Andoni Urbistondo

EZINEZKO PERFEKZIOAREN ARRASTOAN

Sare sozialetan ibiltzen denak ezagutuko du Imanol Zuaznabar, 29 urteko barakaldarra. Twitterren paisaia eta muturreko meteorologia fenomenoak erretratatzen dituen argazkilaria da. Argazki ikusgarriak ateratzen ditu; galernak, erauntsiak, tximistak, ilunabarrak… Dozenaka mila argazki egin ditu, eta eginen ditu, bere ametsaren bila: profesional bilakatu, argazkilaritzatik bizitzeko. Photoshoparen aldeko, oso kritiko da erakunde publikoek argazkilariak ahaztuta dituztelako. Argazki perfektuaren bila darama hamarkada eta erdi, baina argazki perfekturik existitzen ez dela konbentzituta: «Lortuko banu, nire argazkilaritza grina apaltzen hasia dagoela esan nahiko luke».

Imanol Zuaznabar komertziala da. Produktuak saltzen ditu ile apaindegietan, baina bere zaletasunagatik, argazkilaritzagatik dago erakustokian. 10.000 jarraitzaile pasa ditu Twitter sare sozialean, eta ez da harritzekoa, bertan erakusten dituen argazkiak ikusgarriak baino gehiago baitira. Tarteka formazio ikastaroak ematen ditu, eta ezkontza erreportajeak egin, sosa batzuk ateratzeko. Paisaia eta muturreko meteorologia fenomenoak erretratatu zalea da Zuaznabar, eta ordu eta egun asko joaten zaizkio zeregin horretan. Joan zaizkionak baino, ordea, joango zaizkionak ditu buruan bizkaitarrak.

Fuji A-330 kamera erabiltzen hasi zen gaztetan, «Hamabost edo hamasei urte atzera, hautsi egin nuen. Gehiegizko erabilpenagatik, konponketa dendako langilearen arabera. Ez dut agiri hura gordea, lastima». Ehunka milaka argazki egin omen zituen kamera harekin… Reflex kamera duela hamabi urte erosi zuen, Olympus kamera bat, eta egun Canon bat erabiltzen du. Arrazoi berezirik ez du, hautu bat edo beste egiteko: «Kamera onena iruditzen zait. Ez didate markek ordaintzen, gustuko dudana erabiltzen dut. Ea elkarrizketa honen ondoren enpresa erraldoi horiek eskaintzaren bat egiten didaten!».

3.000 bat euro balio du kamera bakoitzak, eta, material guztia aintzat hartuz, 5.000-6.000 euro inguru. Zuaznabar geografoa da ikasketez. Master bat ere egin zuen Madrilen, “Lurralde dinamikak eta garapena” izenekoa. Txantxetan dio bere benetako masterra Madrilgo gau bizitzakoa izan zela.

Muturreko fenomeno meteorologikoak erretratatzen ditu argazkilariak. Honatx, atariko betebeharren azalpena: «600-700 kilometro egin ditzakegu argazkien bila. Hainbat meteorologia modelo aztertzen ditugu, Arome, Meteociel… eta, geografoa naizen neurrian, inguruko ezagupen handia daukat». Eskarmentuak ere garrantzia handia du, toki bat edo beste aukeratzerakoan. Zuaznabar ez da bakarrik ibiltzen. «Talde bat daukagu, RGBasque izenekoa. Hamar bizkaitar eta arabar bat gaude» (RGB argazkilaritzan kolore profil mota bat da). Taldeko kideren batek zerbait ikusten badu Whatsapp taldean esaten du. «Abisuak nik ematen ditut normalean», dio Imanolek, «meteorologia kontuetan-eta iaioa naizelako. Naturaren edozein espresio bide bilatzen dugu, izan erauntsiak, ilunabarrak, Esne Bidea…». Ulertze aldera, bere hurrengo erronkaren berri eman du: Mont Saint-Michel, Normandian, hango ilunabarrak erretratatzen saiatuko da, martxoko zubian.

Prozesu konplexua

Argazkiak egiteko prozesua luzea da, eta ez du arrakasta ziurrik. «Argazkiak egin baino bizpahiru egun lehenago hasten da, eta argazkia atera dudan tokitik korrika ihes egiten dudanean bukatu». Eguraldi mapak begiratu ostean, bere txoko gustukoenak aztertzen ditu, zein aukeratu erabakitzeko. «Euskal Herria, errepideengatik-eta, ez da toki ona azkar mugitzeko. Agian Arabako Lautada bai, Gasteiz eta Agurain artean. Nafarroa eta Aragoiko muga, eta Palentzia eta Burgos arteko muga, Osorno aldea, horiek ere oso egokiak dira erauntsiak erretratatzeko».

