Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Lurraldearen deiturak

Lurraldea osatzen duten berezko zein eraikiak diren gertaera fisikoei jartzen dizkiegun izenak toponimiak lurralde baten hizkuntza eta lurraldetasunaren adierazle dira; paisaia, hizkuntza eta kulturaren erdibidean. Baina izenburuan “lurraldearen deiturak” diogu eta ez toponimia, toponimiak begirada linguistikoa duelako eta tarte honetan arkitekturako betaurrekoekin arituko garelako.

Lurraldean zehar mugitzeko eta orientatzeko lagungarria zaigu lurralde zatiei izena ematea. Zer non dagoen jakiteko. Askotan, horretarako, zer zerekin dagoen erlazioan eta nolako erlazioa duten ere begiratzen da. Tokien izena aukeratzeko, bertako ezaugarririk agerikoena hautatu beharko da, deigarriena edo gailentzen dena, baina, batez ere, denontzat argigarria dena. Bestela ez du bere funtzioa beteko eta ez da erabilia izango. Paisaia ikuspegitik arras interesgarria gertatzen da lurraldeen deiturei arreta jartzea, leku bat bizi dutenen paisaia ulerkera jakin bat azaleratzen dutelako. Lurralde bat deskribatu ez ezik, nolakotasun bat ere adierazten dutelako, lurraldea irakurtzeko eta eraikitzeko modu baten erakusle dira.

Toponimia mapek hirigintza planeamenduan leku bat izan beharko lukete, genero, hizkuntza eta kultur ikuspegietatik lan-tresna boteretsua gerta daitekeelako. Kale izendegia jada mahai politikoan sartu den bezala, lurraldearen deiturek ere lurraldeari lotutako hainbat geruza azaleratuko lituzkete. Gure arbasoek aurkitutako lurraldeaz jabetuko ginateke; bertan egondako landaketa, eraikuntza, bide, elikagai, ekoizpen, pertsonaia esanguratsu, jolas leku, ezkuta leku, bilgune, arrisku. Lurraldean gertatzen zenaren narrazio baten antzera, edo, beste modu batean esanda, bizimodu baten lekuratze espazialaren kontakizuna. Argituko genuke ere gure arbasoek ikusten zutena, baita ikusezin egiten zutena ere. Jakin badakigu izenik ez duena ez (omen) dela existitzen. Baina, batez ere, lurralde baten biztanleriak bere bizileku fisikoarekiko izan dezakeen loturaz ohartuko ginateke. Izen bakoitzaren atzetik inguratzen gaituen eta amankomuna den horretarako interes eta atentzio jakin bat agerian gelditzen da, gizarte indibidualistak ezabatu duena.

Gaur egun, izenik gabeko lurraldeak eraikitzen ditugu. Izena emateko aukera egonik ere, izenak ez luke gaitasunik lurraldeaz eta lurraldetasunaz ezer esateko. Arazoa ez da hizkuntzaren mugetan aurkitzen, eraikitzeko moduan baizik. Ekonomiak eta burokraziak eraikitzen dituen herrien zabalguneetan ez da ingurunea, fisikoa eta soziala, aintzat hartzen –salbuespenak salbuespen–. Herri zati berriek ez dute inguruko magalekin elkarrizketarik sortzen –itxura aldatu dute–, ez dute jatorrizko egoerarekin erlaziorik ezartzen –trazak ezabatu dira–, ez dute keinurik egiten bertakoek leku identifikagarritzat jo dezaten –zerotik eraikitako berritasuna da–. Lurralde eta lurraldetasunarekiko gorra izateagatik, ez du deiturarako helduleku geografikorik. GPS orientazio legeak inposatu dira, lurraldeko koordenadetatik urruti. •