Aimar Etxeberria
DAVID CAMERON

«Saihetsezinaren» zama daraman gizona

Badira historia liburuetan leku propio bat izatea irabazi duten izenak; horietako bat da David Cameron Britania Handiko lehen ministro ohiarena. Izan ere, bere figura ageri da Europak azken urteotan bizi izan duen lurrikara handienaren atzean. Brexitaz ari gara. Britainia Handia Europar Batasunetik ateratzea eragin zuen fenomenoak betierekotasuna eman dio; hala ere, izan dira politikari londrestarraren ibilbidearen baitan etorkizunean gogoratuak izango diren beste hainbat pasarte ere.

Guztiak jaso ditu Cameronek lehen pertsonan argitaratu duen autobiografian; “For the record”, hots, esandakoak jasota gera daitezela. Asko zuen esateko, argitzeko politikari kontserbadoreak, 2016ko ekainaren 23ko erreferendumaz geroztik, behin bere dimisioa aurkeztuta, ahoa ireki gabe baitzen. Hala, lehen ministro ohiaren ibilbidearen zein politika britainiarraren erretratu argigarria egiten du lanak: arerio zein adiskideak goraipatzen ditu, baita egurtu ere; garaipenak ospatzen ditu, eta penak kontatu.

Elitismoa eta Westminster

Eton eta Oxford. Britainiar elitearen ikur bi. Biak zapaldu zituen Cameronek. Klasismoa darie Britainia Handiari eta bertako hezkuntza sistemari, eta horren pertsonifikazioa da Cameron. Oxforden ezagutu zuen, esaterako, alderdikide eta arerio duen Boris Johnsonekin. “Thatcherista” porrokatua, antikomunista eta liberala, John Majorren Gobernuaren aterkipean egin zituen lehen urratsak politikan. Hura izango zen kontserbadoreen azken gobernua Tony Blairren “Laborismo Berria” baino lehen.

“Thatcherista” izanik, “Blairista” ere bada Cameron. «Tony Blair da herentzian utzi dudan ondare politiko garrantzitsuena», esan omen zuen behinola “Burdinazko Damak”, eta hori berretsi baino ez dute egiten Cameronen memoriek. Gertuago zituen (eta ditu) Blair eta honen politikak bere alderdiaren eta kideen jarduna baino. Porrota porrotaren atzetik ezagutu zuen Alderdi Kontserbadoreak 1997tik 2010era bitarteko urteetan, Cameronek berak Westminsterren zapi gorria kendu eta urdina jarri arte.

Kontserbadoreen baitan progresisten zakukoa, 2005eko abenduan alderdia berritzea zuen helburu bertako lidergoa lehiatzera aurkeztu zenean. Inguruan zituen gerora aliatu onena izango zuen George Osborne, eta hainbat buruhauste eragingo zizkioten Boris Johnson eta Michael Gove. 2010eko maiatzean hartuko zuen herrialdearen gidaritza.

Gerra beti

Liberal-demokratekin koalizioan osatu zuen Cameronek bere Gobernuko lehen legegintzaldia, gerora arrakastatsua suertatuko zen legegintzaldi bakarra. Murrizketetan oinarritutako urteak izan ziren, eta orduan erein zituen bere porrot politikoa eragingo zuten haziak. Ororen gainetik, baina, alor ekonomikoan egindako lanak eragiten dio harrotasunik handiena. Krisi ekonomikoaren biharamuneko urteak izaki, “guraizeak” atera zituen plazara Cameronen Gobernuak. Murrizketak murrizketa, eta hauek britainiar gizartearen baitan eragindako inpaktua inpaktu, zenbakiak koadratzea izan zen, lerro artean irakur daitekeenez, Cameronen ibilbide politikoko arrakasta handiena.

Bere legegintzaldian egin zuen eztanda Udaberri Arabiarrak ere. Interbentzionista hutsa, Irakeko gerraren alde boza emana zuen Cameronek, Britainia Handiak AEBekin zuen “harreman bereziari” men eginez. Ekialde Hurbileko gatazkek markatu zuten bere agintaldia herrialdearen atzerri politikari dagokionez. Batez ere, baina, hiru herrialdek kendu zioten loa: Afganistan, Siria eta Irak. Talibanen aurkako gudan, AEBei leialtasuna erakutsi asmoz, hauen ondoan lerrokatu zen, adiskide zuen Obamaren itzalean arituz. Ondoren etorri ziren Tunisia, Egipto, Libia eta abarretako erreboltak. Horietan guztietan ere interbentzioaren alde agertu zen, Alderdi Laboristaren eta bere alderdiko gehiengoaren iritziaren aurka.

Siriak eragingo zizkion, baina, buruhauste handienak Cameroni. Demonioren pare zuen Baxar al-Assad, eta hura boteretik kendu beste asmorik ez zuen, Siriako Armada Askearekin lerrokatuz horretarako. Harrigarriak dira, ildo horretan, Errusiako presidente Vladimir Putinekin izandako harremanak, zeinetan argi geratzen den politikari britainiarrak jokatutako txotxongilo papera. Westminsterrera ere jo zuen Cameronek Sirian interbenitzeko mandatu bila. Azkenean, ez Parlamentuaren mandaturik ez errusiarrekin estrategia adosturik ez Obamarekin «harreman berezirik».

