Amagoia Mujika Telleria

ITZALA ARGITARA, DENEN BISTARA

Bertsoarekin puntadak emanez, musikarekin jantziz, antzerkira gerturatuz, jendaurreko hausnarketa intimoa da «Erik eta Win». Eta jendaurrean egitean, gogoeta kolektiboa pizteko nahia dauka. Ander Lizarralde eta Unai Muñoa beren itzalei begira jartzen dira, normalean erakusten ez duten horri so. Eta, azkenerako, ikuslea bere itzalei begira jartzea lortzen dute.

Norbera ez da soilik erakusten duena. Ez gara agertzen dugun argia bakarrik. Itzala ere bagara. Eta, batzuetan, itzala baino ez gara. Ander Lizarraldek eta Unai Muñoak beren itzala argitan erakusteko ariketa egin dute “Erik eta Win” ikuskizunean. Duela egun batzuk erakutsi zuten lehen aldiz jendaurrean Donostiako Lugaritzen. Haiek biluzi ziren jendaurrean, barruan gorde ohi direnak bistara agertuz. Eta begira zegoena ere biluzik sentitu zen une askotan, norberak bere miseriak intimoak eta bakarrak bailiran sentitu arren, normalean miseria kolektiboak izaten direlako; eraiki gaituen jendartearen tarratadak.

Lizarralde-Muñoa tandemak “Ez gara Palestinaz ari” taularatu zuen duela sei urte. Haren ondoren dator “Erik eta Win”, baina ez da justu haren segida edo bigarren zatia, nahiz eta badituzten parekotasunak. Oraingoak bi lagunen arteko harremanean sartzen du hatza, hondoraino. Lizarralde, ustez segurua, beti irabazi behar duena, minik hartzen ez duena, «gizon-gizona», negarrik egiten ez duena, beti nahi duena lortzen duena. Muñoa, ahula, sentibera, segurtasunik gabea, bere burua gutxi samar maite duena, irabazteari beldur diona, hurbilegi jartzen dena, «gizon-gizona» ez dena.

Maskulinitate desberdinak ikus daitezke. Izaera desberdinak ere ikus daitezke. Mutur horietatik eraikitako laguntasun bat ikus daiteke, edo zutoin horien gaineko bikote harreman bat. Edo horiek denak batera suma daitezke emanaldian.

Batek, «arrazoia emango dizut, mugitu gabe bazterretik/ diozunaren alde bainago zuk ezer ere esan aurretik». Besteak, «arrazoia kenduko dizut onetik edota txarretik/ diozunaren kontra bainago zuk ezer ere esan aurretik». Horrelaxe, bakoitzak bere ertzetik, ikuslea hara eta hona ibiltzen dute, kulunka deserosoan. Baten gehiegizko segurtasunak eta bestearen muturreko zalantzak gauza bera ezkutatzen dutelako: onartua izateko beharra. Umorea ere erabiltzen dute begira dagoena xaxatzeko; algara norbera deseraikitzeko erreminta boteretsua baita.

Oholtza gainera lau lagun agertzen dira; aipatu bi bertsolariak –gidoiaren egileak– eta Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariak. Antzerkia, bertsoa eta musika josten dituzte emanaldian. Asier Sota antzezle eta zuzendariak gidatu du “Erik eta Win” lana eta sumatzen da adituaren eskua, Muñoak eta Lizarraldek koska bat gora egin baitute aktore lanean. Sinesgarri egiten dira taularatzen dituzten bi pertsonaiak, asko dutelako pertsonatik. Unai Muñoak eta Ander Lizarraldek dagoeneko ibilbidetxoa osatua dute bertso munduan, Eskolartekoan elkarrekin hasi zirenetik. Une hori ere ekartzen dute oholtzara, umorez. Bertsoaren oholtza gainean proiektatzen duten horretatik asko dute Erikek eta Winek.

Ariketa osasuntsua da norbere itzalari erreparatzea; inbidiaz barrena kiskaltzen sentitzen dituena, gaizkilearen sena sumatzen duena, besteen pozarekin pena hartzen duena... «Zertan ukatu hori ere bagarenik eta nork esaten du zerbait txarra denik?». Alegia, Erikek eta Winek garbi daukate hobea dela norberak bere itzalen kontzientzia hartzea eta horiekin bizitzen ikastea, «guk menpera dezagun eta ez berak gu».

Goran bukatzen da emanaldia, azken egunotan Whatsapp taldeetan ibili den abestiarekin. «Dena hartu nahi dunak ez du eman nahi/ dena ematen duna ez da hartzeko gai/ baina  berez ez ote da harremana/ hartu eta emana...». Bai, ariketa osasuntsua da norbere itzalari begietara begiratzea.