Mikel Zubimendi Berastegi
analisia

Bat denontzat, denok bat

Zibilizazio krisi bete-betean, amildegiaren ertzean gaudela diote adituek. Horren aurrean, solidaritatearen antzinako ideal noblea berpiztu behar dugu, karitatea, filantropia edo enpatiatik harago. Denok gaudelako elkarri lotuta, jaiotzatik gizadiarekiko zordun.

Adituek diotenez, eta Nazio Batuen Erakundeko batzorde bateko zientzialariek berriki adierazi dutenez, 11 urte dauzkagu hondamendi klimatikoa ekiditeko. 11 urte! 131 hilabete!

11 urte barru apokalipsiaren ateak joko omen ditu gure zibilizazioak, eta aurrekaririk gabeko erabakiak hartu ezean, aurrekaririk gabeko neurri eta ekintzarik gabe, ziurra omen da apokalipsiaren maldetan behera amilduko garela. Nola ekidin hain denbora gutxian hain handia den zibilizazio krisia? Ba al dugu aukerarik? Horren inguruan hausnartzea izango dute xede letrok.

Aurrenik, gu guztion patuak lotuta daudela barneratu behar dugu, norbanako atomizatuen kulturak honaino ekarri baikaitu. Aberastasunarekiko eta boterearekiko obsesioak gure habitataren eta gizakiaren beraren suntsiketarako bidea zabaldu baitu. Eta aterabidea aurkituko baldin badugu, ezinbestean, gizakion patuaren, gizakion jokaera partekatuen inguruko ikuspegi oso ezberdin baten jabe egin behar dugulako.

Elkartasuna da funtsezko funtsaren funtsa. Solidaritatea da giltza. Gaur egun, baina, antigoaleko hitza bilakatu da “solidaritatea”, eta, ezkerreko ekintzaile talde batzuetan salbu, hizkuntza politikotik desagertu samar dago. Ez da hor kanpoan erraz antzeman eta asko erabiltzen den ideia.

Itxura eta mamia

Izan ere, itxura bera duten kontzeptu piloa erabiltzen dira egun, baita asmo onekoak eta laudagarriak direnak ere. Itxurak itxura, baina, ez dira elkartasunaren berdinak. Hartu, adibidez, aliantza eta altruismorako egiten diren deiak. Aukerakoak izatean, hor omen dute dohaina, baina, egiari zor, kutsu moralista darie eta fidagarria ez den joera har dezakete. Pertsona ona eta eskuzabala izateko gonbidapenak dira, ez guztiz beharrezkoak diren masazko ekintza adostuetarako pizgarriak.

Eta bitartean, beste batzuk, aberatsagoak diren beste batzuk, “enpatia” eta “hurkoa lagundu” bezalako hitzekin mintzo zaizkigu. Txalogarriak diren dohain pertsonalak dira, jakina, baina hankamotz geratzen dira mobilizazio politiko sendo bat pizterako orduan.

Jende boteretsuak elkartasuna baino nahiago du “karitatea”, baita horren kide instituzionalizatua den “filantropia” ere. Bertutearekin errimatzen duten hitzokin, boteretsuek beren “ontasuna” azal dezakete, pobrezia eta zapalkuntza sortzen duen sistemaren parte edo arduradun direla sentitu gabe. Izan ere, filantropia emailearen eta jasotzailearen arteko tartea bere horretan uzteko bidea ere bada.

Ohiki, dinamika atzerakoi horietan, emaile dirudunek beren eskuzabaltasunagatik txalo akritikoak jasotzen dituzte, filantropo aberatsak existituko ez liratekeen gizarte justuago baten aldeko eztabaida oztopatuz.

Eduki baino, egin

Elkarri lotuta egoteak ez du esan nahi elkar bereizterik ez dugunik, elkartasunak ez du esan nahi denok igual-igualak garenik. Izan ere, solidaritateak identitatearekin badu lotura bat, baina ezberdina da.

Elkartasunak bi forma har ditzakeela esan izan da. Bata, mundutarra, xumea, eta, bestea, sublimea. Aurrenekoak berdinetik berdinera lotzen du, berdintasuna baieztatzen du. Eta, kasu eta testuinguru zehatzen arabera, ahaldundu edo banatu egin dezake. Bigarrenak, aldiz, kanpora begiratzen du, zabalagoa den horizonte batera. Ez du bakarrik ezberdina den bestea aitortzen, baizik eta besteekin bat egiten du, ezberdintasunak ezabatzeke baina ezberdintasunetik gain besteengana iritsiz. Forma horretako elkartasunak identitatearen mugak urratzen ditu, berdinak ez garen arren, gu eta besteak konektatzen gaitu.

