21/09/2019

Reportage
«HARRIA»
Euskal kulturaren sustraietatik ekarritako doinu, dantza eta poesia berriak

Joan den larunbatean «Harria» ikuskizuna estreinatu zuten Gasteizko Foru Plazan. Herri kirol probak hartzeko leku aproposa da, baina ez zen herri kirol ikuskizuna izan, ez hori soilik. Iñaki Palacios txistulariak, Mulixka Dantza Taldeak eta Iñaki Perurena harri jasotzaile eta poetak sortutako ikuskizun berritzailea da «Harria». Harria, euskal kulturaren sustraietatik gaur egunera ekarrita.

Xabier Izaga Gonzalez
0921_harria2

Harria. «Hotza zarela, astuna, iluna/ baina zuk badakizu/ nere ukituak esnatu egiten zaitu/ nere igurtziak piztu/ arindu nere magalean/ eta harrotu nere bizkarrean/ nere harri kuttuna». Iñaki Perurenaren poesia horrekin hasten da “Harria” diskoa, txistua elementu nagusi duen diskoa. Poesia hori eta beste hainbat entzun ziren, halaber, joan den larunbatean Perurenaren beraren ahotik izen bereko ikuskizunean. Iñaki Palacios txistulariak, Mulixka Dantza Taldeak eta harri jasotzaile leitzarrak elkarlanean sortu dute “Harria”, musika, dantza eta poesia batzen dituen ikuskizuna «gure musika eta dantza tradizionala berpiztuz soinu eta koreografia berriak sortzeko».

Joan den astean aurkeztu zituzten ikuskizuna eta diskoa Gasteizko Vital Fundazioa Kulturunean. Bertan, Ritxi Aizpuru Baga-Biga diskoetxeko koordinatzaileak gogoratu zuenez, Palaciosek orain dela bi urte Arabako Errioxako mahats bilketarako “Ardoaren dantza” egin zuenean, bera harrituta geratu zen txistu batek nolako abiadura har dezakeen entzunda. «Iñaki ez da txistulari bakarra Euskal Herrian, badaude beste batzuk oso izen handikoak, baina halako zirimola bat sortu zen eta jende asko erakarri zuen, eta hori oso garrantzitsua da», azaldu zuen Aizpuruk. “Harria” lanaren gainean, berriz, ikuskizunean musikari eta dantzari Iñaki Perurenaren poesia batuz «barruko sentimenduak adierazita daude, eta horrek sekulako bultzada emango dio», nabarmendu zuen.

Diskoan doinu leunak entzuten dira, txistu doinuak, baina, tresnaren eztitasuna nabarmenduta eta «talkarik gabe», pop edo rock ukituko soinuak ere agertzen baitira. Aizpururen ustez, borobiltasun izugarria lortu dute txistua erdi-erdian jarrita, gitarraren, baxuaren eta bateriaren laguntzarekin; abesti guztiak trikitiak gorpuzten ditu eta gehienetan harrizko txalapartak bat egiten du txistuaren gozotasunarekin. Ukitu pop, country edo rockeroek ez diote txistuari protagonismorik kentzen; aitzitik, haren balioa nabarmentzen dute. «Gure lurrean txistua trikitia baino lehenagotik dago, hori horrela da, baina, orain dela ez dakit zenbat urte, trikitiarekin batera desagertu zen, dantza behar zelako, dantza lotua, ligatu egin behar zelako», gogoratu zuen Aizpuruk.

Txistuaren balioa berreskuratzea izan liteke lan honen helburuetako bat. Bestea, harria altxatzea. Horretarako, harri jasotzailerik handienetako baten parte hartzea dute, oraingoan besorik, gorputzik erabili gabe, ordea, hitza baizik. Hartara, Iñaki Perurenaren poesiek, musikari eta dantzari batuta, altxatuko dute harria, ikuskizun benetan ederra.

