Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Damak materia iluna argitzeko deman

Izar talde batek erakusten zuen ezohiko higidura abiadura azaltzeko proposatu zuen Fritz Zwicky astronomo suitzarrak materia ilunaren existentzia 1930eko hamarkadan. Behagarria den kosmosaren masa nahikoa ez eta ikusten ez dugun masa bat egon behar dela postulatu zuen horrela. Egun, behagarria den materia unibertsoaren %5 soilik dela uste da, beste %25 materia iluntzat eta gainerakoa energia iluntzat hartzen delarik. Guztiz ezezaguna zaigun materia hori detektatzeko erronka zabalik da oraindik eta, gizon haren atzetik, damak izan dira dema horretan protagonista.

Texaseko Unibertsitateko (AEB) Katherine Freesek 1986an proposatu zuenez, Eguzkiaren inguruan egiten dugun translazioan materia ilun kantitate eta fluxu ezberdinetatik igarotzen gara, eta aldaketa hori neurtzeko gai izan beharko ginateke, nahiz eta oso zaila izan materia mota ezezagun horren eta arruntaren artean ematen den elkarrekintza bestelako fenomenoetatik bereiztea. Freesek proposatu demari jarraiki, Erromako Unibertsitateko Rita Bernabei buru duen taldeak 1997tik darama Apenino italiarretan kilometro bateko sakoneran aurkitzen den DAMA tresnarekin lanean. 100 Kg sodio ioduroz osaturiko blokean, elkarrekintza ezberdinak neurtu eta ekainero seinale berezi bat antzematen dute. Badirudi Lurra zonalde horretatik pasatzean elkarrekintza handiak ematen direla materia ilunarekin. Nolabait azaltzearren, parabrisan zomorroak pilatzen zaizkion autoaren adibidea har dezakegu: urtean zehar zomorroen norabide eta abiadura berean mugitzen ahal gara, talka gutxi emanez, baina ekain aldera badirudi parez pare topatzen ditugula, parabrisa zomorroz betetzen zaigularik.

Bernabeiren behaketek, baina, ez dute zientzia komunitatearen ezagutzarik momentuz, fenomenoa detektatzen dela hogei urte pasa direnean ez baita DAMAren moduko seinalerik behatu antzerako beste esperimentuetan; ez Minnesotako (AEB) Soudan meatzean, ez eta Xenona darabilten Xenon 10 zein Xenon 100 tresnekin ere.

Ikerketa bide hori zabalik da eta gaur egun bi proiektu ari dira DAMAren emaitzak frogatzeko datuak biltzen: 2017tik Canfrancen (Espainia) ANAIS proiektua eta 2016tik Hego Korean COSINE 100. Azken horretan ari da lanean Reina Maruyama, Yale Unibertsitateko (AEB) ikerlaria. Bere esanetan, bi urte barru izango dute datu nahikorik DAMAren emaitzak berretsi edota gezurtatzeko, azken hori zailxeagoa bada ere. Lehenengo kasuan, hurrengo urratsak Hego Hemisferioan seinalea detektatu (Australian SABRE deritzana martxan da jada) eta materia ilunaren izaeran sakontzen hastea lirateke. Bigarren kasuan, berriz, beste bide batzuk esploratu beharko dira eta DAMAk hogei urtean eman seinalea berrinterpretatu.

Bide horretan, ez legoke soberan aurreko artikuluan aipatzen nuen Kameleoiaren Teoriaren antzerako alternatibekin materia eta energia ilunaren izaera bera zalantzan jartzen jarraitzea, berauen existentzia proposatzera eraman gaituzten teoria grabitazionalei astindu bat emanez. Oxala dema horretan ere damak izatea aitzinean! •