Paraje horiek omen guregandik gertuen egon eta AEBetako lur eremu lau eta zabalen, tornadoen eremuen, antz gehien dutenak. «Lursailak baino ez daude, auto eta errepide gutxi». Hautua egin ondoren, bertaratu eta zain geratzen da Zuaznabar. Zorteko bada, eta erauntsia datorrela ikusten badu, jokabidea garbia da: «Erauntsiak aurrea ez hartzea».

Etxera kontent bueltatzeko baldintza bat bete behar da derrigor: «Kamerako bateriarik gabe bueltatzea». Bi eramaten ditu, eta ordu asko irauten dute. Zenbat da asko? «Ba irteera bakoitzean 8.000-10.000 argazki egiten ditut igual. Aintzat hartu argazki asko rafaga edo segida moduan egiten ditudala, erauntsiren bat baldin badago. Segidarekin igual 100 argazki egiten dituzu minutu batean. Segidarik gabe bada, ba 500 bat argazki edo». Argazki on bakar batek lan handia daukala dio Zuaznabarrek, «agian 50 argazki ezberdin uztartu behar dituzu, esposizio, plano eta foku ezberdinekin, on bakarra lortzeko». Argazkilariak badaki zein materialekin bueltatzen den etxera, nahi zuena lortu duen edo ez: «Itzuleran urduri jartzen zara, pazientzia galdu ere bai, argazkiak deskargatu eta agian ez dagoelako espero duzun erretratua…». Behin ordenagailuaren aurrean jarrita, eta buruan zeukan argazki hori pantailan dagoela ziurra denean, zer? «Oso sentsazio ona. Sustoren bat ere hartu dut, argazkiren bat foku egokirik gabe atera bada, baina gutxitan pasa zait».

Anekdota asko bizi izan ditu argazkilariak. Gaztetako bat ekarri du solasaldira. «Behin Guardia Zibilarekin izan nuen egoera berezi bat». Barakaldo jaioterrian izan zen. Han kuartel handi bat bada. «Handik gertu argazki bat ateratzeko asmoa nuen. Negu betea zen, Klaus zikloia etorri zenean, 11 urte atzera uste dut». Aurpegia babesteko zapi horietako bat zeraman Zuaznabarrek, begiak baino ez zitzaizkion ikusten. «Guardia zibilak etorri zitzaizkidan, ea zertan ari nintzen galdezka. Autora eraman ninduten, eta han, kasualitatea, zirkulu gorriz markatutako hainbat toki erakusten zituzten mapa pila bat nituen». Kosta omen zitzaion guardia zibilak argazkiak ateratzen ari zela konbentzitzea.

Azken hamarkada eta erdian milioi eta erdi argazki egingo zituela kalkulatzen du argazkilariak. «Asko zakarretara botatzen ditut. Gutxi-asko, irteera bakoitzean erdiek ez dute ezertarako balio, eta memoria nahikorik ere ez dut denak gordetzeko». Ikusi ere, ez omen ditu denak ikusten. «Ilunabarretan, adibidez, badakit denbora tarte jakin batean egindako argazkiak bakarrik izango direla gordetzeko modukoak. Aldiz, beranduago atera ditudanak, ez».

Argazkia editatzearen aldeko

Zuaznabar argazkiak editatzearen aldekoa da, argazkiari berak gustuko duen ukitua, tokea ematea. Baina argi dio: «Horrek ez du esan nahi argazkia manipulatzen dudanik. Argazkia egin eta editatu egiten dut. Ulertzeko, ez dut tximistarik jarriko argazkian tximistarik ez badut harrapatzen argazkia egin dudanean. Hala egingo banu, ez nituzke 700 kilometro egingo tximista baten bila!». Argazkiak asko editatzen dituela onartzen du, «baino argazkilaritza arte baten modura ulertzen dudalako, eta bakoitzak bere ukitu pertsonala eman behar diolako, besteengandik ezberdintzeko». Hori bai, tranparik egin gabe, «argazki on baten bila egunak pasa, eta ehunka kilometro egin ostean tranpak egingo banitu tonto hutsa izango nintzateke».

