28/09/2019

Chronique
 
BAKARDADEAK GARAITU ZITUENAK

XX. mendearen hasieran milaka euskaldun abiatu ziren Ameriketako Estatu Batuetara etorkizun hobe baten bila, gehienak Nevada, Montana, Idaho eta Kaliforniara. Nevadara joan zen artzain Txomin Malaxetxebarria gizaburuagarra 19 urterekin eta, bertako basamortuan burua galdu ondoren, Estatuko Espetxeko gas ganberan bizia ere galdu zuen 58 urterekin. Txominek bezala herritik urrun bakardadea lanbide izan zuten etorkin guztiak omendu nahi ditu «Bakardadeaz borrokatzen» ikuskizunak.

Xabier Izaga Gonzalez
0928_artzainak4

Ikuskizunarekin, «garai batean gu ere emigratzaileak izan ginela» gogorarazi nahi dute. Emigrazioaren gaineko hausnarketa da, beraz, baina baita maiorazkoaren gainekoa ere, «onerako eta txarrerako»

Txomin Malaxetxebarria 19 urterekin abiatu zen AEBetara eta ez zen inoiz itzuli. Hainbat urte eman zituen Nevadako basamortuan, burua galtzen hasi zen arte. 58 urte zituela, Estatuko Espetxeko gas ganberan hil zuten

Euskal Herria emigrante herria da. XIX. eta XX. mendeetan euskaldun ugari abiatu ziren besteak beste Ameriketara askotariko arrazoiak zirela eta. XX. mendearen hasieran, milaka joan ziren etorkizun hobe baten bila, gehienak Nevada, Montana, Idaho eta Kaliforniara. Baina amets amerikarra garesti ordaindu beharra zegoen, urruntasuna eta bakardadea lanbide hartuz. Batzuk, gutxienez ondo bizitzeko lain diru lortuta, herrira itzuli edo han geratu ziren; beste batzuk, baina, ez ziren inoiz itzuli eta miseria gorrian hil ziren. Txomin Malaxetxebarria izan zen horietako bat. Bat baino ez, baina ehunka, milaka joan ziren berarekin bateratsu. Horiek guztiak omendu nahi ditu “Bakardadeaz borrokatzen” ikuskizunak Txomin Malaxetxeberriaren istorioa kontatuz, antzeztuz.

Maiatzean estreinatu zuten ikuskizuna, Ispasterren. Ondoren, San Pedro bezperan, Lekeition ere eman zuten. Uda ostean, entseguak hasi dituzte atzera berriro eta GAUR8k Jose Antonio Elu, Mikel Lacalle eta Rikardo Gonzalez de Durana taldeko kideekin hitz egiteko aukera izan du, proiektu horren nondik norakoen berri jakiteko.

«Gu ere emigratzaileak izan ginen»

Jose Antonio Elu antzezpenaren zuzendari eta proiektuaren sortzaileak aspaldi irakurri zuen Koldo San Sebastian kazetariaren artikulu bat, Txomin Malaxetxebarriaren bizitzaren berri ematen zuena. Hori buruan, istorio hura jende askorena, Euskal Herritik atzerrira joandako beste lagun askorena izan zitekeela pentsatu zuen. Malaxetxebarria Gizaburuagakoa zen, Ameriketara joandako beste hainbat bezala. Izan ere, Eluk dioenez, joan den mende hasiera hartan Gizaburuagako bizilagunen ia %30 joan ziren AEBetara. Joan eta jan, horretara joaten baitziren.

Ikuskizunarekin, «garai batean gu ere emigratzaileak izan ginela» gogorarazi nahi dute. Emigrazioaren gaineko hausnarketa da, beraz, baina baita maiorazkoaren gainekoa ere, «onerako eta txarrerako. Maiorazkoari esker baserriak eta lurrak banatu gabe jarraitzen zuten mendeetan. Baina oinordeko ez zirenek baserritik alde egin beharra zeukaten etorkizun oparo baten bila. Eta ez zuten amets hori beti betetzen», dio Eluk.