Elkartasuna, solidaritatea, metodo bat izan daiteke ezberdinen arteko harreman politiko eta sozialak sortu eta sendotzeko. Elkartasuna ez da estimu edo adiskidetasun sentimendu bat, batasun edo konexio zentzu difuso bat, ezta talde egonkor batean lehendik dagoen lotura ere. Ez. Identitatea ez bezala, elkartasuna ez da norberak duen zerbait, egiten den, egiten dugun zerbait da, helburu partekatu baten aldeko ekintza sorta. Sentitzen den zerbait den heinean, ezin da besterik gabe eman, sortu eta landu egin behar da. Egin egin behar da, ez aurkitu.

Elkartasunak herria egiten du, komunitatea, bertan sustraituta dago, eta, beraz, aldi berean bidea eta helburua da. Elkartasuna praktika bat da, jendeari, guri, putzu honetan denok batera gaudela barneratzen laguntzen diguna. Elkartasuna, karitatea eta filantropia ez bezala, ez da aldebakarrekoa. Gure bizitzak elkarri lotuta daudela jakitetik sortzen den elkarrekikotasun forma baita.

Jaiotzatik zordun

Ikuspuntu horrek inplikazio sakonak ditu, ez bakarrik aldaketarako elkartasuna indartu behar duten mugimendu sozialentzat, baita gizarte bat nola ulertzen eta antolatzen dugun galderari erantzuteko garaian ere. Eta oso bereziki denbora ero eta dislokatuotan: hainbeste krisi eta hain mehatxagarriak ditugun honetan, elkartasuna eguneroko ekinaren eta ekintza antolatuen molde ezinbestekoa da.

Pertsona mundu honetara etortzen den unetik, bere jaiotzatik, gizadiarekiko zordun da. Sortze beretik gaude iraganeko eta etorkizuneko harreman sareetan loturik. Solidaritateak badu zor sozial bat ordaintzearen ideia bere baitan, elkarrekiko interdependentziak, herritar guztien artean ia kontratuzkoak diren betebeharrak dakartza, irakaskuntza publikoaren, gizarte segurantzaren, ongizatearen, lanaren forma hartzen dutenak.

Zoritxarrez, egun zerbitzu sozialak elkartasun erradikal baten eredutik baino karitatetik kudeatzen dira, benefizentzia liberal baten bitartez. Elkartasunaren ulermen eta praktika kolektibo koherente baten faltan, aberatsek beti galdetuko dute ea zergatik “eman” behar dieten besteei merezi ez dutena; hala, beren parte justua ordaintzeari uko egingo diote. Eta hari beretik tiraka, gobernua zergen bitartez jabego pribatuak lapurtzen dituen munstro bat dela pentsatuko dute, ama itogarri bat, zer egin behar dugun etengabe esaten digun umezaina.

Baina ez daukagu denbora asko. Elkartasuna, solidaritatea, lotura eta koalizioak eraikitzea, ezinbestekoa izango da ekologikoki iraunkorragoa eta ekonomikoki justuagoa izango den mundu baten aldeko borrokan.

Nekea eta saria

Elkartasunak, baina, ez du borroka bakarrik sorrarazi behar, zeren alde borrokatzen ari garen gaineko ulermena ere sortu behar du. Elkartasuna oinarri izango duen mundu baten alde, solidaritatea oinarri izango duen estatu baten alde borrokatzen gara, ez bakarrik onuradunei baliabideak banatuko dizkiena, baita baliabideok nola ekoitzi, banatu eta kudeatu era demokratikoagoan erabakiko duena. Elkartasun mundu batek biak eskatzen dituelako, neke konpartitua eta sari konpartitua.

Eta elkarri eskuak emanda, elkartasunaren sokatik tiraka eta bultzaka, alimaleko desafioari egin beharko diogu aurre: hondamendi klimatikoa gelditzeko ez dugu behar goitik, agintari iluminatu batzuengatik etorritako karitaterik, beste zerbait beharko dugu, kolektiboa izango den autoliberazio baten aldeko kanpaina sendo bat.

Antzinako “zordunak” bezala, mundura “gizateriarekiko zordun” jaio garenetik, batak bestea, batzuk besteok erreskatatu behar ditugu. Ez da beste aukerarik. Solidaritatea ala solidaritatea. Edo beste hitz batzuekin esanda: elkartasuna beti, eta beteki, edo gure denbora bukatu egingo da.