Amagoia Mujika Telleria eta Maider Iantzi Goienetxe
NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Euskalgintzaren eta bertsogintzaren gailur berri bat Anaitasunan

Anaitasuna kiroldegia prest. Bertan arituko diren zortzi bertsolariak, berdin. Nafarroako Txapelketak bere 44. finala josiko du gaur, 17:00etatik aurrera. Onenak irabaz dezala festaz jantzitako bat-bateko lehian. Bizia eta estua begitantzen da.

 

 

 

XABIER TERREROS GARTZIA

«Beteranoak sendo ikusten ditut eta gazteak suziri bat bezala datoz»

Lesaka, 1981. Bortzirietako Bertso Eskolan hasi zen haurra zela. Bertan trebatu zen. Urte batzuk bertso mundutik aparte eman ondoren, Iruñeko Bertso Eskolara hurbildu zen hasieran eta Lekunberrikoan segitu zuen bidea gero. Gaurkoa, seigarren finala du. Txapelketan normalean gozatu egiten du sufritu baino gehiago, bertsolari sentitzen den oholtza bakarretakoa omen delako.

Etxarri Aranazko finalaurrekoa irabazita iritsi zara finalera. Iristeko modu polita da.

Bai, gustura nago aurretik egindako lanarekin. Etxarri Aranazko saioan oso ondo sentitu nintzen orokorrean.

Aita izan berri zara. Aita izan berritan txapela jantzi dutenak bat baino gehiago izan dira.

Baina horretarako lehendabizi txapela irabazteko gogoa izan behar da. Nik uste dut denok ez dugula txapela irabazteko gogo bera.

Zuk zein gogo daukazu?

Nik momentu hori gozatzeko gogoa daukat, oholtzako lagunekin eta oholtzatik kanpoko lagunekin. Badakit topiko handi bat dela, baina nik batez ere hori da nahi dudana. Txapelak momentuko poz hori dauka, baina baita urte osoko zama ere eta nik ez dakit batzuentzat gustagarria izan daitekeen zama hori eramateko prest nagoen.

Oholtzan gozatzen eta sufritzen sumatzen da bertsolaria. Zuk, normalean, gozamenetik gertuago dirudizu kantuan ari zarenean.

Nik txapelketan izena eman aurretik egiten dudan ariketa izaten da ongi pentsatzea ea zein helbururekin noan txapelketara. Entrenamenduko uneak bizitzea, oholtzako momentuak gozatzea... Hor saiatzen naiz kokatzen nire helburuak, nik horietan topatzen baitut txapelketaren zentzua. Nire kasuan, gainera, txapelketa da bertsotan egiteko dudan aukera ia-ia bakarra. Bertsoak niri plazera ematen dit eta horretarako dudan bide bakarretakoa txapelketa da.

Txapelketa da zure aukera bakarretakoa. Horrela nahi duzulako edo horrela gertatzen delako?

Batetik, denontzat nahi adina plaza ez daudelako. Normala denez, herri batetik bertso saioa prestatzen dutenean bertsolari gustukoenak, onenak edo modakoenak deitzen dituzte. Eta, bestetik, bertsolari izatea ofizio gogorra delako. Askotan gertatzen da auskalo nongo herritara desordutan joan beharra. Eta ni horretan nahiko selektiboa naiz; etxe ondoko saioetara gustura joaten naiz, baina urrunagokoak sortzen direnean –askotan ez da izaten, hala ere–, askotan uko egin izan diet.

Bertsolari sentitzeko aukera ematen dizu txapelketak.

Ez dakit bertsolari sentitzen naizen edo ez, baina txapelketa garaietan, behintzat, bai. Eta Nafarroan dugun talde eder-eder horren parte sentitzen naiz eta horrek niri sekulako ekarpena egiten dit.

Nola ikusten duzu finaleko zortzikotea?