Elu 60ko hamarkadatik musika taldeetan gitarra jotzen ibili izan da, eta ezkondu ondoren jardun musikala Lekeitioko Estudiantinara mugatu zuen. Hala ere, duela urte bi Mikel Lacalle eta Felipe Zelaietarekin jotzen hasi zen Gasteizko Abetxuku auzoan, De la Casa anaien estudioan. Malaxetxebarriaren istorioa aspaldi irakurri eta haren gaineko kantu bat egin zuen, Bizkaiko Kantu Txapelketan Sortzaileen Saria eraman zuena. Iaz, Abetxukuko taldeak kantu hori prestatu eta zerbait gehiagorako bide izan zitekeela pentsatu zuten. «Rockeroak ez direla inoiz hiltzen –dio Eluk irribarrez–, baina edade honegaz, zer edo zer gehiago eman behar genuela pentsatu genuen, jendeak interes handiagoa edukitzeko. Eta istorio hori beste kantu batzuekin lotuz gero, eta nik baneuzkan beste kantu batzuk eginda, ikuskizun bat egin zitekeela ikusi genuen». Hartara, Ardi Ilun Blues Band izango zen musika taldeari bertsolariak eta dantzariak ere batu zizkioten ikuskizun horretarako.

Han ere, euskaldun

Txomin Malaxetxebarria gizaburuagarra 1912an abiatu zen AEBetara, 19 urte baino ez zituela. Hara joan eta ez zen inoiz itzuli. Hainbat urte eman zituen Nevadako basamortuan bakardadea lagun edo, hobeto esateko, etsai, burua galtzen hasi zen arte. Nevadan bizi izan zen eta bertako Estatuko Espetxean hil zuten, gas ganberan.

Busturialdetik eta Lea-Artibaitik jende askok egin zuen urte haietan AEBetarainoko bidea, batez ere barnealdeko jendeak, Eluk dioenez. «Lekeitio itsas portua zenez, hango jendeak bazeukan lana itsasoan, baina baserritarrek itsasoan lan egitea, pentsatu ere ez. Inguruko herrietatik, jende mordoa joan zen. Gipuzkoatik berdin, kostakoak ez, baina barrualdekoak asko, eta Nafarroatik, Lesaka, Etxalar eta inguru horretatik, pilo bat. Garai hartan han, Estatu Batuetako mendebaldean, artzain gehienak ziren euskaldunak. Ez zegoen Iparraldekorik edo Hegoaldekorik. Euskal etxeetan batzen ziren denak, euskal kantuak abesteko, hemengo ohiturak gorde, musean egin... eta ezkondu ere elkarrekin ezkontzen ziren maiz».

Joan zirenei omenaldia

Mikel Lacallek azpimarratzen du beren lana batez ere omenaldi bat dela, hara joan zen jende horri eskainitakoa. «Adierazi nahi dugu batzuetan hura zerbait bukoliko gisa ikusten dugula, amets amerikarra eta abar, baina oso gogorra izan zela argi utzi beharra dago. Eta oraingo etorkinekin lotuta, garai desberdinak diren arren, batzuetan arinkeria handiz hitz egiten dugula, oso ondo bizi direla esanez, eta, gainera, laguntza publikoez baliatzen direla. Islatu nahi dugu, oro har, zer gogorra den beste leku batera joatea, hizkuntza arrotz bat egiten den leku batera, mendira, basamortura...».

