Xabier Izaga Gonzalez
MUSIKA, SENDAGAI

Genesis proiektua, Estatu Islamikoak bahitutako emakumeak laguntzea xede

Mugarik Gabeko Musikariek eta Talka Galeriak beste proiektu bat abiatu dute Irak aldeko Kurdistanen Estatu Islamikoak bahitu, bortxatu eta esklabo bihurtutako emakumeek lehengo bizimodua berreskura dezaten. Ernesto Knorren «Genesis» eskultura Gasteiz eta Khanasore arteko lotura izatea nahi dute.

Ez dakit zer den latzagoa, bonben soinua edo, haurren zain, eskolako isiltasuna, haiek ezkutuan daudela». Khanasoreko Mirzo Music Center musika eskolako irakasle baten hitzak dira. Jesus Mari Alegria Urtiaga Pinttu Mugarik Gabeko Musikarien presidenteak gogoratu ditu hitzok, bere gobernuz kanpoko erakundearen eta Gasteizko Talka Galeriaren azken proiektuaz ari dela.

Mirzo Music Center musika eskolak Gani Mirzo musikari eta ekintzaile solidario kurduaren izena du. Joan den udan eraiki zuten Khanasore herrian, Irak aldeko Kurdistanen, Estatu Islamikoak bahitu, bortxatu eta esklabo bihurtutako emakumezkoei musikaren bidez laguntzeko asmoz. Emakumezko horiek beren herrietara itzuli eta ohiko bizimodua berreskura dezaten. Proiektuak, alde batetik, oinarrizko musika prestakuntza eskaintzea du helburu, eta, bestetik, hango musika tresna tradizionalak berreskuratzea, betiere emakumezko horiek suspertzeko eta birsozializatzeko estrategia psikologikoa ahalbidetzeko.

«Genesis»

Lan horretarako, eta Gasteizko musika tresna bankuko materiala eta arropak garraiatzeko, Mugarik Gabeko Musikariek eta Talka Galeriak Genesis ekimena abiatu dute Ernesto Knorr eskultorearen laguntzarekin. Artista gasteiztarraren izen bereko eskulturaren bidez Gasteiz eta Khanasore lotzea proposatu dute. Eskulturaren eskala txikiko hainbat erreplika salgai jarri dituzte, eta euren asmoa Khanasoren eta Gasteizen neurri handiko eskultura bana jartzea da.

Horretarako instituzioen laguntza beharko lukete baina, Pinttuk dioenez, «motel dabiltza. Gizarte ekimenen, kulturaren alde lan egiten dutenen atzean ibili beharrean, haien atzetik ibili beharra dago. Kasu honetan guk lana, irakasleak, tresnak eta gehiena jarriko dugu, eurek lonja bat besterik ez dute jarri behar». Izan ere, musika tresnak gordetzeko lokal bat behar dute, eta Udalak uztea erabaki bitartean, Gasteizko elkarte batek eskaini die bere lokala, eta apaiz batek bere elizako korua. Musika tresnez gain, arropak ere bildu dituzte, inguru hartako negu gogorrari aurre egiten laguntzeko. Dagoneko jende, kirol talde eta denda solidarioek zirak, elastikoak eta oinetakoak eman dizkiete hango errefuxiatu eremuetara helarazteko.

Knorren eskulturaren erreplika Gasteizko Talka Galerian eskuragai dago, eta zenbait ale saldu dituzte dagoneko. Lehenbizikoa emakume batek erosi zuen, musika katedradun nafar batek, hain zuzen, eta bigarrena beste emakume batek, hedabideetan agertzea gustuko ez duen aktore famatu solidario batek.

Ernesto Knorrek bere obren erakusketa bat jarri zuen Talka Galerian duela zenbait hilabete, eta, proiektuaren berri jakin zuenean, Gorka Basterretxea Talkako arduradunarekin eta Pinturekin harremanetan jarri eta bere lana eskaini zuen. Horrela azaldu du Knorrek bere lana: «Askatasun bulkada bat iradokitzen digu, lokarrietatik libratzeko premia, baikortasuna piztu beharra... hegan egiteko gogoa. Eskulturan bi lerro irekitzen dira, bertatik itxaropen pusketa batzuk isuriz».

Laborri amaigabea

Khanasore herria dagoen Sinjar eskualdea gogor kolpatu zuen Estatu Islamikoak, eta horren ondorio da batez ere emakume yezidiek jasaten duten egoera traumatikoa. Baina hango laborria ez da amaitu, ohikoak baitira Turkiako Armadaren erasoak. Duela egun batzuk musika eskolaren ondoko ikastetxe bat eta urtegiak bonbardatu zituzten, eta oso bizi-baldintza penagarritan bizi dira. Pinttuk dioenez, lehenbailehen bidali nahi dute materiala, eta bidea aztertzen ari dira, muga asko zeharkatu behar baitituzte Europan eta Asiako eskualde haietan zehar.

