Joana Garmendia

Situazio-ironia sinestunentzat da

Ironia aztertzen dudala jakitean, denek izaten dute prest adibideren bat, eta galdetzen didate ea ironia den, edo zergatik den ironia, edo nola esplika dezakedan nire teoriarekin. Batzuetan, edo askotan, ez dira ironia-adibide garbiak izaten. Umore beltza, komentario ingeniosoak, hitz-joko barregarriak, horiek denak sartzen ditugu ironiaren zakuan. Nahaspila hori txukundu eta gauza bakoitzari bere tokia ematea, antzekotasunak eta aldeak argitara ekartzea eta mugak ondo zehaztea, horixe da ironia ikertzen dugunon lana.

Ironia mota bat baino gehiago dago. Normalean hizkuntzarekin, zerbait esatearekin, lotzen dugu ironia –hitzezko ironia da hori—. Baina, harrigarriki, zerbait ironikoan pentsatzean, sarritan, beste mota bateko ironiaren adibideak etortzen zaizkigu burura. Situazio-ironia kasuak dira asko eta asko, gertaera ironikoak alegia.

Suhiltzaileen etxea sutan kiskalita, hori da situazio-ironiaren adibide klasikoa. Egunero-egunero bizi ditugu gisa horretako gertaerak: euskaraz gaizki idatzia dagoen euskaltegiko kartela, kartzelan kondena betetzen ari den Zigor presoa. Sinbolo bihurtu den irudirik ere eman du situazio-ironiak: duela zenbait urte, Turkian, LGTB eskubideen aldeko manifestazioa geldiarazten saiatu zen polizia. Ur-kanoiak ireki zituztenean, jendea uxatzeko, manifestazioaren gainean harro zabaldu zen ostadarra sortu zuen urak, geldiarazi nahi zuten harexen ikurra eder eta handi marraztuz.

Zerk egiten du egoera bat ironiko?

Ez dago oso argi zerk egiten duen egoera bat ironiko, edo ez gaude horretan ikertzaileak ados behintzat. Egunerokotasunean zerbaiti ironiko esaten diogunean ere, lauso xamar erabiltzen dugu ironiaren ideia. Duela ez asko, sagardotegira joan ginen lagunak. Sagardoa gustatzen ez, eta ardoa eskatu nuen nik bazkaritarako. «Horixe bai ironikoa, sagardotegian ardoa edatea!» esan zidan batek. Esango nuke ezetz, ironiaren mugaz bestaldeko zerbait dela sagardotegian ardoa edatea. Hori gogoan nuen oraindik, lehengusuak, pasadizo haren batere berririk izan gabe, esan zidanean sagardotegian ikasi zuela berak ardoa edaten. Ironiaren antz handiagoa zuen hark, inondik ere. Eta atzo, bodegara bixitan joan ez joan ari ginela, sagardo-ardo ironikoen hirugarren perla entzun nion lankide bati: sagardotegi batean edana omen du berak inoizko ardorik onena, hara.

Mugak ez ditu oso argiak situazio-ironiak, edo ez dugu guk oraindik asmatu horiek zehazten. Bi ezaugarri behintzat badituela dirudi: beti du oinarrian nolabaiteko talka edo kontrastea, espero denaren eta gertatu denaren artean, uste genuenaren eta benetan izan denaren artean, nahi genukeenaren eta izan denaren artean. Suak itzaltzearen eta sutan kiskaltzearen artean bada talkarik, manifestazio bat zapuztu nahiaren eta manifestazioaren ikurra marraztearen artean kontraste nabarmena dago, sagardoa edatera joaten garen etxean ardoa edaten ikastea ez da berez espero zitekeena.

Gertatu egin den zerbait, nahi gabe

Situazio-ironiak, ironia denez, badu talka bat oinarrian, bada. Halaber, situaziozkoa denez, gertatu egin den zerbait da beti, nahi gabe, inoren ironia-asmorik gabe. Hori du bigarren bereizgarri. Euskaltegikoek nahita egin badute okerra kartelean, hori ez da gertaera ironiko bat (izango da beste mota bateko ironia, akaso). Zigorri ez zioten izena ironia-asmoz jarriko jaio zenean, baldinbaitere. Situazio-ironia, gertatu egiten da, ez du inork (nahita) sortzen.

Baina, gauzak zer diren, esango nuke gertaera horietan, soilik kasualitate huts bat, zerbait harrigarria, zerbait polita edo graziosoa, horrelako zerbait soilik ikusteko ordez, ironia atzematen dugula iruditzen bazaigu, horregatik dela hain justu: gertaera horri esanahia eman nahi diogulako, zerbaitegatik gertatu dela sumatzen dugulako, bizitzako keinu intentzionaltzat hartzen dugulako. Azken finean, zerbaitek eragin duela pentsatzetik gertu gabiltzalako. Situazio-ironia sinestunentzat da. •