Ikusten dut zortzikote hagitz indartsua. Azken urtetako mailarik onenarekin ikusten dut Nafarroako bertsogintza eta inoiz baino garestiago egon da finalean sartzea. Beteranoak sendo ikusten ditut eta gazteak suziri bat bezala datozela iruditzen zait. Talka eder-eder bat ikusteko aukera aunitz ikusten ditut eta oxala horrela izatea.

Zortzi gizonezko izango zarete oholtzan.

Bai, pena handi bat. Eta txarrena da urte dezentetan errepikatzen ari den egoera dela. 2013. urtean Erika Lagoma izan zen finalean aritu zen azken emakumea. Final aunitz pasatzen ari dira zortzi gizonezko oholtzan daudela eta emakumeen begirada, emakumeen diskurtsoa... falta da. Populazioaren %50aren ahotsa ez da islatzen Nafarroako bertsolaritzaren egunik handienean. Egia da hurbil ibili direla, baina Nafarroako oholtza handi horretan emakumeen ahotsa entzuteko premia dago.

 

JULIO SOTO EZKURDIA

«Txapelketa honetan kolore argiagoak erakutsi nahi ditut, kopeta argiagoa»

Gorriti, 1987. Nafarroako lau txapela ditu eta hirutan aritu da Txapelketa Nagusian. Aurtengoa, Nafarroako bederatzigarren finala izango du eta txapelerako faboritoen zerrendan dago zalantzarik gabe. Etxarri Aranazko finalaurrekoan bi poto egin zituen eta ez zuen lortu saioko garailea izatea. Aspaldiko urtetan horrelako poto festa egin gabe zegoela aitortu arren, ez du uste akats horien zama duenik bizkarrean. Aldrebes, mesede egingo diotela uste du.

Finalaurrekoan bi poto egin zenituen.

Bai, uste dut lau Nafarroako Txapelketa eta hiru Euskal Herriko neramatzala potorik egin gabe. Ni neu ere ezustean harrapatu ninduen, ez nintzen konturatu. Ez dator sekula ongi bi poto egitea, baina nola hartzen duzun arabera, oso ongi dator. Erakusten dizu kontzentrazio erabatekoa behar duela bertsoak, hezur-haragizkoa zarela, potoa egitea oso gauza erraza dela eta noiznahi egin dezakezula. Potoa bezala bestelako akatsak. Mesede bezala izan dadila, horrela hartu nahi dut. Bizitzan gertatzen zaizun edozein txarrek beti izaten du onetik eta asmatzen baldin baduzu on hori deskubritzen eta zureganatzen, indartuta ateratzen zara. Esperantza horretan nago.

Gaiei ertzak ateratzen ahalegin handia egiten sumatu zintugun.

Gustura aritu nintzen Etxarrin, batik bat diozun horretan, begirada non jarri, bertsoa non kokatu... Gai baten aurrean mila helduleku dituzu eta batzuetan loturak eta urduritasunak beti esan duzun hori esatera eramaten zaitu, topikoetara eta askotan esan nahi ez zenukeen hori esatera ere eramaten zaitu. Niri askotan gertatu zait. Lehengoan argi nuen burua, gaiak nora eraman nahiko garbi ikusten nuen eta alderdi horretatik pozik aritu nintzen. Gero egia da puntuazioa entzun eta kolpe handia jaso nuela. Baina finalera han izan nituen sentsazio on horiekin iritsi nahi nuke eta batez ere begia erne ibili.

Emakumerik ez da izango finalean, baina gizonezko bertsolari asko ariketa sakona egiten ari zarete generoari begira.