Ildo beretik mintzo da Rikardo Gonzalez de Durana. Garai hartako istorioak gaur egun ere gertatzen diren antzeko egoerak salatzeko baliagarriak direla nabarmendu du. «Malaxetxebarria 1952. urtean hil zuten gas ganberan, gaur egun AEBetan indarrean dago heriotza zigorra, eta Pablo Ibar heriotza-korridorean egon da luzaroan, eta bera bezala beste asko, jakina. Bakardadea aukeratua denean, onuragarria izan daiteke, baina hala ez denean, hainbat urte igarota ere, benetako dramak gertatzen dira». Orain aspaldi ez dela, Gasteizen bere etxean denbora luzean hilik izandako andrea aurkitu zutela ekarri du gogora. «Txominen garaia eta oraingoa alderatzen baditugu, formak guztiz aldatu direla ikusten dugu, Internet eta teknologia berrien garaia da hau, baina pertsonaren beharrak antzekoak dira, arazoak berdintsuak: bakardadea, bazterkeria... eta, haien ondorioz, antzeko dramak sortzen dira».

Taldea

Rikardo Gonzalez de Durana eta Felipe Zelaieta dira bertsolariak, protagonista eta narratzailea, hurrenez hurren. Felipe, gainera, gidoiaren egilea da. Dantzariak Lander Arriaga amorotarra eta Eneko Balerdi aiarra dira. Ballet dantzaria, Ane Meabe gaztea da, Lucia Lakarraren eskolakoa. Musikaz Ardi Blues Band arduratzen da: Alberto eta Nando de la Casa anaiek baxua eta teklatuak jotzen dituzte; Alfonso Rojo Gorrik, bateria; Jose Antonio Eluk, gitarra; Mikel Lacallek gitarra eta abestu ere egiten du; eta Felipe Zelaietak, gitarra, txistua eta ahotsa jartzen ditu. Guztira, 14 laguneko taldea, artistak eta teknikariak kontuan izanda. Bi dantzariak dira.

Ardi Ilun Blues Bandek abesten dituen letra gehienak Eluk eginak dira, eta baten batzuk Zelaietak. Musika konponketak, berriz, Alberto eta Nando de la Casa anaiek. «Musikari ezagunak dira, eta oso maila handikoak, besteak beste Ruper Ordorikarekin ibiliak», dio Eluk.

Antzezpena

Lanaren gai nagusia bakardadea da, eta horrek dakarren desesperazioa. Tarteka umorez tratatuta, baina alde dramatikoa nabarmenduta.

Txomin bakarrik dago, Nevadako basamortu batean, «karro-kanpo»; alegia, «artzain haiek karabana, zaldia eta txakurra alboan egoten ziren», azaldu du Eluk, «eta ardiak. Horrela sei bat hilabete egoten ziren. Eta han zeudela amets egiten zuten». Amets horiek ere agertzen dira ikuskizunean, balletaren bidez. Istorioaren atalen artean, berriz, euskal dantzariak agertzen dira. Txominen heriotza ere ballet dantzariak antzezten du, “Legends of the Fall” filmeko musikarekin, gas ganberako kea eta guzti. Azken kantua Ruper Ordorikaren “Zaindu maite duzun hori” da, halako ondorio baten adierazle: «Txomin Ameriketara joan barik Gizaburuagan geratu izan balitz, haren bizitza bestelakoa izango zen, bere lagunekin, bere herrian», azaldu du Eluk.

Proiektua Abetxukoko Kultura y Natura elkarteari eta Lekeitioko Zehatz Mehatz musika elkarteari esker atera dute aurrera, soinu ekipoa eta beste hainbat baliabide jarri baitituzte euren eskuetan.

Ikuskizuna Bizkaian bezala Euskal Herriko beste edozein bazterretan ere eskaintzeko asmoa dute, eta eurekin harremanetan jarri nahi dutenentzat badute web orri bat: bakardadeaz.kulturaynatura.com. Emanaldi bat Gasteizko Aihotz plazan egiteko asmoa dute, oraindik lotu gabe badute ere. Eluk interes berezia du plaza horretan jotzeko, 1978an hantxe jo baitzuen folk talde batekin, Oskorri eta Josu eta Jokinekin batera, plaza gainezka zegoela, eta gogoan du hilabete bat lehenago Iruñean hil zuten German Rodriguezi kantu bat eskaini ziotela. «Ez naiz hilko bertan berriro jo barik», dio Eluk barrez, «hori odolean daukat sartuta».