Estreinaldi arrakastatsua

Larunbateko estreinaldiaren ostean GAUR8k Josu Sanchez Mulixka taldeko dantzari eta ikuskizunaren koreografiaren egilearekin hitz egin zuen. Pozik zegoen, pozik egoteko moduko erantzuna jaso baitzuten lepo betetako Gasteizko Foru Plazan. Leku hori aukeratu zuten Perurenaren lorpenak gogoratzeko, eta aurrerantzean ere leitzarraren ibilbide arrakastatsua markatu duten plazetan egingo dituzte emanaldiak. Bestetik, iluntzean egin zuten, ikuskizunak argi efektu ugari baititu. Kaleko ikuskizuna izanda, ez zekiten nolako eguraldia egingo zuen, emanaldiak nolako harrera izango zuen, eta, zalantza guztiak uxatuta, lasaitu ederra hartuta mintzo zen Sanchez: «Dena ondo atera zen, borobila izan zen». Horrek adore handiagoa eman die udaberritik aurrera egingo dituzten emanaldietarako, Iñaki Perurenak Josuri esan zionez, «hau Euskal Herrian zehar eramateko».

«Ez dugu istorio konkretu eta bakar bat kontatzen, baizik eta protagonista bereko istoriotxoak», azaldu zuen Sanchezek. Izan ere, Iñaki Perurenaren poesia lagun, harriarekin lotutako hainbat gertakari, lan edo kirol agertuko dira musikaren eta dantzaren bidez: harri zulatzaileak, harginak, harri jasotzaileak…

Sortze prozesua

Josu Sanchezek eta Iñaki Palaciosek 2012an elkarlanean sortu zuten “Ardoaren dantza”, eta ondoren “Lurra, ardoa, dantza”. Aspaldiko lagunak direnez, adiskidetasun hori lanean islatzen al den galdetu diogu Sanchezi, eta ez du luze pentsatu. Elkar ondo ezagutu eta elkarrenganako konfiantza dutela dio, eta hori emaitzan nabaritu egiten dela, «aurreko sortze lana errazten du». Nabari da musikaren eta dantzaren arteko konplizitatea, benetan musika dantzarako eta dantza musikarako eginda daudela.

Sortze prozesuari dagokionez, Iñaki eta Josu elkartu eta ideia zaparrada batekin hasten dira. Gaiaren inguruko musikaren eta kontaketaren gaineko hausnarketa egiten dute, bakoitzak dagokion arloan, ondoren dena bateratzen dute eta musika eta dantza taldeekin lan egiten hasten dira.

Iñaki Palacios musikaren egileak dioenez, proiektu honetarako hemengo nortasuna islatzen duen zerbait egin nahi zuten, indar handiko izenburu batekin, eta Josu Sanchezi harria etorri zitzaion burura. Sanchezek dioenez, Palacios eta bera tradiziotik bizi dira, txistutik eta euskal dantzatik, alegia. Beren arloetan eraberritu nahi izan dute beti, baina sustraietara joz. Eta Euskal Herriko kulturari eta beste batzuei lotuta egon den elementu baten bila harria topatu zuten berehala.

Gaia erabaki bezain laster, Iñaki Perurenarekin hitz egitera joan ziren. «Perurenari esan genionean, hausnarketa batzuk jakinarazi zizkigun, eta guztiz ados gaude berarekin». Leitzako lehen bileratik atera baino lehen, nafarraren baietza jaso zuten. Perurenaren iritzia eta aholkuak entzun eta dokumentazio lana egin ondoren, garai bateko lanbideen eta gaur egungo herri kirolen gaineko istorioak antzezteko koreografia egiteari ekin zion Sanchezek, betiere kale ikuskizuna izango zela argi izanda.

“Harria” ikuskizuna “Lurra, ardoa, dantza” lanaren estetikaren jarraipena dela diote. «Nolabait emozioen errusiar mendia da, baina hemen abestiak eta koreografia emotiboagoak dira, baita Perurenaren parte hartzea ere, berarentzat harria zer den eta nola sentitzen duen azalduz...». Une oro lantalde bat direla azpimarratu nahi izan du Sanchezek: «Bakoitzak badaki zer egin behar duen eta koordinazio horretatik etorri da emaitza».