Zuaznabarrek purista dela aitortzen du. «Niretzat sari handia da Barrikan, Bizkaian, ilunabar dotore bat erretratatzea. Aldiz, Barrikako ilunabar horri Bardeako atzealde bat jartzea zentzugabea litzateke erabat. Argazkiak esentzia guztia galduko luke. Oinarria funtsezkoa da. Gero norberak egoki ikusten dituen ezaugarriak ematen dizkio: distira, kontrastea, filtroak… Hori edizioren parte da, ez sormenaren parte. Sormena argazkia bera da. Nik, argazkiarekin, gauza jakin batzuk transmititu nahi ditut, eta irudia egokitzen dut hori lortzen saiatzeko».

Webgune txukuna dauka Internet sarean: www.imanolzuaznabar.com da helbidea. Argazkiak ditu salgai bertan (50 euro merkeena), argazki dotoreak denak, baino argazkilari profesional izatea ez omen da batere erraza. «Oso argazkilari ona izatea baino, zeure burua ondo saltzen jakitea da funtsezkoa ofizio honetan, profesionala izan nahi baduzu. Ezagutzen ditugu, argazkilariak, onak izan gabe, argazkilaritzari esker bizi direnak. Argazkilari bikain asko, aldiz, beste lan batzuetan aritu behar dira, aurrera egiteko». Aukeran, Imanolek nahiago du «profesional pobrea izan, profesional txarra eta aberatsa baino. Dirua iristen bada, ba ondo, baina iristen ez bada, ba aurrera. Niretzat profesionaltasunak du lehentasuna». Ondorengo galdera, erraza. Zenbat argazki saltzen ote ditu, demagun, urtero? «Dozena bat saltzen baditut, konforme!».

Argazkien balioaz hausnartu beharra

Kopuru apala oso. Argudio hau ematen du argazkilariak: «Jende askok galdetzen dizu, ‘aizu, zergatik ez didazu argazki hori bidaltzen, nire etxean jartzeko?’. Erantzuna memoriaz dakit: ‘Zu zertan aritzen zara lanean? Informatikaria bazara, ordenagailu bat konpontzen duzun aldiro kobratu egingo duzu, ez? Ba nik berdin’, esango nioke. Argazki bakoitza egiteko ordu asko ematen ditut, egunak, asteak, materiala, hara eta hona mugitu, edizioa…». Jendea ez omen da jabetzen argazkiak egiteak zenbat lan eragiten duen, «ez duelako argazkiengatik ordaintzeko ohiturarik. Ez dut uste maltzurkeriaz jokatzen denik, ezjakintasunez baino ez. Bada argazkiak 150 euro balio duela esaten diozun jendea, eta ordaintzen duena. Baina ohiko erantzuna honakoa izaten da: ‘Nola ordainduko dizkizut 150 euro, nik neuk sakelakoarekin egin dezakedan argazkia bada?’. Nire erantzuna erraza da: ‘Egin ezazu, ea argazki berbera lortzen duzun’».

Zuaznabarrek Twitter sare soziala erabiltzen du bere lanak erakusteko. Erakustoki eraginkorra omen da. «Sare sozial horri esker nire txio edo argazki batzuk bi milioi pertsonak ikusi dituzte. Zoritxarrez, horrek ez du ekartzen argazki salmentarik, baina askoren begietara ezagunago egiten nau». Ariketa erraza da, sinplea, Twitter sare sozialeko @I_zuaznabar kontuan sartu eta hainbat argazki ederrekin gozatzea.

Pirateatze edo argazki lapurreten arriskua ondo ezagutzen du Zuaznabarrek, baina halakorik egiten duena harrapatzeko bitartekoak, egon badaudela uste du argazkilariak, eta ez dela arazo larriegia. Kritikoago mintzatzen da erakunde ofizialekin, eta zehatzago, haiek argazkilari profesionalak sustatu edo laguntzeko duten borondate eskasarekin. «Argazkilariak ez gara existitzen beraientzat», dio ziurtasunez. Euskal Herri eta Espainia mailan turismo atarietan argazki penagarriak jartzen omen dituzte. Bizkaian 50 bat argazkilari dira, «eta erakunde publikoek gure txokoak sustatzeko kanpainetan milaka euro erabiltzen dituzte. Ba bakar bat bera ere ez da argazkilarion poltsikoetara joaten. Eta ulergaitza da, turismoa gurean sektore indartsua delako. Bakarren batek esango du kexu naizela nire argazkiak ez dituztelako erosten. Ez, ez dute argazkilarien argazkirik erosten, ez nirerik, ez beste inorenik ere, eta horrek ernegatu egiten nau». Hainbat atari eta webgune ofizialetan jartzen dituzten argazki txarrak ikusi, eta haserretu egiten dira Zuaznabar eta bere kideak, «ehunka euroko gastu batekin sekulako distira eman baitiezaiokete euren webguneari».