Garbi dago munduan gertatzen ari den iraultzarik handiena eta garrantzitsuena feminismoa dela. Orokorrean gizon bertsolariok badugu horrelako urduritasun, zalantza, kokatu ezin bat... gai honekiko. Batzuetan, lanerako eta gure burua berriz kokatzeko erabili beharrean, kontraerasorako erabili izan dugu. Bertsolaritza, mundua bezala, aro berri honetan sartu da eta oso garrantzitsua da bertsoa nola bete, bertsoa non jarri, zer esan bertso horrekin. Gizonok lan handia daukagu egiteko; lanketa feminista egin behar dugu, munduan maskulinitate berri bat sortzen ari da eta guk ere eraikuntza horren parte izan behar dugu gure diskurtsoekin eta gure praktikekin. Horrekin kontziente naiz eta zuzenean edo zeharka lantzen-lantzen ari naiz eta ari gara bertsolariak. Gero, batzuetan bat-batean, esan nahi ez duzun hori esaten bukatzen duzu hala ere.

Bertsolariak, pertsona guztiek bezala, fase desberdinak bizi ditu. Zure kasuan nabarmenak izan dira fase horiek, oso Julio desberdinak ikusi ditugu txapelketaz txapelketa. Zein Julio zara orain?

Gure anaiaren galera eta gero denbora asko behar izan dut kokatzeko, osatzeko eta orban horiekin bizitzeko. Orain, nire bizitzako fase askoz argiago batean nago, gauza asko ikasi ditut, indartsuago nago... Txapelketa honetan badaukat argitasun hori erakusteko gogoa, kolore argiagoak erakusteko gogoa –ez du esan nahi bertso umoretsuak izan behar dutenik–, kopeta argiago erakusteko nahia... ongi nagoela eta buelta eman diodala sentituta harrapatuko nau finalak eta hori erakutsi nahi nuke.

Julioren beste azal bat.

Tira, ez dakit zenbat azal ditugun. Batzuetan azalberritu nahi horretan ez gara konturatzen azal zaharrarekin egiten dugula akaso ondoen bertsotan. Baina, bai, txapelketa honek pozik eta argi harrapatzen nau.

Azal ilunak izan dituzu eta horietan oso goian aritu zara bertsotan. Sufrimendutik errazago sortzen al da?

Bai, nik hori garbi ikusi dut. Bertsotan hobekien egin dudan eguna Elizondoko finala izan da. Zergatik? Azkenean horrelako kolpeek beldurrak uxatzen dizkizute, zure egoa alboratu egiten dute, burutik txorakeriak joaten zaizkizu.... Bizirik egon nahi duzu eta kantatu egin nahi duzu eta, orduan, ongi kantatzen duzu. Banekien, hala ere, denbora pasatu ahala berriz harrapatuko nindutela nitasun horrek, mamu horiek, urduritasunak... eta horiei mugak jartzen saiatzen ari naiz ordutik, ez bakarrik bertsotarako, baita eguneroko bizitzarako ere. Egia da zaila dela, bizitzan azkar ahazten baita kolperik gogorrenak ere ematen dizun lezioa. Tristea da baina gizakioi asko kostatzen zaigu pozetik sortzea. Beltzetik, sufrimendutik, errazago sortzen da. Sortzaile askori gertatzen zaio. Pozetik eta lasaitasunetik sortzea erronka ederra da eta erronka horri heltzeko gogoz nago.

 

JOANES ILLARREGI MARZOL

«Pena emango lidake bertso eskolan landutakoa atera ahal ez izatea»

Leitza, 1999. Gaztetatik bertsolaritzan aritua Leitzako Bertso Eskolaren bueltan. 2007an hasi zen Eskolartekoetan eta hirutan izan da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Bestelako sariketak ere irabazi izan ditu. Bigarrenez parte hartu du Nafarroako Bertsolari Txapelketan eta lehenengoz iritsi da finalera. Lesakako finalaurrekoa irabazita, horrek ematen duen txisparekin iritsiko da finalera.

Lesakako finalaurrekoan saio ederra eginda irabazi zenuen finalerako txartela.

