joseangel.oria
JAPONIA

Fukushimako herritarrek irain moduan bizi dute olinpiar zuzia bertara eramatea

Joan den ostegunean hasi zen Olinpia leku historikoan olinpiar zuziaren ibilbidea. Grezian egun batzuk egin ondoren, hilaren 20an izango da Japonian eta martxoaren 26an Fukushiman hasiko du makina bat hiri bisitatuko dituen bidaia. Istripu nuklearraren ondorioak oraindik sufritzen dituztenak haserretu egin dira.

Gobernu japoniarrak erabaki du 2011ko istripu nuklear izugarria jasan behar izan zuen Fukushimara eramatea olinpiar zuziaren ibilbidearen hasiera, baina bertakoek ez dute ilusioz bizi kontua, irain moduan baizik. Beren etxeak utzi behar izan zituztenek ez dute begi onez ikusten agintariek egindakoa.

«Fukushimak eta Tokiok dituzten kezkak ez datoz bat», laburtu zuten egoera J-Village izeneko instalazioen ondoan elkartu ziren manifestariek. Bertatik aterako da hilaren 26an, koronabirusak aurkakoa agintzen ez badu, olinpiar zuzia, herrialdeko ehunka herri bisitatzeko asmoarekin.

Tepco Tokio Electric Power konpainiak finantzatutako futbol entrenamenduak egiteko luxuzko zentroa da J-Village. 1997an zabaldu zuten, istripu nuklearra izango zuen Fukushima Daiichi zentraletik hogei kilometrora. Garai hartako diskurtso ofizialaren arabera, energia nuklearrak «etorkizun distiratsua» bermatzen zien japoniarrei, Futaba herriaren sarreran ipinitako mezuan irakur zitekeenez.

Baina olinpiar zuziak, azkenean, inor bizi ez den lekuak bisitatuko ditu, nahiz eta agintariek beste egoeraren batekin egiten zuten amets. Betiere, zuziaren bidaia bertan behera uzten ez badute, koronabirusaren aroan ez baitago ezer ziurtzat ematerik.

«Sufritzen ari gara»

«Guretzat, Fukushimako biztanleontzat, zuzia hemendik abiarazteak adierazten du Gobernuak istripu nuklearraren kontua ixteko borondatea duela. Guk umiliazio moduan bizi dugu», adierazi dio France-Presse agentziari Ruiko Muto ekintzaileak.

«Baldintza normalak izango bagenitu, gustatuko litzaiguke Fukushimako eskualdea nazioarteko arretaren fokuen azpian egotea olinpiar zuziari esker. Baina gu oraindik sufritzen ari gara. Eta noren erruz? Tepco konpainiaren erruz», esplikatu du Hiromu Murata ebakuatuei laguntzeko sortutako Hidanren elkarteko presidenteak.

«Fukushima ez dago Olinpiar Jokoengatik pozteko egoeran», nabarmendu du Miyako Kumamoto emakumeak, bera ere ebakuatuei laguntzeko elkarteko kidea. Horietako askori gehiegi kostatzen ari zaie etxeren bat aurkitzea.

2011ko martxoaren 11ko istripu nuklear larriaren ondoren, J-Village zentrala eta inguruak garbitzera joandako langileen egoitza nagusi bihurtu zuten: bertan aldatzen zuten arropa, atseden hartzen zuten, jaten zuten… Milaka lagun pasatzen ziren bertatik egunean, benetako infernuan lanean aritu ondoren.

Ebakuazio aginduak

J-Village izenekoak kirol instalazio izatera pasa ziren berriz iazko apirilean, hedabideetan oihartzun handia izan zuen ekitaldi baten bitartez. «J-Village garai batean izan zena izatera bueltatu da. Guretzat ikur bat da, berreraikuntzaren abiapuntua, oraindik martxan dagoen prozesu batekoa. Laguntza handia jasotzea espero dugu, energia berria, Olinpiar Jokoei esker», Masao Uchibori gobernadoreak orduan adierazi zuenez.

Fukushimako herritarrak agintariek zenbait puntutan ebakuazio aginduak kendu izanak ere haserretu ditu, erradioaktibitatearen beldur baitira. Manifestari batzuek dosimetroak erakusten dituzte mobilizazioetan, erradioaktibitatea neurtzeko erabiltzen diren aparatuak alegia.

«Agintariek berriz bizitzeko moduan daudela esan duten guneetara itzultzerik ez dute nahi herritar batzuek, baina Estatuak eta prefeturak beste nonbait bizitzeko laguntzak kendu egiten dizkiete. Eta ebakuatu ez zituzten lagunak, baino erradiazioaren beldur ihes egin zutenak, kasu batzuetan okerrago daude», kontatu du Kumamotok.

