Itzea Urkizu Arsuaga

Mundu bat zuri

Bizitza astetan kontatzera igaro naizenetik, errepaso kronologiko absurdoak egiteari ere ekin diot. Pentsa, hortaz, hamarkada berriaren hasierak –edo, hurrengo urtean hasiko da?– ekarri didan oroitzapen zaparrada. Memoriak erreferentziatzat hartu izan dit, beti, 2000. urtera sartu gineneko Urtezahar gaua; ondo gogoan dut amonaren beldur txikia, milurteko berrian sartzearekin batera gureak egingo zuela telebistan entzun zuelako. Lekutan geratu da “2000 Efektua”.

Aski akaso ez, baina asko eta azkar gertatu da geroztik, eta hasi berri dugun urteak bere izena zenbakitan idaztera ohitu gabe harrapatu nau. Bakoiti zalea naizelako izango da agian, edo kapikua inperfektu honek gazte baina zahar sentiarazten nauelako. Gogotsu bezain beldurti. Ezjakintasun zulo eta jakin-min zaku, aldi berean, bisurte berriak sekula bizi izango dudan aldaketarik mingots baina ederrena, erraietakoena ekarriko didalako, ziur aski. Talaia berri bat, munduari begiratzeko.

Begira diezaiodan, bada, azken hogei urteotan egunero gertatu baina inoiz gutxitan aldatu den mundu honi. Balia dezadan koaderno hau, zuri eta zure belaunaldia osatuko duzuenoi utzi dizueguna orri zurian apuntatzeko. Finean, garaiak ikaragarri aldatu direla eta hori guri esker izan dela sinetsarazi diguten arren, berresteko, gurpil-zoro berean bueltaka jarraitzen dugula. Lehen eta orain, nor bere bira errepikakorretan zorabiatzen dela egunez egun. Zilbor hestetik askatzen gaituzte bizitzeko, eta zilbor bakarraren bueltan eraikitzen dugu bizitza; hara hor, geurekoikeriaren alegoria.

Eta, bueltaka eta bueltaka, ahaztu egiten zaigu, behin batez, duela hogei urte, behi eroen gaitzak denok erotu gintuenekoa. Gran Hermano reality-ak Espainiako telebistak lehenengoz hartu zituenekoa, edo Lance Amstrongek gerora kendu zizkioten Frantziako Tour guztietan bigarrena irabazi zuenekoa. Oraindik ere literatur sariketetan emakumeak ikustea ezohiko samarra zaigun arren, 2000. urte hartan Lourdes Oñederrak Euskadi Saria jaso zuen, “Eta emakumeak sugeari esan zion” lanagatik. Jose Maria Setienek gotzain karguari uko egin behar izan zion, eta Txernobylen azken erreaktore nuklearra itzali zuten, behingoz; orain telesail laudorioztatuek gogorarazi behar izan digute gertatutakoa.

Milurteko berriko hasieran, artean, “Euskaldunon Egunkaria” irakurtzeko moduan ginen eta, azal zenbaitek zioten, perituek datu argigarriak eskaini zituztela “Lasa eta Zabala kasuan”; argitu zuten iluna, bai. Martxoaren 8an, berriz, emakumeen alor guztietako esku hartzea izan zen aldarrikapen feminista nagusia. Ordurako, aurreikuspen ofiziala zen EAEko biztanleria gutxitzea eta zahartzea. Baina NASAk lasaitzeko nahikoa motibo eskaini zion gizateriari, aldi hark hartu zuen kutsu futuristarekin sintonian: ur zantzuak aurkitu zituzten Marten, bertan bizitzeko aukera.

Tira, 2020tik aurrera ere jaioko dira egun berriak, eta bihar ere esnatuko gara, asteak hasteko eta kontatzeko. Akaso bizkarrean sentituko dugu arduraren zama, lur bortxatu honetara sortu nahi izan zaitugulako; mundu malapartatu honetara. Baina bizitza efemeride handiak baino zerbait gehiago da, eta gaitz erdi. •