Tira, nik barrutik ez nuen hain garbi ikusi. Sufritzea egokitu zitzaidan eta kartzelara nahiko burumakur iritsi nintzen. Egia da bakoitzak barrutik bere modura ikusten duela saioa, baina kartzelara sentsazio txarrekin joan nintzen. Pentsatu nuen oraindik bost bertso falta zirela, hori asko dela eta lortu nuen nire aldarteari buelta ematea. Pozik nago horregatik. Hala ere, badaude hobetzeko gauzak. Pena daukat ez dudala oraindik lortu bertso eskoletan ematen dudan maila plazan ematea. Baina horretarako da finala eta horretan saiatuko naiz, lantzen aritu naizena erakutsi nahi dut.

Illarregi anaiak izango zarete finalaren berezitasuna. Etxean eta Leitzan nola bizi dute?

Egia esan ez naiz asko egon Leitzan azken egunotan, Gasteizen Irakasle Eskolan ikasten ari naiz eta. Baina Leitza oso herrizalea da, herriko norbait zerbaitetan ondo dabilenean herria harro sentitzen da eta asko bultzatzen du. Nik espero dut Leitzako jendea etorriko dela finala ikustera eta, bestetik, herri mailan bertsoari behar duen bultzada emango dio herriko bi gazte, bi anaia gainera, finalean aritzea.

Etxekoak pozik daude. Ez dakit oraindik erabat sinistu dugun finalean egongo garela, ez guk eta ez etxekoek. Hau arraro samarra da denontzat.

Etxetik datorkizue bertsozaletasuna?

Baietz esango nuke. Ni oroitzen naiz haurrak ginenean joaten ginela Nafarroako Txapelketako saioetara, telebistan bertso saioak ikusten genituela... gurasoak bertsozaleak dira eta hori jaso dugu etxean. Ni hasi nintzen aurrena bertso eskolan eta gustura nenbilela ikusita, anaia nire arrimoan hasi zela esango nuke. Orain artean bidea elkarrekin egiten ari gara, txapelketa honetan hiru saiotik hirutan elkarrekin arituko gara.

Zerk ematen dizu bertigo gehien Anaitasunako finalean?

Beldur edo erreparo handiena ematen dit bertso eskolan landutakoa atera ahal ez izatea. Horrek esan nahiko du saioan ez zaudela gustura edo lotuta sentitzen zarela. Pena emango lidake hainbeste prestatu ondoren, nahi beste ez gozatzea. Baina, tira, beldurra baino gehiago nik finalean kantatzeko gogoa daukat. Nik uste izugarrizko plaza izango dela eta hor kantatzea plazer bat da.

Irabazteko asko eta galtzeko gutxi. Hortik abestea abantaila da, ezta?

Bai, bai, zalantzarik gabe. Behetikan etorrita, galtzeko ezer gabe, helbururik jarri gabe, baina lorpenik baztertu gabe, anbizioarekin joango naiz. Txapelketan anbizio pixka bat behar da, bestela ez genuke izenik emango.

 

XABAT ILLARREGI MARZOL

«Nahiko lasai egoten naiz, plazak ez dit beldurrik ematen»

Leitza, 2001. 8 urte zituela hasi zen Leitzako Bertso Eskolan eta geroztik hor dabil. Eskolarteko txapela bat dauka eta 2018an Berritxu saria eta 2019an Abra saria eskuratu zituen. Bere lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketa da aurtengoa eta finaleraino igotzea lortu du, behetik hasita, eskaileraz eskailera. 17 urterekin jokatuko du bere lehen finala.

Lainoan zaude?

Tira, batzuetan kokatzea kostatzen zait, finalean nagoela asimilatzen ari naiz. Baina lortuko dut, burua horretara jarriko dut eta bertsotan egitera joango naiz.

Plazan eroso dirudizu. Tenple handiarekin.

