Joana Garmendia

Kataluniako zenbaki-dantza

Aste hauetan irudirik ibili bada sare sozialetan aurrera-atzera, Kataluniako manifestazio eta ekitaldien irudiak izan dira gure ordenagailuen eta bestelakoen pantailak bete dituztenak. Bada marrazki bat behin eta berriz ikusi dudana, eta deigarri egin zaidana: ezker aldean manifestazio jendetsua dago, lasai ederrean, pankartaz eta banderaz jantzia. Eskuin aldean, izkina batean, norbait ari da bortxaz auto bat txikitzen. Erdian, hamar bat kazetari: den-denak eskuin izkinara begira, autoari eraso egiten ari zaion hari argazkiak egiten, irudiak grabatzen, arreta osoa eskaintzen. Erraz ulertu dugu marrazkilariak adierazi nahi izan duena: kazetariek, gertatu diren gauza guztien artean, bakan batzuk erakutsiko dizkigutela; eta ez beti, gauzarik nabarmenenak, handienak, objektiboki garrantzitsuenak.

Marrazkiko kazetarien jokaera gaitzesgarria irudituko zaio, akaso, jende gehienari; marrazkia egin duenaren helburua, behintzat, gaitzespen hori erakustea izan da, bistan denez. Zalantza sortzen zait niri, ordea: zenbateraino dugu jokaera hori gaitzesgarritzat? Esan nahi dut, kazetari batek, kazetari denez, egin behar ez lukeen zerbait al da? Ez nago ziur puntu horretaraino ote daukagun gaitzesgarritzat. Esango nuke, gehiago, egoki ez deritzagun arren kazetariek egiten dutela badakigun zerbaitzat daukagula. Publizitate-iragarkietan errealitatea apaindu egiten dutela dakigun moduan. Edo, gisa bertsuan, politikariek hauteskunde-kanpainan egindako promesak ez direla bene-benetakoak dakigun moduan. Ez zaigu oso zintzoa irudituko, baina, tira, hori da kazetariek, publizistek eta politikariek egiten dutena.

Pentsa, bestela, zein alde legokeen marrazkiko kazetariek egin dutena egin duenaren eta argazki bat berariaz Photoshop bidez aldatu eta horrela publikatu duenaren artean. Nago, bigarrenaren jokaera gogorrago gaitzetsiko genukeela. Aldea ikusiko genukeela batak eta besteak egindakoaren artean. Argazki bat, nahita, moldatu, gertatu ez den zerbait erakuts dezan (edo alderantziz)? Kazetari batek ezin du hori egin, ez da zilegi; gaitzetsi eta zigortzekoa den jokaeratzat daukagu hori. Baina, benetan al da horren nabarmena bi jokaeren arteko aldea? Azken batean, esango nuke, biek dute helburu bera: ez digute gertatu dena gertatu den bezala erakutsi nahi.

Berdin gertatzen da, argazkiekin ez, eta hizkuntzarekin ari zaizkigunean. Gauzak hitzez kontatzen ari zaizkigunean, alegia. Kazetariak erabakitzen du, marrazkikoen gisara, zer kontatu eta zer ez. Are gehiago: erabakitzen du, baita ere, gauzak nola kontatu, eta nola ez. Eta, kontatzeaz ari garela, auzi honek eragiten die zenbakiei eta kopuruei ere. Zehatzetan zehatzena eman dezakeen horri, bai. Inork pentsa lezake kopuru baten berri ematean gauzak zuri edo beltz direla, egiazko edo faltsu: 20 lagun bildu direnean egia bakarra 20 bildu direla esatea dela; ez 21, ez 19. Bada, ez.

Ohituak gaude manifestazio, greba edo antzeko deialdi baten biharamunean zifra-borrokak ikustera komunikabideetan. Halaxe izan da Bartzelonakoan ere: antolatzaileek 750.000 zirela diote; Poliziak, 525.000. Komunikabideek, bat edo beste –nora lerratzen diren–. Kopuru-dantza horretan, baina, batek egia esan du, besteak ez. Hor ez dago grisik; hor zuri edo beltz da. Zifra faltsua eman duen kazetariak, gezurra esan du, Photoshop erabili duenak nola. Eta kazetari batek ez luke gezurrik esan behar, ez da zilegi; gaitzesgarria eta zigortzeko modukoa da hori.

Baina kopuruekin ere bada grisean dantza egiten duenik. Bartzelonako manifestazioaz, irakurri dut “ehunka mila” lagun bildu zirela, baina baita “milaka” zirela ere, edo “ehunka”. Ehunka lagun. Ez da gezurra: 750.000, badira, izatez, “ehunka lagun”. Hor ez dago Photoshopik. Baina, marrazkiaren eskuineko izkinara begira jarri nahi gaituen kazetariak bezalaxe, hori idatzi digunak ere ez digu errealitatea bere osoan erakusten. Baina, tira, hori da kazetariek egiten dutena. •