Gorka Elejabarrieta

Bideaz bi hitz

Irlandan konponbide prozesuak eskema jakin bat jarraitu zuen, elkarrizketa eta negoziazio prozesua gai diferenteen arabera banatu zuten eta adostasuna gaika lantzen hasi ziren. Hori bai, metodologikoki adostu zuten guztia adostu arte ez zegoela inolako adostasunik. Hau da, atal diferente guztietan adostasuna erdietsi arte, atal batzuetan lorturikoek ez zutela inolako baliorik. Dena ala ezer ez.

Gure gatazkaren konponbide prozesuak bide berriak ireki ditu. Gatazkan dauden aldeek ez dute beti gatazka konpontzeko interes berdina. Are gehiago, gerta daiteke aldeetako batek –normalean Gobernuan dagoenak– ez izatea ez inolako beharrik ezta interesik ere gatazka konpontzeko. Konponbidearen bidez irekiko den agertoki berriak, teorian, behintzat, demokratikoagoa beharko lukeenak, arazo handiagoak ekar ditzakeela pentsa dezake aldeetako batek. Eta win-win argirik gabe, zaila edo ezinezkoa da alde guztiek interes berdintsuak izatea.

Horrelako egoeretan blokeoa eta gatazkaren betikotzea izan ohi dira ondorio nagusiak. Gatazkak dakartzan ondorioen betikotzea, gutxienez. Eta egoera horrek blokeo politikoa ekarri du toki eta agertoki diferente askotan. Gure prozesuak blokeo eta betikotze horri irtenbide bat eskaini dio, alternatiba bat, eta aurrera egiteko bide berriak ireki ditu. Norberak erabaki behar du bide berri horiek norbere aukera politikoak handitu edo txikitu ditzaketen, emaitzak ez baitaude ziurtatuta, eta arriskuak ere handiak baitira. Baina politikan, bizitzaren beste alor guztietan bezala, iniziatiba, norbere burua berritzea eta irudimena behar-beharrezkoak dira. Einsteinek esaten zuen bezala, gauza berberak egiten emaitza desberdinak espero izatea eromena delako.

Prozesua alde askotarikoa izan da gurean, Euskal Herriko hainbat eta hainbat eragile, alderdi, mugimendu, antolakunde eta pertsonak parte hartu dute, eta nazioartearen esku hartze handi eta berritzailea bultzatu eta eragin du. Eta jarraitzen du, eta jarraituko du, gatazkaren azken ondorioei konponbidea eman arte. Kasu honetan bidea, prozesua, izan da subjektu nagusia. Ez du hasiera eta amaiera argirik izan, ez da egon akordio orokor edota osorik. Bide edo prozesu horretan inflexio puntu, une oso garrantzitsuak egon dira, dudarik gabe, baina ez da egon Ostiral Santuko akordiorik. Irlandako adibideak, Euskal Herrikoak eta munduan dauden beste askok frogatzen dute ez dagoela gauzak egiteko modu bakarra. Eta arazo bakoitza partikularra den heinean, konponbideak ere partikularra izan behar duela. Ezin da “kopiatu eta itsatsi” egin. Ez dago, ingelesek esaten duten moduan, oin guztientzat balio duen zapatarik.

Zergatik diodan hau guztia? Bada, Euskal Herrian batzuetan gauzak zuri edo beltz bakarrik ikusteko joera dugula iruditzen zaidalako; galderei beti erantzuten diegu bai ala ez, oso deterministak garela iruditzen zait. Eta munduak, politikak, bizitzak, finean, beste modu batean funtzionatzen dutela deritzot. Zenbat eztabaida –normalean sofa-twitter eztabaida– Euskal Herriko prozesuak aldebakarrekoa edo aldebikoa izan behar duen! Eta, nire harridurarako, batzuei ez die balio ez aukera batek ez besteak. Zenbat mokokada PNVrekin edo PNV gabe egin behar ote duen aurrera prozesuak; alderdiek freno, aitzindari, sustatzaile edo zer demontre izan behar duten...

Zutabe honek munduan gertatzen direnak eta gertatuko direnak aztertzeko xedea du. Gutxitan asmatzen dugu, baina ez zaigu asmatzea eskatzen, bestela aspaldi kaleratuta geunden hemen txandaka idazten dugunok. Hipotesiak luzatzeko aukera ematen digu, aukera bat mahai gainean jartzeko, eta, batzuetan, baita horren kontrakoa ere hurrengo artikuluan. Nazioarteko politikak zeozer erakusten badigu, behin eta berriro inposatzen dena errealitate printzipioa dela da. Eta errealitateak sarri –gero eta gehiagotan– oso gutxi dauka logikatik, arrazionaltasunetik, justiziatik edota balio progresistetatik. Gero eta aldakorragoa da, gainera. Inork ez daki Kataluniakoa, Eskoziakoa edota Euskal Herrikoa nola amaituko den. Argi dagoen bakarra da helmugara iristeko bidea egin beharra dagoela. Eta horretarako eragin, militatu, busti egin beharra dagoela. Antolaketa, konpromiso eta jardunik gabe, ez da ezertxo ere aldatuko. •