Egia esan nahiko lasai egoten naiz, plazak ez dit beldurrik ematen. Nire puntu ahula ez da urduri jartzea. Plazan gustura sentitzen naiz eta uste dut garrantzitsua dela zure buruarengan konfiantza izatea. Uste dut plazan gustura egongo naizela, ez daukat bestelako helbururik, ez dago eman beharreko hurrengo pausorik eta gozatzera joango naiz finalera.

Dena irabazteko.

Hori da. Aurreko faseetan beti hurrengo fasera pasatzeko pausoa eman beharra zegoen, presio hori. Baina ja ez dago beste inora pasatzeko tentsiorik eta gozatzera joango naiz. Lehen aldia izango dugu anaiak eta biok eta biok batera arituko gara. Zoratzen ari gara.

17 urte dituzu. Nola kokatzen zara batzuetan hain handiak diren gaien aurrean?

Ez dakit, oraingoz ez dut nabaritu horrelako bertigorik, baina gerta daiteke besteak jantziagoak egotea gai batzuen inguruan, urtetako esperientzia izatea, heldutasuna... Nik nire armak erabiliko ditut. Nagusiki, lotsarik ez izatea eta ausart jokatzea. Ahal dudana egitera eta gozatzera joango naiz. Bertso eskolan bezala egiten saiatuko naiz, ausardiarekin, lasai erantzunez, bestea entzuten...

Bertigorik ematen dizu Anaitasunako plazak?

Ez. Beldurra baino sekulako gogoa pizten dit, izugarrizko plaza dela iruditzen zaidalako. Tentsioa egongo da noski, baina plaza probatzeko gogoa daukat.

Finaleko txahala izango zara. Kantatzeko oso toki ona da, ezta?

Bai. Txahala izan nahi nuke, baina txarra ez. Beste finalista bat gehiago izan nahiko nuke, ez zazpi finalista gehi gaztetxo hori. Ahal dudana egingo dut horrela izan dadin.

Zer duzu alde eta zer kontra?

Txikitatik aritu gara bertsotan eta kezka gutxi daukat plazara atera eta bertsotan egiteko. Hori nire alde daukat. Eta nire kontra, esperientzia eta eskarmentu falta. Plazak gaina ez hartzea nahiko nuke, finalaren emozioak ez irenstea. Gozatzeko eta bertsotan egiteko plaza bat izatea nahiko nuke.

 

ENEKO FERNANDEZ MARITXALAR

«Gazteak pizgarri bat dira guretzat. Indartsu heldu dira eta aurre eta kontra egin behar zaie»

Lesaka, 1977. Baztan eta Xaretako herri eskoletako irakaslea da. Bertsozalea aspalditik izan arren, 2011n hasi zen Baztango Helduen Bertso Eskolan eta gaur egun Bortzirietako Bertso Eskolan dabil. 2013an parte hartu zuen aurrenekoz Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Finalera iritsi, laugarren postua lortu, eta Euskal Herrikorako pausoa eman zuen. Laugarren finala jokatuko du gaur.

Osasun arazoekin ibili zara txapelketan. Zer moduz zaude? Gainditu dituzu?

Ez oraindik. Abuztuan bizkarreko arazoekin hasi nintzen, digestio sistemako infekzio bat ere izan dut, eta urtarrilera arte bajan egon naiz. Orain dela hilabete jakin dut hernia diskala dudala, hortaz, nahiko justu alde horretatik. Oinaze izugarria ez da, baina oinaze konstantea bai. Ez nago ehuneko ehunean eta horrek pena ematen dit ez didalako segur aski txapelketak duen hoberenaz gozatzen uzten. Saioa egiten duzu ahal duzun hobekien, baina aste osoko entrenamendua kosta egiten da, nekea sumatzen da. Azken saioan, Lesakan, bosgarren nintzen eta izugarri luze egin zitzaidan egonaldia. Sentsazio gazi-gozoa dut, aunitz disfrutatzen dudalako bidean eta aurten traba dezente izan direlako.