Argitalpen bat kalean, bestea bidean

Zuaznabarren argazki bildumak laster ikusiko du argia. Iaz crowdfunding ekimen bat abiatu zuen sare sozialetan, “Troposfera” izeneko bilduma argitaratzeko. 6.500 euro behar zituen proiektuak aurrera egin zezan, eta bost egunetan lortu zuen langa horretara iristea. Aste gutxi batzuk geroago, 10.000 euro pasa bildu zituen argazkilari bizkaitarrak. Aipatu liburua www.libros.com argitaletxearen bitartez eskuratu ahal izango da laster. Argitalpena Zuaznabarrek azken hamabost urteetan egin dituen argazki onenen bilduma da, Gaztelako Lautadan hasi, Euskal Herriko kostaldeko paisaiekin jarraitu, eta Islandiako txoko ederrekin bukatu. Argazkiez gain, “Troposfera” lanak dibulgazio helburua ere badu, meteorologia eta argazkilaritza uztartu eta bi zientzia edo arte horien inguruko azalpen zehatzak emanez.

Beste proiektu bat ere badu esku artean Zuaznabarrek, Aritz Atela argazkilari eta lagunarekin elkarlanean: “Euskal Herriko 50 altxor” izango da liburuaren izena, titulu hori oraingoz behin-behinekoa bada ere. Babesleak bilatuz, edota crowdfunding bitartez nahi lukete argitalpena jendarteratu. «Euskal Herriko natura eta turismoaren erreferente izatea nahi genuke», dio Zuaznabarrek. Argazkiak eta testuak izango ditu, eta argitalpena euskaraz eta gaztelaniaz, bi hizkuntzetan, egin nahi dute. Aritz Atelari buruz galdetuta, zintzo bota du Zuaznabarrek: «Niretzat inguruan daukagun paisaia argazkilari onena da. Beti daukat zer ikasia berarekin».

Galdera zailenak, bukaerarako. Ze txoko ditu, gustukoen, argazkilariak? Dozena bat segundo hartu ditu hausnartzeko, baina bota ditu lau, arrapaladan: Gaztelugatxe, Bardeak, Barrika eta Nerbioi ibaiko ur jauzia. Eta zein ote bere inoizko argazki onena? Erantzun azkarra: «Galerna bati atera niona Barrikan, iaz, apirilean». Eta zergatik? «Lortzen zailena izan zelako. Igual hogei urte pasako dira berriro aukera hori izateko. Galerna bat, apirilean, eguzkia komeni den aldetik ezkutatzen… Banekien argazki onak egon zitezkeela egun horretan, baina hori pentsatzea eta naturak eman zigun aukera ematea, biak uztartzea, hori ez da erraza».

Eta bitxikeria bat, logikoena argazkilariaren sua noizbait itzaliko dela pentsatu bailiteke, beste zaletasun batzuk bilatu. Ez da Zuaznabarren kasua, argazki perfektua lortzeak ere ez lukeelako argazkilaritzatik baztertuko. Honatx, azalpena: «Ez da argazki perfektua existitzen, lortu duzula uste baduzu, argazkilaritzarekiko sentitzen duzun grina apaltzen hasi denaren seinale izango da». Beti omen dago erronkaren bat, hobetzeko tartea. «Perfekzioa ez da existitzen, ez argazkilaritzan, ezta beste arteetan ere. Nik aurora boreal bat, AEBetako tornado bat… Horiek erretratatu nahi ditut. Ea 2021ean posible den! Lortuko banu, hara bueltatu nahiko nuke berriro, argazki hobeago bat egiteko». Pasioa, adrenalina. Egunak joan, urteak etorri, ezinezko perfekzioaren arrastoan ibiltzearen pasioa, grina: «Ezingo nuke bestela bizi». •