Iaz tona bat musika tresna eraman zuten Gasteiztik Siria aldeko Kurdistaneraino, bidaia luze eta gorabeheratsu batean. Gani Mirzok berak parte hartu zuen espedizioan eta, GAUR8ri esan zionez, Turkiako Armadaren erasoek atzeratu egin zuten bidaia. Orduan dokumental bat egin zuten, “Gerra ondorenerako harmoniak”, eta orain Sinjar eskualdeko emakumeen egoeraren gaineko beste bat egiteko asmoa dute.

Oraintsu arte, Turkiaren inbasioa baino lehen, inguru lasaia zen Rojava, eta lasaitasun haren bila joan ziren bertara inguruko errefuxiatu asko. Orain, berriz, Turkiaren erasoez gain, Estatu Islamiko birpiztuaren atentatuak jasaten hasi dira bertan. Azken hogei egunetan Siria eta Irak aldeko Kurdistan inguruan 350.000 errefuxiatu gehiago omen daude.

Genesis proiektuaz ari garela, Pinttuk telefono dei bat jaso du. Gani Mirzo da. Bartzelonan dago, bertan lan egiten baitu aspaldi, baina ahal duenetan Kurdistan aldera egiten du. Han familia dauka. Bere herria alde guztietatik erasota, atsekabetuta ageri da. Estatu Islamikoaren aurkako borrokan «seme-alabarik onenak galdu» zituela gogoratu du. Izan ere, gizon emakume kurduen sakrifizioari esker hasi zen atzera egiten Estatu Islamikoa.

Turkiaren mehatxua eta Estatu Islamikoaren atentatuek ez dute albiste onik espero izateko tarterik uzten. Mirzok berak eman digu bi ordu eskas lehenago Qamixli bere herrian izandako atentatuaren berri. Zenbait hildako eta dozenaka zauritu izan dira. Ordubetetsu geroago, berriz, bi apaiz armeniar gelditu eta hil egin dituzte. Aspaldi ez zegoen Estatu Islamikoaren erasorik, eta orain Rojava, askotariko jendeen eta kulturen babes eta askatasun ikur hura, Turkiaren eta jihadisten bonben mende utzi dute haren “aliatuek”.

Berdintasun eskolak

Siria eta Irak aldeko Kurdistangoak ez dira Mugarik Gabeko Musikariak elkartearen proiektu bakarrak. Duela 24 urte sortu zenetik, beste hainbat garatu ditu mundu osoan.

Duela bi hamarkada, gobernuz kanpoko erakunde horretako kide eta Pintturen anaia Gabriel Alegria Gabik haur immigranteen abesbatza bat sortu zuen Gasteizen, “Umeen koroa”. Haren lehen emanaldia Argentinako zenbait komunitate indigena edateko uraz hornitzeko egitasmo baten aldekoa izan zen. Ostean, beste proiektu batzuetan laguntzeko eskatu zieten, eta guztietan parte ahal izateko, beste hainbat abesbatzaren, abeslariren eta musikariren parte hartzea lortu zuten, baita disko bat grabatu ere.

Immigranteen abesbatza hura kanpotik zetozenak ezagutzeko eta haiekin bizitzeko modu bat izan zen. Bizikidetza lantzeko tresna bat. Kanpotik zetozenei, «euskal herritar berriei», harrera egiteko modua. Ideia hori oinarri, abesbatza gehiago sortu nahi dituzte, «hemen eta nonahi». Kezka bat du Pinttuk, eta duela zenbait urte Parisko banlieue auzoetan gertatutakoa dakar gogora: «Immigranteen semeak eta bilobak dira, eta hemen ere gerta liteke, haien inguru sozialera gaizki moldatzeagatik, eta gu haiekin batera ez bagoaz, arazoak izango dira. Gure erronka bizikidetza da, eta kulturekiko errespetua denen aldetik». Horretarako, hezkuntza ezinbestekoa dela dio, eta horrelako proiektuak garatu eta zabaltzeko premia dagoela benetako berdintasun eskolak sortu arte. Batez ere gizartearen babesa behar dute, baina baita instituzioena ere.

Isiltasun delitua

Federico Mayor Zaragoza Unescoko zuzendari ohiari proposatu diote eskola horien «errektore» izatea. Haren “Delito de silencio” (Isiltasun delitua) liburuxkak iradoki zien isiltasunaren aurkako borroka. Pinttuk dioenez, gobernuz kanpoko erakundeen xedea elkartasun eta justiziaren alde lan egitea da, bidegabekeria oro salatuz. Haren ustez, badira zenbait gobernuz kanpoko erakunde enpresa handiak direnak, haiek bezala funtzionatzen dutenak. «Gobernuz kanpokoak gara, eta diru laguntzarik gabe uzten bagaituzte ere, salaketa funtsezkoa da, bidegabekeria salatzea edozein kode etikoren araberakoa da, eta ez da egiten».