Ea finalean zenbatgarren tokatzen zaizun.

Hori ere bai. Saioan ez dago kartzelarik, buruz burukoan bakarrik. Horrek pixka bat arinduko dit. Finalean zerotik hasten gara denak, ahalik eta ongien egiteko nahiarekin, jakinik helburu kolektibo batzuk beteko direla: Nafarroako bertsolaritzari eta euskarari bultzada bat ematea. Euskarak hemen duen egoera kontuan izanik hitzordu garrantzitsua dela iruditzen zait, Iruñean bertan. Pertsonalki, ahalik eta ongien egin nahiko nuke, deus baztertu gabe. Faborito batzuk badaude, baina ez daitezela deskuidatu, bertzeok ere hemen gaudelako. Garrantzitsua izanen litzateke faborito horiek estutu ahal izatea, horrek erranen lukeelako finaleko maila ona dela. Helburua hori da. Ahalik eta gehien gozatu, gozarazi ere bai, eta ikusiko da bertsoak non kokatzen gaituen bakoitza.

Leitzako anaiak dira saioko gazteak, baina Xabi Maia eta biak ere nahiko berriak zarete bertsotan, helduen bertso eskolan hasiak.

Elkarrekin hasi ginen Xabi eta biok Baztango Bertso Eskolan eta ezberdin bizitzen da. Joanes eta Xabat ikusten dituzu, 19 eta 17 urterekin finalean, eta ni 32 urterekin hasi nintzen bertsotan... Zortea izan dut: lau txapelketatan parte hartu dut eta lauretan iritsi naiz finalera. Baditu alde onak eta txarrak, gauza guztiek bezala: bertze patxada bat dugu agian, beraiek duten txispa eta sasoia faltako zaigu segur aski. Dakigun hori edo ikasten joan garen hori azaltzeko gogoz gaude. Polita da. Nafarroako bertsolarien finalak behar zuen gazteen indar hori, aurpegi berriak. Pena da neskarik sartu ez izana, baina Joanes eta Xabat sartzea beharrezkoa zen, nahiz hori gure kontra izaten ahal den [irri egiten du]. Nik uste talde polita osatzen ahal dugula, ez hain gazte eta gazteen artean.

Elkarrizketa interesgarriak sortuko dira bi belaunaldien artean.

Bai. Beraiek pizgarri bat dira guretzat. Indartsu heldu dira eta aurre eta kontra egin behar zaie.

Zure bertsokerari dagokionez, zerbait landu duzu bereziki? Erronkarik jarri diozu zure buruari?

Bakarkakoan zortzi puntuko doinu berezi batean kantatu nahiko nuke. Unai Agirrek Txapelketa Nagusian atera zuen eta badu bere zailtasuna. Halako erronka bat jarri nahi diot nire buruari aitzinera noala eta garatzen ari naizela frogatzeko. Finalerdietan ez nintzen indarrarekin aurkitu abesteko eta sei puntuko bat aukeratu nuen, baina finalean, lasaiago egonik, indarra ateratzea espero dut. Lehen aipatu dut, ez da deus baztertu behar: ahalik eta indartsuen eta gogo handienarekin kantatu eta gainontzekoa ez dago gure esku. Gure bertsoek eta epaileek jarriko gaituzte bakoitza gure lekuan.

Lehenbizikoz joanen naiz Anaitasunara finala ikustera. Zer moduzko giroa izaten da?

Sekulakoa. Bitan egin dugu hemen, 2013an eta 2017an. Lehenbizikoan Korrikaren bukaera egokitu zen egun berean, eta, bigarrenean, ETAren armagabetze ekitaldia Baionan. Horrek eragin zuen pixka bat. Espero dut betiko itxura ederra izango duela. Jendeak besta bat bezala hartzen du eta horrek aunitz laguntzen du. Finalerdiak hotzagoak izaten dira. Jendea egoten da, baina tentsio gehiago dago. Finala, aldiz, besta bat izaten da bai guretzat eta bai jendearentzat. Animoan nabaritzen da. Nafarroan euskararekin lotutako ekitaldi nagusietako bat da. Ederra izanen da, aurten ez dugu bertze ekitaldirik hurbilean eta bultzatu behar dugu ahal den jende guztia etortzera, denen besta bat egiteko, bertsolaritzarena, euskararena eta entzuleena.

