Fernando Gimeno EFE
PERUKO HIZKUNTZA ZAHARRA

Betiko eta gaurko erritmoak bat eginda, kitxua ama hizkuntzan

Perun hiztun gehien dituen hizkuntza da kitxua, herrialdean baztertua izateko arriskuan dagoen hizkuntza zaharra. Hartara, bizirik iraun dezan, hizkuntza zaharra musika genero berriekin janzten ari dira zenbait talde. Uchpa taldeak 25 urte daramatza jada saiakera horretan eta azkenaldian gero eta talde gehiago ari da animatzen.

Uchpa musika taldea
Uchpa musika taldea

Kitxua da Ameriketako jatorrizko herrien hizkuntzarik erabiliena, nahiz eta bera ere bazterketaren biktima izan den. Kitxua hiztun gehien hartzen dituen Perun hizkuntza zaharra eta erritmo modernoak elkartu dituzte, bazterketaren aurkako borrokan rocka, bluesa, popa, rapa eta trapa oso lagun onak baitira. Inken hizkuntzak eremu berrietara zabaldu nahi du.

Musikari dagokionez, ingelesezko eta gaztelaniazko eskaintzak oso zabalak eta pluralak dira herrialdean. Testuinguru horretan, Peruko bertako zenbait artistak Andeetako betiko generoak belaunaldi berriek gehien maite dituzten erritmoekin fusionatu dituzte, komunikaziorako kitxua ama hizkuntza erabilita. Zortzi milioi lagunek hitz egiten dute kitxuaz Hego Amerika osoan, edo ikasi zuten behintzat, herritar batek baino gehiagok hizkuntza zaharra ezkutatzea nahiago izaten baitu, bazterketarekin lotzen duelako.

Uchpa (“errautsak” kitxuaz) izeneko rock eta blues taldea izan zen aitzindaria. 25 urte daramatza runasimi edo “geure hizkuntza” erabiltzen Andeetako folklorea beren erritmoan eskaintzeko. Fredy Ortizek abesten du eta Marcos Maizel gitarrista da pieza gehienen egilea. «Geure musikak Andeetako arima dauka. Ez da bakarrik rocka kitxuaz abestuta. Andeetako nekazari batek geure kantak entzunez gero, arima hori sentitu egingo du», esan dio Ortizek EFE agentziari.

Musikari bihurtu aurretik polizia izan zen Ortiz, Sendero Luminoso talde armatua indartsu zen garaian. «Gatazka biolento batean bi aldeek galtzen dute. Suntsiketatik errautsak besterik ez dira geratzen, kitxuaz uchpa esaten duguna, hitz laburra eta fonetikoki ederra. Kitxua oso adierazgarria da», esplikatu du ile luzeko musikariak, garai bateko rock izarren irudia duena. Abeslariak gogoratu du Uchpa taldea ia jolasean sortu zela, polizia soldata txikiarekin John Mayall, Johnny Winter, Jimmy Hendrix, Janis Joplin, Led Zeppelin, Deep Purple, AC/DC eta Rolling Stones bezalako taldeen kaseteak erosten zituen garaian.

Gero serioago hartuko zuen musika. Huaino Andeetako generoa eta rocka uztartuta “Ananao” («A ze mina!») sortu zuen aurrena. Baita Peru osoan arrakasta izango zuten abestiak ere, “Corazón contento” esaterako: aizturren dantza tradizionalean dantzariek erabiltzen duten txapela ikusgarria buruan kantatzen zuena, Peru sakoneko pieza koloretsu eta esanguratsuena oholtzara eramanez. «Peruko dantzarik eroena da. Txikitan, rocka, aizturren dantza eta behi adarrekin egindako waqrapuku instrumentua uztartzearekin amesten nuen eta orain horixe egiten ari gara», azaldu du Ortizek Limako La Noche de Barranco lokalean abestu aurretik.

Uchpa taldeak hiriburuko lehen kontzertua amaitzean, gazte asko hurbildu zaizkio abeslariari Andeetako Cusco, Huancavelica edo Apurimaceko gurasoak dituztela harro-harro esateko, Ortiz bera bezala. «Orain gaztetxo askok ez dute kitxuaz egiten, eta beste askok ezagutzen dute hizkuntza baina ez dute erabiltzen bazterketaren eraginez. Geure musikarekin, musika on eta egungoarekin, geure ama hizkuntza erabiltzera animatu nahi ditugu, azken urteotan galtzen ari garen hizkuntza zabaltzera».

Abeslari gazteen inspirazio

Uchpa taldearen ibilbideak Peruko abeslari gazte ugari inspiratu ditu: Renata Flores, Ruby Palomino eta Liberato Kani, esaterako. «Uchpa taldeak kitxuaz egindako ‘The house of rising sun’ abestiaren bertsioa entzun nuenean zirrara sentitu nuen. Horixe izan zen nik egindako lehen bertsioa», kontatu du Renata Floresek, 14 urterekin Alicia Keys eta Michael Jackson bezalako artisten kantak egokituta Perun oso ezagun egin zen abeslariak.

«Boom hura ez nuen espero. Burutik ez zitzaidan pasa ere egin kitxuari duen balioa ematearen aldeko mezua horrenbeste jendek ondo hartuko zuenik. Gainera, musikaren bitartez, guztiok hitz egiten dugun hizkuntzan alegia». Jada 18 urte beteta, uneotan Flores bere lehendabiziko diskoa prestatzen ari da. Abesti propioak izango ditu diskoak, eta, “Tijeras” abestian, traparekin ere ausartzen da abeslaria.

«Oso mezu potentea du ‘Tijeras’ abestiak eta doinuak zein egin dugun fusioa bera ere oso indartsuak dira. Nire faboritoa da. Abestiak emakumeei buruz hitz egiten du, isilik ez geratzeaz. Gaur egun dagoen ustelkeriaz ere hitz egiten du. Uyariy nisqayki, manchakuychu rimayta esaten du (“entzun guztiok, ez isilik geratu”)». Ayacuchon sortutako abeslariak esan duenez, «kitxuaz abestea ardura bat ere bada, hizkuntza bat ikasi, maitatu eta errespetatu egin behar baita. Horixe da munduari zabaldu nahi diodana, kitxua oso hizkuntza garrantzitsua dela, kultura eta historia oso bat atzean dituena», erantsi du.

Kitxuaren zolitasuna eta Andeetako hizkuntzan onomatopeiek duten adierazkortasuna gehiago nabarmentzen dira Liberato Kaniren rapean. Ricardo Flores Liman jaio eta Apurimacen hazitako hip hop abeslariak erabiltzen du izen artistiko hori. «Nire mezua argia da: kitxuak eta gainontzeko jatorrizko hizkuntzek duten soinua beste edozein hizkuntzak duena bezain ederra da musika egiteko», nabarmendu du.

«Kitxuak geure historia eta kulturarekin lotzen gaitu. Kitxuaz egiteko ez dago ezkutatzen ibili beharrik. Gure nortasunarekin ondo sentitu nahi dugu, baina hori galtzen ari gara, batez ere hirietan. Zorionez, hori aldatzen ari da gazteek abian jarri dituzten proiektuei esker», amaitu du Liberatok.