Ramon Sola

Polizia jantzian kamuflatuta datorkigu ultraeskuina

Marijaiarekin batera ehunka eta ehunka polizia helduko dira gaur Bilbora. Harro esan du Itziar Urtasun zinegotziak: iaz baino %20 handiagoa da aurtengo polizia kopurua, eta duela bi urte baino %90 handiagoa. Indarkeria matxistaren aurka egiteko beharra jarri du arrazoitzat (edo aitzakiatzat?). Izan ere, egindako adierazpenetan ez du aipatu nahi izan duela bi aste eskas Etxebarria parkean sei gizonen artean neska bat bortxatu zutela, inongo poliziarik ohartu gabe. Ez da Bilboko ezaugarria, jakina (eta tamalez, oso tamalez). Donostiako Aste Nagusian, jendez lepo zeuden tokietan gertatu dira sexu erasoak azken bi urteotan, iaz Zurriolako diskofestaren ondoan, aurten Flamenkan. Iruñeko bortxaketa aski ezaguna Gaztelu plazatik 300 metro eskasera jazo zen, eta uztailaren 6ko gauean. Ez, guztiok hori nahiago genuke dudarik gabe, baina emakumeen aurkako sarraski horrekin amaitzeko giltza ez du Poliziak, borroka askoz zabalago eta zailagoa izan beharko da.

Gaur zortzi, auskalo zenbat armadun, kolore guztietakoak, bilduko dira kilometro gutxi batzuen bueltan, G7 taldea arrazoi eta aldi berean aitzakia dela. Izan ere, guztiz justifikaezina da Estefania Beltran de Herediak iragarritakoa: 4.000 ertzain inguru G7aren zerbitzura, Irunen gotortuta antza baina itxuraz muga zeharkatu eta mundu osoko telebistetan agertzeko irrikaz. Sailburuari batean eta bestean emandako elkarrizketetan beti galdera berak entzun ditut: herritarren eskubideak babesteko egongo omen da bertan Ertzaintza. Baina, Iñigo Cabacas gogora ekarri beharrik gabe, abendutik hona arrazoi politikoak direla medio euskal herritarrek jasandako hiru ekintza bortitzenak Poliziak berak egin ditu; Bilboko Anneri masailezurra apurtu diote, Biarritzeko Lolari masailezurra eta bi hortz, eta Baionako Antoineri eskua galarazi. Horrelakorik berriz gertatzeko arrisku nabaria ez al da trafiko afera guztiak baino lazgarriagoa?

Beldurrez betetako aro honetan erraz du Poliziak aurrera egitea. Eta horretan ari dira, kontzienteki, herritar askorentzat uniformeak ikusteak plazebo-efektua dakarrela jabetuta. Juan Maria Aburto beste profil batekin heldu zen alkatetzara, baina, Clint Eastwooden plantaren faltan, Iñaki Azkunaren hitz-jario harroputz antzua bereganatu du. Erne sindikatuaren ustez, gutxi dira Irunera bidalitako 4.000 ertzain horiek, bejondeiela! Urtasun zinegotziak mespretxuz erantzun die Bilboko konpartsei, «segurtasuna ez dela negoziagarria» adieraziz. Beltran de Herediak Ficobako ekitaldiak ere sartu ditu Ertzaintzaren agendan, bertan “segurtasun publikoari” begira inolako eginbeharrik ez duela jakina izan arren. Lapurdin agertoki ederra aurkitu dute Christophe Castanerrek eta Fernando Grande-Marlaskak, Parisko zein Madrilgo Barne ministroek, beren propaganda ariketarako. Bistan da, puztuta daude sekurokrata guztiak, eta axolagabe-edo herritarrak. Seinale nabarmena aipaturiko Annerena da; aurpegia foamezko pilotakada batekin txikitu ondoren etxera isuna helarazteko puztuta egon behar du gero Ertzaintzak.

Hauteskundeetako emaitzak eskuetan, ultraeskuinak ez duela Euskal Herrian ordezkaritzarik lortu oso aipatua izan zen apiril-maiatzeko zikloan. Baina, aldi berean, nabaria da ultraeskuineko zenbait joera abiadura handiz indartzen ari direla gurean, bereziki Poliziaren aldekoak (beste kontu bat da azkenean horrek Voxen hautetsontzia ez, EAJrena betetzen duela). Polizia ereduaren gaineko eztabaidari heltzeko garaian ginela uste genuenean, atzera egiteko bultzaka ditugu berriz, borra-kolpeka eta pilotakadaka ez bada. •