Iñaki Altuna

Bidea egin gabe ez da helmuga iritsiko

Behin baino gehiagotan esan badugu ere, aste honetan bereziki gogorarazi behar da GAUR8 ostegunetan amaitzen dugula, errotatibako bidea hartzeko eta, azkenean, GARArekin batera larunbatero kioskoetara iristeko. Alegia, lerrook idazterakoan oraindik Espainiako gobernuburuaren inbestiduraren saioa deitzeko zegoen eta EH Bilduko oinarriek hasitako bozketa amaitu gabe. Ez genekien oraindik ezkerreko independentisten diputatuak abstenitu egingo ote diren edo ezezkoa bozkatuko ote duten. Zaila da horrela azterketarik egitea, errealitateak egunkaria kioskora iritsi aurretik gezurta baitezake idatzitakoa.

Nolanahi ere, EH Bilduren abstentzioaren gainean piztutako eta sare sozialetan isla izan duten eztabaidetako batzuk interesgarriak dira, edozein izan dela azkenean emaitza. Estrategia politikoa ulertzeko moduaz ere irakasgaiak atera baitaitezke sortutako iritzietan, egia bada ere zenbaitetan eztabaidaren intentsitateak nahasmena eragiten duela analisietan eta kontzeptuen erabileran. Horregatik komeni da gogoraraztea errealitate bati erantzuteko modu ezberdinak egon daitezkeela. Adibide historiko bat jartzearren: EAJk Madrilekin Autonomia Estatutua adostu zuenean, ETAk «dilista platertzat» jo zuen hura; are gehiago, dilista «gogorrak», janezinak zirela gaineratu zuen. Halere, ezker abertzaleak abstentziora jo zuen Estatutua onartzeko deitutako erreferendumean.

Zeintzuk dira egungo egoera zedarritzen duten errealitateak? Hori izan beharko litzateke eztabaidaren abiapuntua. Lehenik eta behin, Espainiako Estatuak ez duela eskaintza demokratikorik bere agindupean dituen herrientzat, ez Kataluniarentzat ez Euskal Herriarentzat, eta ez dagoela indar harreman nahikorik Estatuaren demokratizazio prozesu sakon bati ekiteko. Oxala Sanchezen inbestidurak halako zerbaiti hasiera emango balio, baino inork ez du halakorik sinisten, ez baiezkoa emango dutenek, ez abstenituko direnek, ezta ezezkoa bozkatuko dutenek ere, horiek Sanchez presidente bilakatzeko akordio sortak Espainiaren amaiera suposatzen duela esanez espantuka ari badira ere. Hori bai, Estatu espainola krisian da, ezkuta ezin daitekeen krisi sakona.

Itxaropena estaturik gabeko nazioek egin ditzaketen prozesu askatzaileetan dago. Beraz, prozesu horiek aurrera egitea da gakoa eta, zehazkiago esanda, prozesu horiek nola egin dezaketen aurrera.

Eta horrek denak zintzotasun analitikoa eskatzen du. Euskal Herrian ez gaude prozesu matxino batean, ez armatua ez zibila, eta prozesu independentista bat azken bururaino eramateko ez dago oraingoz nahikoa masa kritikorik. Horrela balitz, oso bestelakoak izan zitezkeen egungo koiunturari eman beharreko erantzunak eta egin beharreko urratsak.

Halere, zintzotasun berarekin esan behar da baldintza politiko eta sozialak egon badaudela –esan dugu, jada, Estatuak sekulako krisia duela?– prozesu independentista hori mamitzeko, mugimendu taktikoekin zein apustu estrategikoekin, eta urgentziei erantzunez –ezin ahaztu uneotan presoen gaia–. Izan badirela baldintzak indar harremanean eragiteko, bidaideak gehituz eta oztopoak indargabetuz, eta aldaketa kualitatiboak prestatzeko. Ezker abertzalearen azken eztabaida nagusian «hautabide estrategikoa» deitu zioten horri guztiari. Bidea egin gabe ez da helmuga iritsiko. •