Amaia Nausia Pimoulier

Izendatzen ez dena existitzen ez delako

Espainiako Estatuan hauteskunde orokorren emaitzak entzuten genituen une berean izan genuen Boliviako estatu kolpearen berri. VOXeko egoitzan «a por ellos» abesten zuten bitartean, Boliviako ultraeskuineko kolpistek jatorrizko herri guztien ikurra sinbolizatzen duen whipala koloretsua erretzen zuten. Boliviako estatu plurinazionalaren ikurra errez, Boliviako aniztasunari guda adierazpena egiten zioten. Boliviako estatu kolpearen atzean –non jatorrizko herriak hamarkadetan baztertuta egon diren, 2009ko Konstituzioak estatuaren plurinazionalitatea onartu zuen arte–, oligarkia zuria dago. AEBen laguntzarekin, Ipar Amerikako estatuaren enbaxadan antolatu zuten kolpearekin Evo Moralesen politika sozial eta indigenen aldekoak atzera bota nahi zituzten, noski. Evok lehen hauteskundeak irabazi zituenetik pobreziarekin lotutako adierazle guztiek hobera egin dute Bolivian: analfabetismoa jaitsi egin da eta baita langabezia eta muturreko pobrezia ere. Ez dira, noski, klase pribilegiatuei eragiten dieten datuak, ezta multinazionalei mesederik egiten dieten portzentajeak ere. Ezaguna da AEBen esku-hartze historikoa munduko zonalde honetan; sozialismoaren mehatxua ikusi izan duten guztietan ez dute zalantzarik izan biolentzia erabiltzeko erregimen kapitalistak inposatzeko.

Beste elementu deigarria erlijioa da. MAS alderdiak boterea eskuratu zuenetik agintariak ez daude derrigortuta euren kargua Bibliaren gainean zin egitera, eta, 2009ko Konstituzioaren arabera, Bolivia herri laikoa da. Baina Hego Amerikako herri gehiagotan gertatzen ari den bezala, talde katolikoak eta ebanjelikoak indar handia hartzen ari dira. Sinbolikoa izan zen, beraz, jatorrizko herrien sinesmenen kontra sare sozialetan hainbestetan agertu den Jeanine Añez kolpista Biblia eskuetan zuela Quemado jauregian sartu izana. «Bolivia Kristo da, ez da inoiz gehiago Pachamama itzuliko!», oihukatu izan dute asteotan bere aldekoek. Beraz, Boliviako aimara, kitxua, guarani eta beste 33 herriak ezin ahaztu egun beltzotan, ezta klase pribilegiatuetatik kanpo gelditzen diren boliviar guztiak ere.

Ez naiz kasualitatez VOXekin gogoratu Bolivian kolpea eman dutenei buruz hitz egiterakoan. Mugimendu klasistak eta arrazistak dira biak eta «a por ellos» horretan bazterretan kokatzen garen guztiok sartzen gara. Estatuaren kontzeptua eta gizartea bera aniztasunetik oso urruti ulertzen dute; genero, nazio identitate, jatorri edo erlijio aniztasunaren etsaiak dira. Eta bien aurrean hemengo komunikabideen jarrera oso antzekoa izaten ari da. VOXen kasuan, Espainiako komunikabideek zuritu egin dute alderdi ultraeskuindarra, euren espazioetan denbora emanez. Eta Boliviako kolpistak ere zuritzen ari dira “estatu kolpe” hitzak ez erabiltzean. Lotsagarria izaten ari da Madrilgo egunkari batzuk egiten ari diren txilinbuelta semantikoak “estatu kolpe” hitzak ekiditeko, izendatzen ez dena existitzen ez delako.

Izendatu dezagun, beraz, gertatzen ari dena: frankistak Estatu espainolako Legebiltzarrean «a por ellos» abesten eta estatu kolpea Boliviako herriaren kontra. •