30/11/2019

Joxean Agirre
Liburuak

Bada Che Guevararen argazki mitiko bat Boliviako oihanean zuhaitz baten gainera igota liburu bat irakurtzen ageri duena. Armak eskuetan dituztela ibili dira egun osoan batetik bestera eta arratsean bere kideengandik apartatu eta liburuan murgiltzen da.

Ez dago argazkirik, baina bada antzeko irudi bat Koldo Mitxelena gaztearena. Bizkaiko fronteetako lubaki batean dago eta gerrak izaten dituen atsedenaldi luzeetan Lizardiren poema bilduma atera eta irakurtzen ari da. Gerrara boluntario joan aurretik latinezko gramatika bat eta Lizardi sartu zituen zakutoan.

Sarrionandiak bost urte eman zituen espetxean eta ez dago, noski, argazkirik (gerora ere ez zen izan haren argazkirik beste hogeita hamar urtean), baina hura irudikatzen hasita, liburu bat irakurtzen irudika genezake.

Badut irudi bat neureagoa, nerabea nintzenekoa. Aitona zahartu eta abaildu egin zen, lanerako gauza ez zela geratu zen eta uda oso batez ia arratsero irakurketa saio bat egiten genuen. Tomas Agirre Barrensoro-ren “Uztaro” (geroztik nobela hau desagertu egin da euskal literaturatik), Txomin Agirreren “Garoa” eta Etxaideren “Joanak joan” irakurri nizkion. Isilik egoten zen urrunera begira. Orixeren “Euskaldunak” ekarriz gero, haserretu egiten zen eta “Orain ere horrekin al hator?”, kexatzen zitzaidan.

Gaztetan behinola hondartzan nengoela neska bat eseri zen nigandik metro batzuetara eta Max Frischen nobela bat poltsatik atera eta irakurtzen hasi zen. Nik buruz nekien nobela hori. Zirrara bat sentitu nuen barrenean, maitasunaren ernamuina izan zitekeena.

Azken orduko beste irudi bat. Gorka Urbizuk bukatu du Berri Txarrak-en agurreko itzulia eta Lekunberriko bere etxean gorde da. Besaulki batean, gainetik manta bat duela, irudika dezaket jarraitzaileek azken kontzertuan (hala eskatu zuen elkarrizketa batean) oparitutako liburuetako bat irakurtzen.

Egun batzuk barru gara Durangon. Gustatzen zait salmahaietan liburu bat irekita eskuetan duen jendearen aurpegietara begira egotea. Leiho batera gerturatu eta munduari begira daudela ematen du edo gure baitako bazter miresgarrietara. Chek, Mitxelena gazteak, Sarrik, aitonak, nire neskak edo Urbizuk jartzen zuten edo duten aurpegi bertsua dute. •