aniztasunak artikulatzeko esperientzia horrek tresnak eman dizkit».

Erantsi duenez, «palestinar borroka mitifikatu egiten duzu eta bertara heltzean gauzak ez daude hain ondo edo zuk beste zerbait espero zenuen. Bai izan da gazi-gozoa. Ondo, baina errealitate oso ezberdinak daude eta 80 urte borrokan asko da».

Hartu-eman interesgarria

Gernikarrak Bilgune Feministan militatzen du eta palestinar emakumeekin antzekotasunak ikusi ditu: lurraldearen defentsan, emakume presoen diskurtsoan, gudari emakumeen ikusezintasunean... «Baina kultura politikoari dagokionez, nola ulertzen dugun feminismoa edo nola sortu ditugun aliantzak, ezberdintasunak daude. Asko ikasi nuen eta uste dut asko eraman genuela guk ere».

Askapenaren brigadak beste herrialde batera ikastera joatea proposatzen du, errespetuz, eta Euskal Herriko borrokak eta mugimenduak azaltzea. «Zer erronka eta ahulgune ditugun azaldu genuen. Oso interesgarria izan zen hori bertako emakumeekin elkarbanatzea eta eurek ariketa bera egitea». Bidaia egin eta laster Emakumeen Mundu Martxako topaketa izan zen Bilbon, palestinarrak ere etorri ziren eta lotura polita sortu zen.

Jerusalemen hasita

Jerusalem izan zuten lehen geltoki. Handik hegora, Belenera joan ziren. Aida Camp errefuxiatu kanpamentuan egon ziren eta jarraian Ebronera jo zuten, «okupazioa gori-gori ikusten den herrira». Iparrera hartu zuten gero, Ramallahra, handik Nablusera eta ondotik Estatu israeldar ofizial horren parte diren Haifa eta Tel Avivera. «Jerusalemen eta oro har Palestinan dagoen turistifikazioak inpaktatu egin ninduen, zelan Estatu israeldarrak hori aprobetxatzen duen bere diskurtsoa zabaltzeko, zelan jabetzen den palestinarren kulturaz turistei saltzeko... Bestetik, Ramallahn emakume talde batekin egon ginen eta euretako neska gazte batek inpaktatu egin ninduen, zelako diskurtsoa eta ahalduntze prozesua bizi zuen bizi oso-oso latz baten ostean». Gazte hori Euskal Herrian egon da berriki.

Mikel Kolomo Gurbindo

 

«Beharretatik eta auzotik hasita antolatzen ari dira venezuelarrak»

Lizarrako Mikel Kolomok 27 urte bete berri ditu. Venezuelako brigadan izan zen joan den abuztuan eta lotura emozional handia sortu du herrialdearekin. «Politikoki nahiko desorekatua dago, baina nik behintzat ekarri nuen sentsazioa izan zen herritarren gehiengoa Chavezek sortu zuen iraultzaren alde dagoela, sozialismoan edo komunetan eraikitako jendarte baten alde», kontatu digu.

Herri xume bat ezagutu du bere eskubideen alde borrokan, ezin duena aitzinera egin «kanpo botereen eta batez ere oposizioaren indar edo zapalkuntzagatik». Baina berez sistema sozial hori «autogestionatzeko eta estatua aurrera eramateko oso baliagarria» dela ikusi du.

Politikoki esperientzia esanguratsua bizi izan zuen. «Ezagutzen ez nuen herrialde batera joatea eta bertako jendearekin partekatzea, informazioa ematea zein jasotzea, inoiz bizi izan ez nuen gauza bat da. Momentu alaiak eta urduriak bizi izan genituen, Venezuela zegoen bezala ikusita ezinegona, kezka... Eroso sentitzen nintzen espazio batetik atera eta jende berriarekin egunerokotasun bat konpartitzea zaila izan zen, baina polita», deskribatu du. Bertako jendeak, dituen zailtasun guztien gainetik, kolektiboan aurrera egiteko martxan jartzen dituen mekanismoen testigu izan ziren. «Arazo handiak daude oinarrizko jaki eta tresnekin, eta kolektiboan erabiltzen zituzten aurrera egiteko».

Ezagutu zituzten eragileak herri mugimenduaren parte ziren eta euren mekanismoak zentzu aunitzetan Euskal Herrikoen antzekoak ziren, baina are kolektibizatuagoak zeuden.

Hamar egun Caracasen

Beti sentitu izan du Kolomok Latinoamerikarekin hurbiltasun bat eta Venezuelak beti eman izan dio atentzioa. Izena eman eta formakuntza jaso zuen, bi aldeetakoa: «Euskal Herriko egoeratik transmititu nahi nuen informazioa partekatu nuen taldean eta, aldi berean, Venezuelaren testuinguru politikoan kokatu nintzen». Behin hori guztia eginda eta taldekideak ezagututa, brigada nolakoa izanen zen zehaztu zuten, baita data ere.

Lau lagun joan ziren, Baionako bi lagun, Oiartzungo bat eta bera, Lizarrakoa. «Ez genuen elkar ezagutzen eta oso interesgarria izan zen topatzea, testuinguru politiko ezberdinetakoak garelako». «Nahiko estresagarriak» izaten ziren beren egunak, batez ere Caracasen. 20-22 eguneko brigada egin genuen eta lehenengo hamar egunak Caracasen bizi izan genituen. Bizpahiru bilera genituen egunean, momentuan zegoen garraioaren arazoarekin pila bat kostatzen zitzaigun mugitzea eta batetik bestera ibiltzen ginen... Eragile batzuk oso interesgarriak ziren, gazte mugimenduarekin lotuak, beste batzuk ez hainbeste. Baina sentsazioa genuen ez genuela momenturik hori guztia dosifikatzeko».

Mendialdean, lasaiago

Caracasetik mendialdera jo zuten eta han lasaiago ibili ziren. Meridan izan ziren, besteak beste. Kontsumo taldeak ezagutu zituzten, nekazariekin harremanak zuzenean egiten zituztenak. «Hori interesgarriagoa suertatu zitzaigun. Sentsazioa izan genuen Chavezek aurrera eraman nahi izan zuen hori, Madurok agintea hartu zuenetik gelditu zen prozesu hori, sozialismoaren eta komunak sortzearen ildotik, berriz ere indarra hartzen ari zela, taldearen beharretik hasita».

Hirian denetariko eragileekin bildu ziren, internazionalismoarekin harremana zutenekin, auzoak antolatzen zituztenekin... Hori ere ikaskuntza handia izan zuten: «Autogestioaren bidez kudeatzen zuten auzoari zegokion guztia, argindarraren eta uraren arduradun izatetik hasi eta osasun etxe eta eskoletara. Beharretatik eta auzotik hasita antolatzen dute jendarte eredua».