Joxean Agirre

Veleia

2006ko ekainean Eliseo Gil Iruña-Veleia aztarnategiko zuzendariak Gasteizko Lakua hotelean eman zuen prentsaurreko sonatuan zientzia fikzioaren mugakoa zirudien hipotesi bat proposatu zuen aurreko hilabeteetan aurkitzen ari ziren grafito eta ostraka “ezohikoen” jatorria esplikatzeko: Ponpeia Valentina izenarekin bataiatu zuten etxe ikusgarriaren jabeek irakasle egiptoar bat kontratatu zuen, itxura guztien arabera, etxekoei eskolak emateko. Ikasleek arbel gisa erabilitakoak ziren etxe horretan agertutako ostraka gehienak.

Idazkunetan latin eta grezierarekin batean euskarazko hitz eta esaldiak agertzen ziren. «Ikastola bat III. eta V. mendeen artean?», galdetu genuen harriturik. Inplikazio historikoak kalkulaezinak ziren, kristautasunaren etorreraz edo euskararen presentziaz bereziki. Veleia hiria bera aztarnategi erromatar handienen pare kokatu beharko zela gogoratu zuen Gilek, gutxienez Italiako Ponpeia eta Britainia Handiko Vindolandakoaren parean.

Geroztik Iruña-Veleiari buruz irakurri ditugun kontakizun guztiak suspense puntu batekin irakurri ditugu.

Prentsaurrekoa eta berehala hasi ziren gure filologo puntakoenak ostraka horiek ezinezkoak zirela esaten. Analitikek, aldiz, (karbono-14aren probak AEBetako Massachusetts eta Herbehereetako Center of Isotope Research-en, termolumineszentzia probak Krakoviako Unibertsitatean, espektroskopia nuklearraren bidezkoak Parisko CEA-CNRSn) kontrakoa.

2008ko azaroan etorri zen Adituen Batzordearen kontrako epaia eta handik hilabete batzuetara auzipetu zituen Foru Aldundiak Eliseo Gil eta bere bi kolaboratzaile. Geroztik Eliseo Gil eta bere taldearen aldekoak izan dira egin diren txostenak. Iruña-Veleia Argitu herri plataformak egin duen lana izugarria da. Etzi Gasteizen hasiko den epaiketan epaileek Eliseo Gilen aldeko hogei txosten aztertu beharko dituzte eta kontrako zazpi.

Garbi dago epaiketak ez duela eztabaida erabakiko, baina Eliseo Gil eta bere taldeari izen ona itzuli eta eztabaida berriro zientziaren arlora ekartzeko balio badu, gaitz erdi. •