Itzea Urkizu Arsuaga

Txikitasunetik

Etorkizuna aukeratu egiten dugula sinestarazten digute tarteka, eta Kazetaritzaren eta Euskal Filologiaren arteko amildegi estuan jarri ninduen ni, selektibitate ondorenak. Kontuak zer diren: bigarrena aukeratu, eta ikasketak amaitu aurretik lehenengoan lanean hasteko zortea izan nuen. Beti maite izan dudan zerbaitetan, beti maite izan dudan nonbait: euskaraz, idazten, nire herrian eta nire herriaz. Honezkero pasatu dira zortzi urte, beste hainbeste inauteri eta bi udal agintaldi oso. Eta gertukoen zaizkigun ordezkari politikoak aukeratzera goazen honetan, ezin izan diot gai honi beste prisma batetik begiratu: tokiko komunikabideenetik.

Aitor dezadan, obsesio puntu batek harrapatu izan nauela, hauteskunde garaiko testuetan objektibotasuna mantentze horretan. Izan ere, kazetarion lana horretara mugatzen da, ia, kanpainan: haizeak eramango dituen promesak, zaplazteko dialektikoak, benetako besarkadak, bizkarrean emandako labankadak nahiz zintzotasunez landutako proiektuak, guztiak, kalkulu zorrotzenen mugetan kontatzera. Eta, hala ere, ez da nahikoa izaten.

Sigla, akronimo, talde eta alderdi bakoitzak baitu bere lupa propioa, kanpainaren jarraipenari begiratzeko, eta kontu naturala iruditzen zait. Irudipena dut, ordea, euskarazko komunikabide txikioi ez ote diguten, erabat, lupa horretatik begiratzen. Gure gertutasunak ez ote duen egiten, beste zenbait medioren distantzia hotsandikoaren alde. Gure txikitasunean, ez ote garen haien asmo handiak handiegi bilakatzeko itxaropen faltsua. Gure ahalegina ez ote den neurtzen, hauteskunde gauean zenbatutako botoen arabera.

Ez, ez naiz haserretik ari. Eta bai, hau guztia esanda ere, bihar nire botoak kutxan sartzera joango naiz, geure buruak eta bizitzak zaintzeko aukera eskaintzen didatenen alde. Botoak kutxan sartzera joango naiz, pentsatuz, hamabost eguneko lehia politiko honek gehiago duela lehiatik, eta etzi hasiko dela politika. Pentsatuz, etorkizun zati bat aukeratuko dudala. •