Amaia Nausia Pimoulier

Sorginen memoria

Asteburu honetan historiagileak, antropologoak eta bestelako adituak deituak izan gara Iruñean antolatu den Sorgin Ehizaren Historiari buruzko I. Topaketa Feministan parte hartzera. Silvia Federici historiagile eta idazle feminista italiarra etorriko zaigu topaketotan parte hartzera. XVI. eta XVII. mendeetan Europa mailan eman zen ehiza horren biktimak kuantifikatzea zaila bada ere, historiagile batzuek eraildako 100.000 pertsona zenbatu dituzte; beste batzuek, berriz, kopuru askoz altuagoak ematen dizkigute. Irakurketa kuantitatiboak alde batera utzita, kualitatiboki emakumeen historian fenomeno honek suposatu zuen sarraskia neurtzea oraindik zailagoa izan daiteke. Eta emakumeez ari naiz jakin badakigulako sorginkeriarengatik jazarritakoen artean gehienak emakumezkoak zirela, Nafarroako kasuan %70 eta %80 bitartean. Prozesu historiko guztietan gertatzen den bezala, arrazoia konplexua da, baina esan dezakegu trantsizio urte horietan (Erdi Aroko feudalismotik estatu-nazio modernoaren eraikuntzara) inposatu nahi zen gizarte-ordena berri hartan emakumeen diziplinamendua indar zibil eta erlijiosoen zentroan kokatu zela. Zehazki, bakarrik bizi ziren emakumeak, alargunak gehienak, izan ziren ehiza honen biktimak. Hau da, emakumearen ideal kristauarekin, kastitatean eta amatasunean oinarritzen zena, apurtzen zuten emakumeak.

Ia mende oso batez, Euskal Herriko lurraldeetan auzitegi zibil eta eklesiastikoek sorginkeriarengatik milaka lagun epaitu zituzten eta, Nafarroarentzat ditugun datuen arabera, 100 bat pertsona izan ziren erailak. Ehunka biktima gehitu beharko genituzke erresumatik kanporatuak edo euren ondarearen galerarekin zigortuak izan ziren emakumeak ere zenbatuz gero. Asteburu honetako topaketak emakumeon memoria berreskuratzea du helburu nagusi, sorginkeriaren aitzakia baliatuz gogorki diziplinatuak izan ziren biktimen memoria berreskuratzea. Eta ez da inolaz ere lan makala, batez ere gure herrian, sorginaren irudia horren errotuta dugun gizarte honetan, non sarri ikuspuntu folklorikotik, jaiaren eta ospakizunaren abiapuntutik begiratzen diogun. Beharrezkoa da halako sufrimendua pairatu zuten emakumeei merezi duten lekua ematea, folkloreak eta jaiak askotan kentzen dion sakontasuna emanez auziari. Asteburu honetako Iruñeko topaketak horretarako abiapuntua emango digu, ikerketa taldeak martxan jarriz baina baita erakunde eta instituzioei deia luzatuz ere gai honekiko duten arduraz ohartu daitezen.

Gure aldetik, mundu akademikotik, badugu erronka polita; sorgin ehizaren ikerketa sistematikoa martxan jartzea. Gure herrian baditugu aitzindariak, Caro Baroja, Idoate, Reguera edo Usunariz, azken urteotan. Baina begirada feministak gaiak behar zuen zeharkako ikuspuntua eskaintzen digu orain. Jakin badakigu zeintzuk izan ziren biktimak, zeintzuk epaileak, datu kuantitatiboak ere mahai gainean ditugu, ehizari nork eta nola eman zion amaiera badakigu (Gustav Henningsenen ikerketei esker Salazar y Frias inkisidoreak horretan izan zuen papera ezagutzen dugu), eta jazarpenak izandako helburuaren susmoa ere badugu: gizarte ordena berriak eskatzen zuen feminitatearen idealean emakumeak doktrinatzea, eta ideal horri aurre egiten ziotenak diziplinatzea. Lan hori guztia Euskal Herriko, Estatuko eta munduko beste ikertzaileekin elkarbanatzeko aukera emango digu topaketak; erailak eta jazarriak izan ziren emakumeen memoria berreskuratzeko lehengo urratsa besterik ez da. •