Maite Ubiria Beaumont

Konstituzioa aldatu ezean, lehengo lepotik burua

Aljeriako gatazkaren testuinguruan aldarrikatutako Konstituzioa indarrean dago, oraindik ere, Frantzian. Deskolonizazioari soilik ez, gizarte krisiari erantzuna eman nahian sortu zen 1958. urtean onartutako testua. Geroztik moldaketak izan badira ere, muinari ez zaio sakoneko aldaketarik egin. Eliseora heldu aitzin, Emmanuel Macronek presidente erreformatzailearen ikurra altxatu zuen. Estatuaren egitura modernizatzeko agindua eman zuen. Baita «diferentziazio eskubidea» Konstituzioan txertatzeko engaiamendua hartu ere. Behin bere agintaldiaren ekuatorera iritsita, baina, Konstituzioa aldatzeko egitasmoa ministro kontseilutik harago ez da joan. Esaterako, korsikar afera ez atzera ez aurrera dago, bai Korsika bera bai bertako hizkuntza aitortzeko oztopo nagusia, lehen bezala gaur ere, Konstituzioa delako. Edo hobe esanda, testu hori aldatzeko borondate eskasa.

Hala eta guztiz ere, ukaezina da uniformizazioaren eskema krisian dela egun Estatu frantsesean, baita Parisek gero eta zailtasun gehiago dituela urteen poderioz, tirriki-tarraka, ontzat eman duen deszentralizazio mugatua kudeatzeko. Bada, hilaren 30ean, Parisen, gutxitutako hizkuntzen aldeko mobilizazioak egoera hori plazaratuko du. Izan ere, Estatuak ezarritako oztopoei aurre eginez, Bretainian, Korsikan, Alsazian, Euskal Herrian... tokian tokiko hizkuntzen garapenaren aldeko legitimazio zabala eratu da, betiere, gizarte eragileen bultzadapean eta frantses legearen zirrikituak baliatuz, legearen mugak bihurrituz.

Ezker-eskuin, lurraldeotako erakunde eta hautetsi gehienek hizkuntz aniztasunaren aldeko ibilbide horrekin bat egin dute. Hartara, ordezkariok konturatu dira frantses lege markoak finkatzen duen joko eremuaren estutasuna ez dela «abertzale sutsu gutxi batzuen asmakizuna», baizik eta errealitate gordina. Gauzak horrela, frantses Errepublika babesteko hautatu zituzten ordezkari hainbat, gizartearen egitasmo apalenak ere praktikara eramateko zailtasunez jabetu eta statu quo errepublikazaleari kontuak eskatzen hasi dira. Zirt edo zart egiteko unea heldu dela sentitzen dute.

Horrela jarri zuten agerian, esaterako, Euskal Elkargoak dagoeneko bere baitan sumatu dituen hutsune eta gabeziak gainditzeko xedez teilatua gorantz eramatea aukera hobe eta bakarra dela sinetsita dauden erreferentzia handiko hainbat euskal hautetsik. Esanguratsua bada Max Brisson senatari eskuindarraren ahotik entzutea hamar herri elkargoak batuta sortu zen egitura ez dela tresnarik egokiena, «Estatuak gure esku ezarri zuen tresna bakarra baizik». Frantziako Lurralde Kohesiorako ministro Jacqueline Gourault, Izpuran berriki eginiko bilkura kari, Iparraldeko erakundearen eskuduntzak zabaltzearen alde azaldu zen. Konstituzioa aldatzeko bidea malkartsua izanik, ondoko hilabeteetan egikaritu beharko liratekeen deszentralizazio/deskontzentrazio lege egitasmo berriak iragarri zituen. Ministroaren esanetan, lege aldaketa soil baten bidez, «diferentziazio eskubidea» aitortzeko atea zabalduko litzateke. Eskuduntzen partekatze prozesua mugikortasun ereduaren, trantsizio ekologikoaren eta etxebizitzaren alorretatik hastea proposatu zuen, «beste ekarpenak entzuteko prest» agertu bazen ere. Alta, Brissonek mugaz gaindiko harremanak eta hezkuntza Iparraldetik kudeatzeko aukera aditzera eman eta berehala, «hezkuntza deszentralizatzeko asmorik ez» dela argitu zuen Parisko ordezkariak. Lehengo lepotik burua. •