> Sareak hunkitu dituen iragarkia

Adecco aldi baterako lan enpresaren helburua beharbada ez da hunkigarria, baina dirudienez, lan helburuak lortzeari buruzko iragarki batekin zirrara eragin du sareetan. Eskuarki, daukagunari tinko heltzen diogu, benetan zoriontsu egiten gaituen edo ez ondo pentsatu gabe, hain gara aldaketaren beldur.

Aldi baterako lan konpainia horrek zertzelada horren aurrean jartzen gaituen iragarkiarekin sare sozialak hunkitu eta arreta ematea lortu du.

Bideoan, hainbat arlotako zenbait langile ageri dira Silvia Mato enpresaburuarekin solasean. Hark beren lan ibilbideaz eta nahiez galdetu die. Denek nabaritzen dute egiten duten lanak eragiten dien atsekabea, eta aitortzen dute ez dutela beren bizitzaren norabidea aldatzeko urratsik egin, beldurrez, nagikeriaz nahiz konbentzioz.

Silvia Matok aldatzeko adorea ematen die bere esperientzia jakinaraziz. Emakume transgenero horrek duela hamar urte hartu zuen bere bizitzako erabakirik ausartena, pauso bat eman aurrera eta munduaren aurrean bere baitan sentitzen zuen moduan agertu zenean.

Ikus-entzunezko lanaren arabera, hamar lagunetik seik ez dute uste beren bizinahiak lortu dituztenik. Silviak adore ematen die elkarrizketatuei aitzakiak bazter uztera, eta benetan nahi duten bizimodua izateko beharrezko aldaketak egiteko inoiz ez dela berandu erakusten die.

> Willis Drummonden «Bigarren aukera»

Willis Drummond taldeak “Zugzwang” diskoaren bigarren singlea kaleratu berri du: “Bigarren aukera”. Ikusgai dago NAIZ+-en haren bideoklipa.

“Zugzwang” joan den urrian argitaratu zuen, eta “Bigarren aukera” hau joan den astean plazaratu zuen Bira ekoiztetxearen eskutik, disko hartatik aterata. Disko beretik atera duten bigarren singlea da. Honek hainbat musikari bildu ditu, grabaketan parte hartu dutenak, hala nola Anari Alberdi, Joseba Irazoki, Igor Telletxea eta Vincent Bestaven. Baina musikari eta artista gehiago ere bildu ziren Heletan lanaren inguruan, taldeak sareen bidez egin zuen deialdiari kasu eginda.