Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Jaso dugu lekukoa, Joxe Mari!

Nongoa zara? galdetuta, «Azkaraten (Nafarroa) jaio, Legazpira (Gipuzkoa) joan eta Hernanin (Gipuzkoa) bizi. Euskal Herrikoa», erantzuten zuen, bala-bala. Eta hori zen bere sorterria, eragin esparrua, ametsen orubea, ekintzaren helburua: Euskal Herria.

Adinak nahastuta ziharduen Telleriarteko eskola txikia; Huescako kimika ikasketak; Patricio Echeverriako laborategia; Haztegi ikastolako maisu lana; Iratxeko (Nafarroa) lehen euskal udalekuetan begirale; euskara berrikasle Euban (Bizkaia), Karmele Aierberekin... Bizitako bakoitzak utzi zion arrastoa eta guztiekin zizelkatu zuen bere asmoa eta ekintza.

Ezkerrekoa eta abertzalea zelako iritsi zen politikara, bazekielako Euskal Herriak, euskarak, hezkuntzak aurrera egin zezaten politikan ere eragin behar zela. Sindikalgintza etorri zen gero. LAB Irakaskuntza sortzen aritu zen, Gipuzkoako Ikastoletako ardura hartuta. Ikastolei inposatutako publiko-pribatu erabakia bete-betean, ikastolaz ikastola ibili zen publikoa bai baina zer publiko mota atakan murgilduta. Zatiketa horrek markatu zuen: hori eta publikotasunaren izaera izan ziren berekin zeramatzan bi arantzak.

Sistemak antolatu zuen zatiketaren biharamunean bere ametsari forma ematen hasi zen: denentzat izango zen gunea sortu nahi zuen. Biziraupen aukera eskasen iragarpen guztien gainetik, Hik Hasi jarri zuen martxan inolako dirulaguntzarik gabe “Non dago hutsunea, zer falta da”, lelo hartuta. Aldizkariaren atzetik etorri ziren, baliabideen gidak, topaketak, jardunaldiak, bidaia pedagogikoak, monografikoak, ikus-entzunekoak, herrietako ondarea ezagutzeko unitate didaktikoak, hezkuntza goraipamenak, zinema... Unibertso oso bat ehunduz joan zen hezkuntzatik eta euskaratik.

Aparteko konfiantza zuen herritarrengan. Berdin eseriko zen Hezkuntza kontseilariarekin bere bulegoan edota edozein plazako lurrean gazteekin Gaztetxeak antolatutako hitzaldian. Gaitasun aparta zuen jendarterako eta herritarren ekimenerako.

Zatiketek zatitu zioten bihotza: sareen, lurraldeen, euskaldunen artekoak. Hala ere, erori bakoitzean altxatu zen: Administrazioak dirulaguntzak kendu zizkionean, Espainiako poliziak kazetari bat bahitu zionean, gaixotasunak osasuna ostutakoan... azken hatsa hartu bitartean. Irribarretsu, ez zen errenditu inoren eta ezeren aurrean.

Hik Hasik ez ditu alferrik ia 25 urte. Egun bakoitzean egin duen harreman bakoitzetik ikaspena jaso du Joxe Marik. Haurra eta pertsona erdigunean eta iparrorratz jarri eta betitik defendatu zuen udalerrien egitekoari eutsi dio, tinko. Ildo horri jarraiki biribildu zuen bere ideia: “autonomian dago gakoa”. Herritar burujabeak nahi zituen, balioetan heziak.

Eskolaren izaeraren korapiloa askatu gabe joan da. «Batzuentzat badugu eskola nazionala, besteentzat egiteke dago», zioen. Eskola tradizionalaren eta modernoaren eztabaida zaharraren gainetik, «ikasleak herritar autonomo, kritiko, irizpidedun, maitale, komunitatekide, errespetuzko eta identitatedun izateko nola eragin da gaia, ahaztu gabe sustrairik eta ziurtasunik gabeko jendartean bizi garela, nazio gutxiagotu, parekidetasun gabean eta haur-pertsonaren hainbat eskubide errespetatzeke. Erronka ederra, e!», esaten zigun.

Azkenaldian, marrazten ari den panoramaren aurrean, «burua argi dugu eta umil eta herritarron onurari begira jokatzen dugu edo egoera zeharo gaiztotzen joango da. Botereak bere joko eremua prestatzen du eta herritarrok muturka amaitzen dugu. Gudak horrela hasten dira», zioen. Eta zekielako eta bizi izan zuelako zioen.

Hartu dugu zure lekukoa: «Publikotasunaz hitz egiterakoan, zer herri mota, jendarte, herritar, pertsona irudikatzen dugun hausnartu eta horrekin koherente izan behar du jendartearen antolaketak, eta, ondorioz, egitura administratiboak. Herritarra parte hartzailea izatea nahi badugu, hori horrela izaten lagunduko duen antolaketa izan beharko dugu, ezta? Izan gaitezen kontsekuente eta egin dezagun denontzako izango den herria denon artean».

Mila esker, Joxe Mari, bidaia zoriontsua gerta dakizula... Sentitu, pentsatu, ekin, denok elkarrekin! •