 

Domingo Malaxetxebarria, bakardadeak eta bizimodu latzak burua galarazitakoa, amets amerikarra bete ez zutenen ordezkari

Txomin Malaxetxebarriaren bizitzaren bidez euskaldun askoren bidaiak eta bizimodua kontatzen ditu “Bakardadeaz borrokatzen” lanak. AEBetako mendebaldean aurkitzen zituzten baldintza haietan, ez zen gauza bitxia gero eta aldarte garratzagoa izatea.

Joan den mendearen hasieran Euskal Herritik Ameriketara joandako milaka artzainen gaineko datu asko bildu zituen Koldo San Sebastianek, tartean Domingo Malaxetxebarriaren ibilbidearen eta heriotzaren gainekoak. San Sebastianen lana izan da “Bakardadeaz borrokatzen” ikuskizunerako iturri nagusia.

Domingo Malaxetxebarria Gizaburuagako semeak, Euskal Herrian beste askok lez, AEBetara emigratu zuen 1912an, 19 urte zituela. Gizaburuagako 90etik gora gizon-emakumek egin zuten bide bera urte haietan. Urte hartako martxoan New Yorkera iritsi eta handik Nevadara joan zen, Humboldt konderriko Paradisera, hain justu, han bere anaia bi bizi ziren eta. Paradisen, izen hori gorabehera, ez zuen zorionik topatuko, ezta hurrik eman ere. Urteak joan ziren, urte gogorrak basamortu haietan, eta Domingoren anaiak eta beste asko etxera itzuli ziren. Bera ez, ordea, eta bizi baldintza gogor haiek eta denborak izaera aldatu zioten. Gero eta zakarrago, bortitzago eta, ezinbestean, bakartiago bihurtu zuten. Eta burua galtzen joan zen.

1947an, liskar bat izan zuen Nevadako iparraldeko ostatu batean beste euskaldun batekin, Claudio Yturriaga ereñarrarekin, hain zuzen. Domingok buruan jo zuen ereñarra eta ospitalera eraman behar izan zuten. Malaxetxebarriak Poliziari esan zionez, ogia eman ez ziolako egin zion eraso. Urte biko kartzela zigorra eta 5.000 dolarreko kalte-ordaina ezarri zizkioten. Kartzelatik irten baino lehen azterketa psikiatrikoa egin zioten, eta, behin kalean, aldean zentimorik ez zuela eta bere ospe txarra zabalduta, inork ez zuen kontratatu nahi izan. Aurrerantzean alderrai ibili zen konderrian zehar.

1951ean Winnemuccako ospitalean sartu zuten, behartsuen atalera. Handik egun gutxira, ospitaleko bainugela batean itxi eta irteteari uko egin zion, ospitaleko langile batek komuneko atea zabaldu zuen arte. Domingok hoditeriatik askatu zuen burdina batez langilea zauritu eta alde egin zuen. Ihesean, adineko paziente bati hainbat kolpe jo eta hil egin zuen, eta beste horrenbeste egin zuen momentu hartan agertu zen erizain batekin ere. Zenbait lagunek Domingo menderatu ostean, Poliziak atxilo eraman zuen, bere onetik aterata, eta polizia etxeko zelda batera sartu zutenean, guztiz baretu zen, «ezer gertatu izan ez balitz bezala». Lehen aldiz giltzapean egon zenean burutik sano ote zegoen jakiteko egin zioten azterketak ez zuen ezertarako balio izan, ez fiskalaren ustez behintzat, «indar handiko gizona da, ez dago burutik eginda» azpimarratu baitzuen; ezta epaimahaiaren ustez ere, erizainaren heriotzaren errudun jo eta, ondorioz, gas ganberan hiltzera zigortu baitzuten.

Carson Cityn hil zuten, Estatuko Espetxeko «gas ganbera berrian», 1952ko azaroaren 13ko goizeko seietan, norbaitekin hitz egiteari edo nahi bereziren bat asetzeari uko egin ondoren.