Gorka Elejabarrieta

«Compromise»

El País” egunkaritik kanporatua izan aurretik, John Carlin idazle eta kazetari britainiarrak oraindik buruan daukadan artikulu bat idatzi zuen. Erresuma Batuko eta Estatu espainoleko kultura eta historia politikoak ederki ezagutu eta aztertu ditu urte luzez eta, berak dioenez, bat-batean konturatu zen ingelesez badagoela hitz klabe bat gazteleraz existitzen ez dena. Eta gabezia edo ezberdintasun hori bi herrietako ohitura eta jardun politiko ezberdinekin lotu zuen. Hitza compromise da. Aipaturiko artikuluan agertzen diren bi datu aipatu nahi nituzke. Oxford English Dictionary hiztegiaren arabera compromise hitzaren esanahia honakoa litzateke: “bi aldeek zedozertan amore emanda erdietsitako akordioa”. Gazteleraz hitzik gertukoena pactar litzateke eta, Espainiako Errege Akademiaren arabera, hauxe esanahia: “bi pertsona edo entitateren edo gehiagoren arteko akordioa, hori betetzera elkar behartzen duena”. Hari argumental horri tiraka azaltzen ditu Carlinek Estatu espainolaren ezintasunak dituen arazo estrukturalak konpontzerako orduan.

Artikulu hau bidaltzerakoan, ez dakit PSOEk eta Podemosek gobernu akordioa lortu ote duten, bigarren inbestidura saioa egingo ote den edo zuzenean hauteskundeetara joango garen berriro. Artikulu hau ez da horri buruzkoa, nahiz eta gertaturikoak esandakoa ongi baino hobeto adierazten duen. Gertatzen dena gertatuta ere, Estatu espainolean prozesuok guztiok dramatismo izugarriarekin bizi dira eta compromise hori “errendizioarekin” nahasten da behin eta berriro, eta, noski, errendiziotik traidore izatera igarotzen da bat, eta abar, eta abar. Bada, hori ere bada gure gaitzen arrazoi nagusietako bat. Norbaitek uste al du Euskal Herria Norvegian balitz, edo Finlandian, edo Danimarkan edo... erabakitzeko eskubidea dagoeneko onartuta izango ez zutenik? Eta hori horrela dela ondorioztatzen baduzu, arazoa nork dauka? Euskal Herriak edo Estatu espainolak? Gure zoritxarrerako, Estatu espainolaren arazo estruktural batek gatibu gauzka, eta, hori nola gainditu asmatzen ez dugun bitartean, jai daukagu.

Pentsa dezakegu Europar Batasunaren baitako gero eta estatu gehiagoren joera jarraituz (Erresuma Batua, Danimarka, Belgika…), egunen batean Estatu espainolak ere erabakitzeko eskubidea adostuko duela. Zaila edo ezinezkoa dirudi, baina, Nelson Mandela borrokalariak zioen moduan, «lortu arte beti dirudi ezinezkoa». Beraz, gerta liteke egunen batean arrazionaltasuna eta pragmatismoa espainiar politikara ere iristea. “Pragmatismo” hitza propio erabili dut, izan ere, jardun historikoa txalotu eta zuritu gabe, askoz pragmatikoagoa iruditzen zait Erresuma Batuak bere kolonia ohiekin egun daukan harremana Estatu espainolak bereekin daukana baino. Era berean, XXI. mendean, Europan, dibortzioa ilegala dela edota ezkontza betiko eta norbanakoaren borondatearen kontra mantendu behar dela argudiatzea gero eta zailagoa da. Eta izango da.

Era berean, pentsa dezakezu Estatu espainolak ez duela horrelakorik sekula egingo, ez duela sekula erabakitzeko eskubidea aitortuko, Europara baino, Turkiara gerturatuko dela, eta, ondorioz, ez dagoela adosturiko irtenbiderik. Irtenbide adostua ez dagoen agertokietan, compromise hori baztertzen denean, bi aukera geratzen dira: galdu edo irabazi, win-win agertokiak desagertu egiten dira. Mahaiaren beste aldea hutsik dagoenean, nire ustez, hutsune hori beste partaide batzuekin betetzea nahitaezkoa da: independentista ehuneko “nahikoa” eta nazioartea kasu. Beste hitz batzuekin esanda, alde biko prozesua posible ez denean, hobe alde askotariko prozesu bat eraikitzea beste aktore batzuei protagonismo handiagoa emanik.

Edozein kasutan, gurean beti amaitzen dugu eztabaidatzen helmugaz, bukaera modu batekoa ala bestekoa izango den, eta, aldiz, gutxi hitz egiten da bideaz, eguneroko pausu eta erabakiez. Estrategia ondo asmatu beharra dago, dudarik ez, baina bidea ere bai, eta horrelakoetan ez dago bide zuzenik, bide perfekturik. Lagun bati duela gutxi entzun diot politikan bost kontradikzio baino gutxiago izatea sektarismoa dela. Nola esango ote da compromise euskaraz? •