Manifestariek kontatzen dituzten kasuak negargarriak dira. Hasiera batean, Estatuak ostatu eman zien familia pobre batzuei, ezer ordaindu beharrik izan gabe. Urte batzuk egoera horretan egin ondoren, alokairua exijitzen hasi ziren agintariak, eta gero bikoiztu egin zuten ordaindu beharreko kopurua; eta orain leku horietatik kanporatu egin nahi dituzte, eskatutako kopurua ordaintzen ez badute. «Bost familia geratzen zaizkigu egoera horretan: ostatu bilatzen laguntzen diegu, baina beraiekin harremanetan jartzea kostatzen ari zaigu», azaldu du prefeturako funtzionario batek. Bestelako egoera bat deskribatu du Kumamoto ekintzaileak: «Etxe-zulo zikin batzuk eskaintzen dizkiete, eta lan hori eskrupulurik gabeko agentziei ematen zaie».

«Ordaindu ezin duten alokairurik ez eskatu», gaineratu du ekintzaileak. «Horrela egingo dugu Finantza Ministerioak horrela nahi badu», erantzun du funtzionarioak. Komunikazioak ezinezkoa dirudi, bi aldeak gortuta baleude bezala ari baitira.

Kumamoto ekintzaileak oso hausnarketa egokia egin du, zenbakiak erabilita, galdera moduan: «9.000 milioi euro Olinpiar Jokoak egiteko gastatu dituen Estatu batek, ekonomia suspertzeko eta berreraikuntzari laguntzeko 108.000 milioi euro agintzen dituen Estatu batek, familia horiei eskatzen dieten 160 euroak beharrezkoak al ditu?».

Nazioarteko makina bat elkartek “Nuklearrik Gabeko Olinpiar Jokoak 2020” izeneko kanpaina abiarazi dute.

Ekologistak Martxan taldeak gogorarazi du Fukushima Daiichik «mehatxu izaten jarraitzen duela», istripua gertatu zenetik bederatzi urte bete direnean. Ekologistek nabarmendu dute hondakin eta isurketa erradioaktiboek eremuan bertan pilatuta jarraitzen dutela eta Tokioko agintariek herritarrak behartzen dituztela kutsatutako lekuetara itzultzera.

Greenpeace taldearen neurketa

Zenbatekoa da gaur egun dagoen erradioaktibitatea? Japoniako Greenpeace talde ekologistak egin dituen neurketek diote Exekutiboak ontzat emandako maila baino 1.700 aldiz handiagoa dela. Shinzo Aberen Gobernuak, salaketa horri behar bezala erantzun beharrean, «kutsadura garbitzeko lan gehiago iragarri ditu, eta Olinpiar Jokoak egingo diren estadioetako erradiazio maila zaintzeko tresneria hobetu egingo duela azaldu du», ekologistek esplikatu dutenez.

Ekologistak Martxan taldeak gogorarazi du zentralean istripuaren unean zegoen «ia erregai guztiak» bertan jarraitzen duela. Beraz, datozen urteetan ere hozte-sistemek lanean segitu beharko dute. Beraz, ingurumenaren aldeko ekintzaileek aurreikusten dute azkenean ur erradioaktiboa berriz itsasora jaurti beharko dutela, lehen ere egin izan duten moduan. «Shinzo Abek olinpiar garrarekin hondamendi nuklearra estali nahi du», diote.

 

Koronabirusak zapuztu egin du Shinzo Aberen Gobernuaren propaganda ariketa

Japoniako agintariek joan den asteazkenean omendu zituzten 2011ko tragedia ikaragarrian zendu ziren milaka lagunak, baina Shinzo Abe lehen ministroaren Gobernuak diseinatuta zuen propaganda ariketa erabat zapuztuta geratu zen, bazter guztietara iritsi den koronabirusaren eraginez.

Lehen ministroak berak eskatu zuen aurten 20.000 inguru biktimen aldeko hileta-ekitaldirik ez egiteko, birusaren hedapena ez laguntzeko asmoarekin. Abek eta beste goi kargu batzuek isilik egin zuten ekitalditxo bat bere bulegoan Tokio hiriburuan 14.46ak zirenean, 2011ko martxoaren 11ko ordu horretan izan baitzen sekulako tsunamia eragin zuen lurrikara; ondoren gertatuko zen inoiz izan den istripu nuklearrik larrienetako bat. Suntsitutako erreaktoreen inguruko lurraldea ebakuatu behar izan zuten eta oraindik dozenaka mila lagun daude beren herrietara itzuli ezinik.

Gobernuak abian jarritako Berreraikitze Agentziak emandako datuen arabera, 47.700 herritar daude etxetik kanpo kutsadura erradioaktiboaren ondorioz (horietako 6.000, behin-behineko ostatuetan). Hori bai, energia nuklearraren aurkako ekintzaileek uste dute askoz ere japoniar gehiago dagoela oraindik etxera bueltatu ezinik.