 

JULEN ZELAIETA IRIARTE

«Hurrengoan ere abestuko dut. Inportantea da hori niretzat»

Bera, 1980. Haur Hezkuntza ikasia eta Xorroxin irratiko esataria. 1993an ekin zien bertsoei eta ordutik dihardu kantuan. Nafarroako eta Euskal Herriko txapelketetan abestu izan du. 2008ko Nafarroako txapelduna da eta 11. finala du gaurkoa.

Nola sentitu zara orain arte?

Lizarran hasi nintzen, eta urduri aritu nintzen prestaketa berandu hasi nuen sentsazioa nuelako. 24 bertsolarietatik sei gelditzen ziren kanpoan hasieran eta horrekin sobera konfiantza hartu nuen. Lehenengo ofizioetan, nahiz eta bertsoak igual ez ziren txarrak, baten batean trabatu eta nire buruarekin dudatan hasi nintzen. Bakarkakoan ere bi irristada izan nituen, presaka egin nituelako lanak, jada bukatu nahi nuelako. Finalerdietara ere tentsioan joan nintzen. Saio polit bat egin nahi nuen, aurtengo txapelketan ikusten nuelako gazteak indartsu etorri direla eta guk batzuei finalean lekua kendu genien bezala orain niri tokatzen zaidalako ateratzea. Beti nahi duzu itxura ona eman eta horretara joan nintzen Etxarrira. Oholtzara goititu nintzenean sufritu egin nuen, negar egiteko gogoa eta dena sentitu nuen. Lehen agurrarekin lasaitu nintzen pixka bat. Ofizioan ikusi nuen “bai, badakit bertsotan” eta kartzelara nahiko lasai joan nintzen. Gauzak ongi egin nituen sentsazioarekin bukatu nuen. Halere, Etxarrin hobeki pasatu nuen Lizarran baino!

Zure borroka gehiago da psikologikoa bertsoena baino.

Bai, bai, nire buruaren kontra. Beti hala izan da. Banekien hamalau bertso horiek nik bota beharra nituela. Hurrengo txapelketari begira helburu hori dut: lasaiago joatea.

Hurrengoan ere parte hartuko duzu, hortaz.

Bai, eta hori aurrerapauso bat da niretzat. Hagitz inportantea. Normalean duda egiten dut atera ala ez, merezi ote duen... Eta orain, ikusten dut jada adin bat badudala, txapelketa eta final batzuk ere bai, galtzeko ez dudala deus... Gazte batzuk sartu dira, hurrengoan oraindik gehiago sartuko dira eta uste dut finaletik kanpo gelditu ahala presioa kenduko dudala.

Finalera lasaiago etorriko zara?

Dudarik gabe. Ez dut galtzeko deus: opari bat da. Ahalik eta saiorik osoena egiteko eta niretik emateko kontzentratua etorriko naiz. Anaitasunara heldu den bertsozaleak, edo arratsalde pasa heldu denak, ongi eta gustura egotea nahi du eta saio polit horren parte izan nahi dut. Ez diot helburu gehiagorik jartzen nire buruari. Aitzinekoetan ere hala izan da...

... nahiz eta txapel bat irabazi.

Seguru nago txapelari begira jarri izan banintz zortzigarren postutik hurbilago izanen nintzela lehenengotik baino. Finalean gaizki pasatzen baduzu egiatan pasatzen duzu gaizki, eta helburua disfrutatzea da. Badakigu denon artean egin behar dugula saio ona eta nik uste badugula ardura koxkorra, azken bi finalak, batez ere Elizondokoa, nahiko onak izan zirelako.