Estatu Islamikoaren aurkako gerraz, bestalde, oroitzapen hobeak ditu Cameronek; izan ere, Sirian esku hartu gabe geratu izanaren arantza ateratzea lortu zuen kalifa-herriaren aurkako gerrarekin. Temati aritu zen, bere memorietatik ulertu daitekeenez, interbentzio militarraren alde, harik eta Obama bere aldera erakartzea lortu zuen arte. Interbentzioa eta garaipen militarra, zerk eragin satisfazio handiagoa Cameroni?

Bi irabazi, bat galdu

Barne politikan, ororen gainetik, erreferendumek ezaugarritu zuten Cameronen ibilbide politikoa. «Zilegi al da politikariek erreferendumak deitzea?», galdetzen du liburuan. «Margaret Thatcherren ustez ez, nik beste iritzi bat daukat baina». Ez bat eta ez bi, hiru izan ziren Cameron boterean zen bitartean Britainia Handian egin ziren erreferendumak. Hauteskunde sistemaren ingurukoa lehena, Eskoziako independentzia erreferenduma bigarrena eta herrialdea Europar Batasunetik ateratzea erabaki zuena hirugarrena.

Holyroodeko Legebiltzarra ezartzearen aurka egina zuen bere garaian Alderdi Kontserbadoreak, Eskozian apenas ordezkaritzarik zuenak. 2012ko urrian hitzartu zuten Cameron eta bere homologo eskoziar Alex Salmondek Eskozian erreferenduma egitea. %35 inguruan kokatzen zen garai hartan independentzia-zaletasuna Eskozian; garaipen ziurra aurreikusten zuen Cameronek. Hori horrela, hainbat batailatan amore ematea erabaki zuen, boto emaileen adina 16 urtera jaistean edota galdera Gobernu eskoziarraren esku uztean, esaterako. Aldiz, erreferendum goiztiarra nahi zuen, eta galdera soilik independentziaren ingurukoa izatea; ez zen transferentziak handitzeaz hitz egingo.

Jakina da hortik aurrerakoa. Beldurraren kanpaina egin zuen independentziaren aurkako Better Together mugimenduak –Project Fear bezala ezagutzen dena–, Cameronek berak aitortzen duenez. Target-a, argia: botoa erabaki gabe zutenak poltsikoarekin mehatxatzea, pentsiodunak ikaratzea, monetaren afera mahai gainean jartzea… Bihotzarekin ezin irabazi eta beldurra zabaltzea izan zen Londresek hartu zuen bidea. Horretarako, aurretik bere kargua okupatu zuen Gordon Brown laborista eskoziarra izan zuen lagun: «Kontua ez da eskoziar eta, aldi berean, britainiar sentitzeaz harro egotea. Kontua da eskoziar askorentzat garrantzitsuagoa dela eskoziarra izatea britainiarra izatea baino. Horren gainetik, ordea, erabakigarria dena da, sentitzen duzuna sentitzen duzula, Erresuma Batuaren parte izaten jarraitu nahi izatea». 2014ko irailaren 18an egin zuten independentzia erreferenduma Eskozian; aurkako botoak irabazi zuen, boto emaileen %55aren babesarekin.

Bi erreferendum irabazi zituen Cameronek lehen ministro zela, eta hirugarrenean egin zuen kale. Europa, Alderdi Kontserbadorearen baitan Satanas moduko hori. Eta Brusela, gaitz guztien jatorri. Bai baina ez etengabea, ez barruan ez kanpoan. Euroeszeptikotzat du bere burua Cameronek, Britainia Handiak kontinentearekin izan duen harreman historikoaren ondorio. Britainia Handia Europar Batasunetik ateratzea erraztu zuen erreferenduma deitu izanaren zama berarekin eramango du, baina ez da kontsulta hura deitu izanaz damutzen; lehenago edo geroago egin beharreko ariketatzat dauka Cameronek.

Euroeszeptiko izanagatik, baina, Europar Batasunean jarraitzearen aldekoa da Cameron: Europako herrien batasun ekonomikoa aldarrikatzen du, ez politikoa; merkatu librea bai, baina ez pertsonen mugimendu askatasuna. Horra britainiar kontserbadore aurrerakoi (oximoron hutsa ez al da?) baten oinarri ideologikoa. Hala Londresen nola Bruselan kausaren aldeko aliatuak zituen Cameronek, baita etsaiak ere. Etxean, Osborne beti leial; Johnson eta Gove, aldiz, arerio. Bereziki zion beldurra Cameronek Johnsoni; hura zen, Gobernu britainiarrak zituen iritzi-txostenen arabera, balantza alde batera edo bestera dekantatzea lor zezakeen politikari bakarra. Bruselan, aldiz, lagun gutxi (bat aipatzearren, Viktor Orban Hungariako lehen ministroa) eta etsai ugari, denen buruan Donald Tusk eta Jean-Claude Juncker Europako Kontseiluko eta Europako Batzordeko presidenteak hurrenez hurren.

«Estrategia bat nuen Britainia Handia Europar Batasunaren baitan mantentzeko. Hura garatu genuen, eta galdu egin genuen». 2016ko ekainaren 23an, britainiarren %52k Brexitaren alde bozkatu zuten. Ez damurik ez arrangurarik, «saihetsezinaren» betiko zama baino.