Nekane Zinkunegi Barandiaran

Urte askotarako, Topatu!

HTML-n idatzi beharragatik, webgunean desitxuratuta agertzen ziren albisteak, gazte topagune eta martxen jarraipen euritsu eta lokaztuak, greba orokorren jarraipenerako ikaskideek prestatu eta Errondabideko egoitzan jandako pasta entsaladak, eta Algortako Koxka irratirako bidean, metroan prestatutako irratsaio eskaletak.

Sekulako nostalgia izan dut egunotan, duela hamar egun, Topatu gazte komunikazio proiektuak hamar urte bete dituela jakin bainuen. Poza eta nostalgia, biak nahastu zaizkit kide izan nintzen proiektuak hamar urte bete dituela ohartzean. Kazetaritza hasi berritan Leioako campusean eta Bilboko kaleetan ohitzen ari zen neska gazte hartaz oroitu naiz. Topaturen aurrekaria izan zen 2003an sortutako Gaztesarea.net-en parte hartu izana ohore handiko zerbait bezala gordetzen dut nire oroimenean. “Gazte informazio agentzia” izateko anbizioa zuen komunikazio proiektua izan da militantziarako izan dudan esparrurik atseginena.

Indarrez itxi zuten Gaztesarea. Gazte mugimenduaren barnean zuen erreferentzia, seguru asko, deserosoa zitzaielako hainbati. Haren oinordekotzan sortutako Topatuk ere egin zuen auzitegietarako bidea. Eta orain, hamar urte bete ditu. Urteurren borobila baliatuta, abiapuntura itzuli eta berrasmatzera jo nahi dute gaur egun proiektua sostengatzen dutenek. Zorterik onena opa diet. Jarrai dezatela sentitu, pentsatu, egin eta adierazten, euskal gazte mugimenduaren bozgorailu izaten! •