Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Pantailen lilura

Aitatxori «ogi bila» joateko eskatu behar diola esan dio hezitzaileak jolasean lasai ari den hiru urteko haurrari. Horixe zen, egun batzuk lehenago, hezitzaileek eta etxekoek eskolaratze lehen egun horietarako adostu zuten pasahitza. Pasahitzak, haurra lasai dagoela eta etxekoak gelatik joan daitezkeela adierazi nahi du. «Ez du entzungo, mugikorrarekin ari da», erantzun du haurrak, natural-natural, esku artean duen jostailutik begirada altxa ere egin gabe. Hezitzaileak aita dagoen aldera begiratu du. Ez daki oraindik zerk harritu duen gehiago: haurraren ateraldiak ala haurrak adierazi duen patxadak, egoeraren ohikotasunak soilik eman dezakeen patxadak, alegia.

Zur eta lur ikusi du nola aita, haurrak aurreratu dion moduan, mugikorrarekin ari den, inguratzen duenetik at, pantailan erabat murgilduta. Zenbat aldiz bizi ote du egoera hori haurrak hain egunerokoa bihurtzeko eta hain barneratua izateko, pentsatu du hezitzaileak.

Duela aste batzuk, Myrtha Chokler Psikologian eta Fonoaudiologian doktorea eta, batez ere, Psikomotrizitate arloan ezaguna den argentinarra izan genuen gure artean Hik Hasi Euskal Heziketarako Egitasmoak gonbidatuta. Choklerrek esan zuenez, «teknologiak inbaditu gaitu, eta eraldatzen ari gara, ezagutzen genituen gizakien mutanteak sortzen ari dira. Haurrak gai dira pantaila baten aurrean orduak eta orduak mugitu ere egin gabe geratzeko, adin horretan mugimendua mundua ezagutu eta ulertzeko ezinbestekoa zaienean. Mundu birtualak, existitzen ez denak, liluratu ditu».

Jakina da bizitzako lehen urte horietan haurrak berebiziko beharra duela mugitzeko, mugitzea baita iritsi berria den mundua ezagutzeko duen modua: usaintzen duen, pisatzen duen, zaporea duen mundua ezagutzeko, «eskarmentu gutxi du ikusten ari den hori guztia ainguratzeko».

Haurtzaroko aldi horretan, haurra bere burua eraikitzen ari den garai horretan, ez du inongo aukerarik fikzioa errealitatetik bereizteko. Harentzat, artean, ikusi eta entzuten duen guztia existitzen da eta presente dago. Ondorioz, «dibertsio modura hartzen dute informazioa zein fikzioa. Badakite jolasean ari direla ala pertsonaia dira?». Kontatu zigun, baita ere, Argentinan ugaritzen ari direla, kezkatzeko moduan, hizkuntza arloan zailtasunak dituzten haurrak, esaten zaiena ulertzeko zailtasuna dutenak, hain zuzen. Antza, gurean ere gauza bera gertatzen ariko litzateke. Eta ez dezagun ahantz, hizkuntza estuki lotua dagoela pentsamenduarekin. Haur horiek sailkatuko ditugu hainbat trastorno eta arreta arazoen esparruan, adibidez. Zer ote dago, ordea, kasu horietako asko eta askoren atzean? Beldurra ematen du.

Bestalde, gure haurrek, gainerako animalien kumeek bezala, gu behar gaituzte eredu. Imitazioz ikasten dizkigute bizitzan aurrera egiteko behar dituzten estrategiak eta jokamoldeak. Ordenagailuaren pantailatik begirada jaso, eta alboan dudan telefono mugikorrera joan zait begirada. Bat bestearen atzetik etorri zaizkit autobusean amak esku artean mugikorra jarri zion haur hura, oraindik ere oinez ez zekiena; behin aldameneko mahaian zeuden sei urtez azpiko anaia-arreba haiek, aitarengandik mugikorra jaso zutenak bakea eman zezaten afal garaian. Geroz eta sarriago eta geroz eta leku gehiagotan aurki ditzakegun adibideak.

Myrtha Chokler FUNDARIko, Umeen Eskubideen Aldeko Fundazioko, zuzendaria da. Norbaiten beharrean daude, bai, haur koitaduak! •