31/08/2019

Maite Ubiria Beaumont
Alkaterik onena herria, edo hautetsien jokabidea G7a kari

Zerbitzu publikoak eta laguntza sozialak murrizten diren bitartean 36,4 milioi euroko kostua izan duen gailurrak utzitako albo kalteak, dendarien artean bereziki, kutxa publikotik ordainduko dituzte

Herriko bozekin batera, lehen aldikoz, sufragio zuzenaren bidez ez bada ere, Euskal Elkargoko ordezkariak hautatuko dituzte Ipar Euskal Herriko herritarrek heldu den udaberrian. Hitzordua urrun samar dagoela onartuta ere, urte politikoaren hasiera gertu dugula, boto-ontzietara zuzenduko dira gurean begirada guztiak, hala aitortu edo ez. Azkeneko asteotan mundu mailako eta frantses Errepublikako agintariek euskal lurraldea erakusleiho gisa erabili ahal izateko polizia okupazio itogarria jarri dute martxan Euskal Herrian, Bidasoko bi aldeetako herritarren eguneroko jarduerak hankaz gora jarriz eta, bide batez, demokraziaren profila botereguneen komenentziaren arabera moldagarria dela berretsiz.

Goi mailako agintarien jardunek albistegiak irentsi dituzte. Salbuespenak salbuespen, beraien joan-jinak, txangoak, keinu eta hitzak jabetu dira kontakizunaz. Lehen mailan, sistemaren legitimitate hutsuneak indarkeriaren bidez estaltzeko aparteko arazorik ez duten boteredunak; azkeneko lerroan, herritarrak. Eta tartean, han nonbait, dantzan, batzuk ageriago beste batzuk kukutuago, ondoko hilabeteetan herritarren konfiantzaren bila hauteskundeei begira jarriko diren tokiko hautetsiak. Horrela adierazi edo ez, norberak bere kalkuluak eginez, oreka puntua non den atzeman nahian, asmatu nahian anfitrioi papera nola bete herritarren begi aitzinean sinesgarritasun gehiegi galdu gabe. Horretan ere, denek ez dute, alta, ez partidu bera ez lehia berdinean jokatu. Esposizio mailatik hasita, hautetsien eremuan alde handiak izan dira, baita hautu interesgarri batzuk ere, protokoloak utzitako eremu hertsia izanik ere. Euskal diputatu eta senatariek, baita departamenduko buruzagiek ere, irribarretsu burutu dute Estatuko gailurretik beraientzat agindutako papera. Sinesmen osoz, prestasun osoz, anbizio osoz, Castaner Barne ministroak besapean ekarri zuen segurtasun eskema legitimatuz ikusi genituen goi bilera hasi aitzin ere. Geroztik, liluratuta jardun dute, pausoz pauso, Biarritzeko paisaia ederrak mundu zabalera zabaldu dituen ekimenaren kontalari pribilegiatuaren papera gustura hartuta.

Bide batez, hautetsi handien gorteak Michel Veunac auzapez zentristaren posizioa sendotu du. Hala ere, behin gailurreko atrezzoa desmuntatuta, bilanaren kudeaketa ez dela oso samurra aurreratu daiteke. Aldez aurretik Veunacek iragarri zituen onurak nortzuek eskuratu dituzte? Kalte-ordainen plana egikarituko da azkenik ala euskal kostako hirian oso nabarmena den haserrea baretzeko baizik ez zen iragarri finean osatuko balitz denon diruarekin ordainduko litzatekeen funtsa? Baionako eta Hendaiako auzapezek, Jean-Rene Etchegarayk eta Kotte Ezenarrok, hurrenez hurren, kalkulatutako distantzia atxiki dute. Hainbat lekukoren arabera, Castanerrekin telefono elkarrizketa aise garratza ukan zuen Etchegarayk larunbatean bertan bere hirian ezarritako debeku gunean manifestari eta kazetariekin batera herritar soilak zepo batean harrapatuta zirela jakin zuenean. Ezenarro, G7 EZ! plataformak eginiko lana goraipatu ondoren, ez zen bertaratu «G7ari eginiko harrera ona» eskertzeko polizien jaunak eta Eliseoko andereak Biarritzen antolaturiko azkeneko agerraldira, gonbidapena izan arren. Udako sutea itzalita, udaberria amets. •