Agintariek errepikatu dutenez, Fukushimako istripu nuklearrak kaltetutako lurraldeen berreraikuntza «aro berri batean» sartu da egunotan, suntsitutako zentralaren inguruko eremu txiki batean ebakuazio aginduak kendu egin baitituzte. Gainera, gaur bertan berriz lanean jarriko dute eskualdeko trenbide zerbitzua, hondamendi nuklearra gertatu zenetik lehen aldiz.

Futaba herriko (zentrala hartzen duena, Okumarekin batera) eremu txiki bateko ebakuazio agindua kendu zuen Gobernuak joan den astean. Helburua, hilaren 26an Japoniara Greziatik iritsiko den olinpiar zuziaren lehen kilometroetako giroa ahal den normalena izatea litzateke. «Futabako zati batean murrizketak kentzeko erabakia sinbolikoa da, herri osoaren %5ean baino eraginik ez duelako», esplikatu zuten nazioarteko berri agentziek. Herri horretan 7.700 lagun bizi ziren istripuak dena aldatu zuen arte. Kasurik onenean, oraindik urteak egin beharko dituzte kanpoan bizitzen, bertara lasaitasunez itzuli ahal izateko.

Okuma herriko ebakuazio agindua iaz kendu zuen Gobernuak, baina bertakoak ez daude konforme. «Kendu zuten, baina erradiazio mailak ez dira batere aldatu», esplikatu berri du Masumi Kowata zinegotziak. Erantsi du herritar askok uste dutela inoiz ez dutela beren etxeetara bueltatzeko aukerarik izango.

 

Aseguru konpainiek zenbat arinduko lukete Olinpiar Jokoak aurten ez egitearen eragina?

Gero eta zalantza gehiago eragiten ari da koronabirusaren hedapena japoniar agintarien artean, uztailaren 24an hastekoak diren Olinpiar Jokoen inguruan. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak jakinarazi du aseguruak kontratatu dituztela Olinpiar Jokoak ezabatu beharrean izanez gero nolabait erantzuteko moduan izateko.

Olinpiar Jokoak egin gabe geratzeak sekulako galera ekonomikoak eragingo lituzke eta horrexegatik aipatu batzordea aseguru-entitateekin harremanetan jarri zen, 2004an Atenasen egin zen ekitaldiaz geroztik egin izan den moduan. Garai hartan Jacques Rogge belgikarra zen batzordeburua. Edonola ere, Olinpiar Jokoak uste bezala ez ateratzeko aukeraren aurrean tankerako berme bat sinatu nahi izan zuten lehen antolatzaileak Moskukoak izan ziren, 1980an. Londresko Lloyd’s etxearekin sinatu zuten kontratua, Patrick Vajda SIACI Saint Honore etxeko adituak France-Presse agentziari esplikatu dionez. Tokioren kasuan, Olinpiar Jokoak egiten ez badira babesa izango lukete antolatzaileek. Nazioarteko zenbait federaziok ere gauza bera egin dute dagoeneko, Vajdak azaldutakoaren arabera.

Swiss Re suitzar konpainia litzateke Tokioko ekitaldiarekin kontratua sinatu dutenetako bat. Izenpetutako dokumentuaren arabera, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak Olinpiar Jokoak ezabatzea erabaki dezake, «parte hartzaileen segurtasuna erabat mehatxatuta baldin badago». Testuak eransten du Japoniako batzordeak ere hitzarmenaren bat egin behar duela «arrisku orotako» kalteak bere gain hartzeko. Agentziak galdetu die Tokioko antolatzaileei, xehetasun gehiago jakin nahian, baina «Olinpiar Jokoak ezabatzearen aukera aipatu ere ez dugu egin» esan diete.

«Arrisku guztiak daude aseguruan sartuta, espresuki kanpoan utzita daudenak kenduta, eta horiek ere sartzea erabaki daiteke –azaldu du hamarren bat ekitaldiren negoziazioetan esku hartu duen Vajdak–. Bi arrisku nagusi dira erantsi daitezkeenak: terrorismo arriskua eta gaixotasun kutsakorrei dagokiena».

Teorian, koronabirusaren eraginez Olinpiar Jokoak egin gabe geratuko balira (izurri horren berririk ez zen kontratua sinatu zenean), aseguruan sartuta egongo litzateke. Adituek egin dituzten lehendabiziko kalkuluen arabera, 5.000 milioi dolar galduko lirateke telebista eskubideekin, konpainia babesleekin eta sarreren salmentarekin lotuta. Dirutza hori herrialdeetako olinpiar batzordeak, nazioarteko federazioak eta Nazioarteko Olinpiar Batzordea bera finantzatzeko baliatzen da.

Patrick Vajdak AFPri azaldu dio aseguru etxeek, asko jota, 1.500 milioi dolar emango luketela. Ondorioak oso gogorrak izango lirateke, horrenbestez, kirol mugimenduarentzat.