Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan

Denok gara Caster Semenya

Beste behin, matxismoa ezjakintasun sexualaz baliatu da emakumeen lekua kirolean eskoratzeko. Kiroleko arbitraje-epaimahaiak, Mokgadi Caster Semenya, emakume atleta hegoafrikarra, umiliatu berri baitu «atletismo femeninoaren zuzentasuna babesteko» helburupean. Tribunal horrek atletak testosterona kantitate gehiegi sortzen duela eta, kategoria femeninoan lehiatzen jarraitzeko, berau murrizteko medikazioa hartu beharko duela ebatzi du. Beraz, nahiz eta Atletismoko Nazioarteko Federazioaren araua diskriminatzailea dela baieztatu, neurria bermatu egin du. Nazioen Batasunak, ordea, neurria, giza eskubideen kontra doala eta genero estereotipoak indartzen dituela salatu du. Hala ere, Dohako Munduko Txapelketan parte hartzeko, Caster Semenya hormonak hartzera behartuko dute. Kirola, berriro, desparekotasunaren adierazgarri nagusi.

Federazioaren arabera, Caster Semenya intersexuala da, hiperandrogenismoa dauka eta, errendimenduari dagokionez, abantaila handiak eskaintzen dizkio. Aldiz, XX. mendetik jakin badakigu pertsona guztiak intersexualak garela, hots, denok ezaugarri femeninoak eta maskulinoak ditugula. Badirudi, ordea, ezagupen hori ez dela diziplina zientifikoen artean demokratizatu, ezta kirolean ere. Sexuak diferentziatzen eta dibertsifikatzen gaitu, izaki bakar eta errepikaezinak bilakatuz, eta hori intersexualitateari esker ematen da. Naturak emeak sortzeko joera dauka, beraz, hasiera batean, denok eme baten antzekoak gara. Ondoren, norbanako bakoitzak, bere biologia, kultura eta biografiaren ondorioz, sexu garapen ezberdina biziko du. Izan ere, emakume eta gizon orok androgenoak (adibidez testosterona) eta estrogenoak ditugu. Gainera, pertsona bakoitzak hormona kantitate diferentea eta hormonon arteko oreka desberdina dauka. Hortaz, ez dira inoiz bi emakume berdin jaioko, ezta era berean garatu, bizi eta adieraziko ere. Hau da, biologia sexuari dagokionez, ez da binarioa eta denok gara Caster Semenya.

Laburtuz, sexuak aniztasuna sorrarazten du maila guztietan. Emakumeek testosterona eta gizonek estrogeno asko edukitzea, gizonek barrabil bat eta obulutegi bat izatea, emakumeek bizarra edukitzea, gizonek alua izatea, emakumeak XY izatea eta abar, aniztasunaren ondorio naturala da. Hala ere, historian zehar eta zientziaren izenean, sexu aniztasuna gaixotasunarekin lotu eta medikalizatu egin da, berau ikertu eta ikasi gabe. Gainera, sexuaren arazo bakarra sexismoa denez, egun, sexu aniztasuna aintzat hartzen eta errespetatzen da, gizarte patriarkala kolokan jartzen ez dugun bitartean.

Gizonezko atleten artean ere aniztasuna dagoenez, beraien artean alde itzelak daude. Horrek, aldiz, ez du zalantzan jartzen nagusitasun atletikoa gizonezkoen ondare dela. Gizonak diferenteak izan daitezke, emakumeei, ordea, aniztasuna ukatu eta feminitate tradizional hegemonikoa inposatzen zaigu. Gainera, soilik gure artean lehiatu dezakegu, gizonezkoen gainetik bagaude ezin garelako emakumeak izan. Iritsi da ezjakintasun sexualarekin eta binarismoarekin apurtzeko garaia. Nahiz eta zientziak behin eta berriro gizakion berezitasuna aniztasuna dela demostratu, kirolean, ezagutzaren erabilera sexista egiten jarraitzen delako emakumeen menpekotasuna bermatzeko. •