Antton Izagirre

Zu bekatari

Gizakion eguneroko jardunean, maiz aurkitzen dugu geure burua gure zein besteen jokabideen gaineko juzguak eginez; eta ia zalantzarik gabe esan dezakegu beti ez dugula neurgailu berbera erabiltzen edota erabiltzen dugun neurgailua trukatuta dugula. Esan nahi baita, erabiltzen dugun betaurrekoen kristalaren kolorea nahierara aldatzen dugula alde batera ala bestera begiratzean.

Gizartean ematen diren gertakariei begiratzeko trebezia hori, baldintza genetikoek emana ez baino, kulturala dela esango genuke. Hala, gizarte gaiekiko dugun ikusmoldea, neurri handi batean, jaio, hazi eta bizi garen gizarteak ezartzen digun moldetik kanpo ezin dugu ulertu.

Hala ere, gizarte zientziek bere-berea dute ikusten dutena arrazoiaren galbahetik pasatzeko joera eta betebeharra. Gertakariak ez baitira gertakari soilak, esanahi sinbolikoa dute eta gizarte analistek, interpretatzerakoan, arau unibertsala bilatzen dute; hau da, gertakari bertsuentzat esanahi bera izango duena. Horretan, sarri, hankamotz ibiltzen gara.

Adibide esanguratsua, Euskal Herrian urteetan eman den gatazka politikoa eta armatua ebazterakoan, Urkulluk erabili duen “Inor hiltzea gaizki egon zen” leloaren erabilpenean aurkitu dugu. Ustez, egia osoa, zalantzarik gabea, ongiaren eta gaizkiaren muga-lerroa, unibertsala denak, praktika koherentea eskatzen du.

Printzipioaren kaltetan, Urkulluk ez du kasu guztietarako erabilera berbera egin. Joera politiko jakin baten aurka instrumentatu eta, interes politikoen mesedetan, erabilera partikularra egiten denean, balio unibertsala ukatzen zaio. Biktima izaera aitortzerakoan, nabarmenegia da alde batekoentzat erabiltzen duen betaurrekoen kristalaren kolorea eta bestekoentzat duen lausotasuna.

Ez dago unibertsaltasunik printzipioa eta praktika banatzen direnean. •