 

ENEKO LAZKOZ MARTINEZ

«Txapelketan oso gutxitan lortu dut hain saio osoa egitea eta finalean horri eutsi nahi nioke»

Etxarri Aranatz, 1983. 14 urterekin herriko bertso eskolan hasi zen eta Lekunberriko eta Etxarriko helduen bertso eskolako kide da. 2004an eman zuen izena Nafarroako Txapelketan eta 2010etik final guztietan izan da. Seigarrena du. 2017an txapeldunorde izan zen eta aurrenekoz abestu zuen Euskal Herrikoan. Bera da aurtengo Nafarroako Txapelketan puntu gehien bildu dituen bertsolaria.

Nola bizi izan duzu finalera arteko bidea?

Bereziki txapelketari begira ez naiz prestatu. Sariketa batzuk tarteko, denbora gehiago daramat prestatzen Saats Karasatorrerekin, Etxarrin. Batzuetan nik sariketa bat nuelako, besteetan berak, uda aldetik nahiko jarraian aritu gara astero-astero eta hori bada nahiko prestakuntza. Baina mentalki sorpresaz bezala harrapatu nau txapelketak. Hala joan nintzen lehen saiora, lasaiegi, errespetua galdu izan banio bezala. Gero hala egin nituen aspaldi egiten ez nituen akats batzuk. Horren ondorioz pixka bat larritu ere egin nintzen saioan bertan eta nahiko haserre bueltatu nintzen etxera. Gero, buelta batzuk eman buruari, eta ustez gertatutakoaren azalpenak aurkitu ditut. Finalaurrekoan uste dut lortu nuela txapelketak eskatzen duen moduan joatea. Gainera, bertsotan akatsik ez egiteko zortea izan nuen eta saio oso ona atera zitzaidan. Txapelketan oso gutxitan lortu dut hain saio osoa egitea eta horri eutsi nahi nioke.

Aitzineko txapelketan buruz burukora iritsi izanak pisurik ematen dizu?

Gustatuko litzaidake berriz kantatzea eta ahal dudan gorena iristea, baina nahiago dut planteatu bide baten ondorio edo emaitza bezala eta ez bidea ondorio horiei begira baldintzatzea. Nahiago dut bertso bakoitza ahalik eta gusturen kantatzea, eta lortzen badut ongi sentitzea eta nire mailatik gertu ibiltzea badakit hor goian egon naitekeela.

Zein helburu dituzu txapelketan eta finalean?

Bi urtetik behin dugun aukera bat da txapelketa, bestela plaza askorik ez dut izaten, eta bada modu bat bertsoari lotuta jarraitzeko eta hobetzen saiatzeko. Bestetik, behin izena emanda, ahal den urrutien iritsi nahi dut, baina bidea gozatuz.

Taldean bizi duzu txapelketa?

Lekunberrin aspaldi elkartzen gara kuadrillatxo bat eta txapelketa urtetan fundamentu gehiagorekin aritzen gara. Bestela Terre edo Juliorekin gutxitan topo egiten dugu. Aspaldiko lagunak gara eta Lekunberrikoak balio digu harremanari eusteko. Etxarrin Joseba Beltza, Saats Karasatorre, Joxema Leitza... hor egon dira eta nahiz eta ni izan oholtzara doana taldean ibili izan garela beti sentitu dut. Hori ere bada motibazio bat.

Nola ikusten duzu zortzikotea?

Aurten pixka bat berritu da taldea eta gu barruan mantentzen garen bitartean hori oso ongi dago! [barrez]. Bertso maila handia dago. Lagun talde bat ere bagara eta denok jarriko dugu guretik elkarrekin gustura egoteko. Ez dut hainbeste hitz egin aspaldi... [irriz].