Iraia Oiarzabal

Berri Txarrak, soilik agur sentimendu uholde batean

Betiko zirudien… Betirako amaitu da? Nork daki, momentuz geldialdi mugagabea egin baitu Berri Txarrak talde nafarrak. Geroak dakarrena dakarrela, hirukotearen agurrak eztanda ekarri zuen bere zale leialen artera eta musika eszenara. Belaunaldi ezberdinen soinu banda osatu du taldeak 25 urteko ibilbidean. Eteten ez den hari sendoa, musika ez ezik, sentimenduak ere transmitituz.

Berri Txarrak sentimendu bat da. Ahotsa urratzen hasteko zantzuekin baina ozen, eta hunkituta, halaxe esan zien Gorka Urbizuk azaroaren 23an Berri Txarrak talde nafarrari agur esateko Navarra Arenan bildu ziren milaka zaleei. Zinez, sentimenduak borborka zeuden azken gau hartan Iruñean. “Ikusi arte” esatea erabaki zuen hirukoteak urte bat lehenago, ziurrenik erabakiak sortuko zuen lurrikara aurreikusi gabe. Une horretan intentsitatez betetako bidaia hasi zuten Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek, urteotan zehar bidelagun izan duten lantaldearekin batera.

25 urte agertoki gainean. Aise esaten da. Baina urteak ez dira alferrik pasatzen eta gelditzeko beharra sentitu zuen Urbizuk. Geldialdi mugagabea izango dela, halaxe iragarri zuen. Espero ez zuten erantzuna iritsi zen orduan eta, Urbizuk berak aitortu zuen moduan, eurenak ez diren uretan ibili dira urtebete luzean. GARAri eskainitako elkarrizketan agurrerako bideaz hausnartu zuen Urbizuk, erabakiak suposatu duen pisuaz, emozioez, nekeaz, estresaz... Baina agurtzeko beharrari eutsiz betiere. «Ez naiz damutzen hartutako erabakiaz. Kontziente gara oso momentu onean uzten dugula, baina uztearen arrazoietako bat bereziki hori da», aipatu zuen.

Arrastoa utzi nahi, eta lortu

1994an Lekunberrin sortu zenetik milatik gora kontzertu eta kontagailuan gehitzen joan diren kilometroak zeramatzan taldeak zakuan 2019an agur birari ekin zionean. Areto txiki eta handiagoetan, Kobetamendiko zelaietan, Madrilen, Katalunian, Asian, Europan, Ameriketan, eta, azkenean, Navarra Arenan. Ez zuten txokorik utzi nahi azken akorderik gabe. Azken urteetan bide oparoa zabaldu zuen hirukoteak, euskara eta rocka munduan zabalduz. Ez da lorpen makala, eta ardura ere halakoxea zen Urbizu, Izagirre eta Gonzalezentzat.

Zaleek ez dute hutsik egin erantzunarekin. Fenomeno ere bihurtu da Berri Txarrak, neurri batean. Sarrera bat eskuratzeko ekilibrismo ariketak egin behar izatea, leporaino betetako emanaldiak, azal tatuatuak... Irudi horiek utzi dizkigu agurrak, horrek norberarengan eragiten dituen emozio gurutzatuekin. «Sekulako esker ona dugu publikoarekiko, eta horrekin gozatzen ari gara, baina, aldi berean, kontzertu bakoitzaz gozatzeko aukera handirik gabe. Halako nahasketa bat da, pozaren eta estresaren arteko zerbait», zioen Urbizuk.

Oroitzapen on bat utzi nahi zuen hirukoteak eta erronkak geroz eta handiago zirudien sortutako eztanda ikusita. Apustua ere handitu behar izan zuten, emanaldi berriak iragarriz, Navarra Arenako azken emanaldia bikoiztuz... Publikoak aseezina zirudien une askotan. Uztailaren 14an Kobetamendin emandako kontzertua izan zen iragarpen berezietako lehena. 20.000 lagun baino gehiago elkartu ziren sorpresaz eta gonbidatuz beteriko kontzertuan.

Jaialdi handietan batutako jendetza lortutakoaren adierazle bat da, baina Berri Txarraken ibilbideak horma ugari hautsi ditu. Hizkuntzarena agerienetakoa da. Euskarazko rocka egiten pasa du taldeak mende laurden eta, inork kontrakoa pentsatu zezakeen arren, errealitateak erakutsi du kalitatezko musika eskaintzea eta arrakasta euskaraz ere lortu daitezkeela. Euskal Herritik kanpo emandako kontzertuek demostratzen dute. Muga fisikoak ere gainditu baitituzte.

Ezaguna da Nantesen pertsona bakarraren aurrean jo zuteneko pasadizoa. Kariñoz gordetako oroitzapena da hirukotearentzat eta, segur aski, baita emanaldia esklusiban gozatu ahal izan zuen harentzat ere. Azken urte honetan Euskal Herritik kanpo eskainitako kontzertuei errepaso bat egingo bagenie ez genuke Nantesekoa bezalako estanparik topatuko. Izan Bartzelonan, Madrilen, Parisen, Berlinen, Tokion, Mexikon edo San Frantziskon zaleak erakarri dituzte. Sarri Euskal Herritik joandakoak edo atzerrian bizi diren euskal herritarrak, bai, baina baita tokian tokikoak ere. Zenbat katalanek, madrildarrek edo frantsesek jakingo ote dituzte hirukote nafarraren letrak buruz?

«Zabaltzen joan izan gara, eta konplexu eta aurreiritziei aurre egiten; zeren nahiko zurruna da musikaren mundua», hausnarketa hori utzi zuen Urbizuk GARAn egindako ibilbide oparoaz eta taldearen bilakaeraz galdetuta. Jaio. Musika. Hil. Bizitzaren zikloa talde nafarraren hitzetan idatzia. Horren konplikatua eta horren sinplea.

«Nik zerotik hasi nahi nuen»

Bada, lurrikara guztia pasata, soilik agur. Berri Txarrak joan da. Ziklo bati amaiera eman beste batean «zerotik hasteko» aukera izateko. Bidaia horretan, euren kantuek utzitako aztarnak geratzen dira milaka pertsonaren arimetan iltzatuta. Beti izan dira trebeak bihotzak josten. Navarra Arenako azkenengo kontzertuan elkartutako 11.000 lagunek mimoz gordeko dute memorian han bizitakoa. Nahiz eta egiaz, azken urtean batetik bestera jarraitu dituen orok izango duen bere oroitzapenen kutxan «azken kontzertua».

Itsasoa baretu da. Zerbaiten amaiera bizi izanaren sentsazioa hor geratzen da. Berri Txarrak sentimenduak, ordea, gure imajinario kolektiboan bizirik dirau. Eta etorriko dira, ziur, bidaia berriak. Nola igarri orduan iragan hau guztia betiko izango genuela aurretik.