France-Presse
ETIOPIA

Langileen haserreak Gobernuak abian jarritako industrializazio prozesua mehatxupean du

Etiopiako agintariek beren aurrean duten erronka nagusienetako bat da langile gazteek lanari eustea, soldata hobeak exijitu gabe. Beren helburua herrialdeko industria garatzea da, nekazaritzarekiko menpekotasuna hain handia izan ez dadin. Txinako eta Asiako beste herrialde batzuetako eredua dute buruan.

Bizimodu hobea aurkitu zuelakoan zegoen Zemen Zerihun 22 urteko gaztea, bere nekazari giroko jaioterria utzi eta Etiopiako hegoaldean dagoen Hawassako eremu industrialean ehungintzan lanean hasi zenean. Lanpostua zeukan eta hori ospatzekoa da!

Baina handik hilabete batzuetara, langile gazteak egiten zituen kontuak erabat ezberdinak ziren: astean sei egunetan, egunean zortzi orduz eta baldintza oso kaskarretan egiten zuen lan eta sekulako estresa eragiten zion bizimodu berriak. Gainera, lanean aritzeagatik hilean ordaintzen zizkioten 31 euroak ez ziren nahikoa modu duinean bizi ahal izateko. «Ikuskatzaileek abere bat izango bazina bezala tratatzen zaituzte –azaldu du–. ‘Mantsoegia, alferregia’, oihukatzen ziguten ekoizpen katearen erritmoa zertxobait motelduz gero. Komunera ere gure atzetik etortzen ziren, beharrezkoa baino denbora gehiago pasa ez genezan. Gaizki pasa nuen», esan dio France-Presse agentziari.

Eskulan merkea

Etiopiako agintariek bolada honetan beren aurrean duten erronka nagusienetako bat da Zerihunen hausnarketek ilustratzen dutena. Beren helburua herrialdeko industria garatzea da, nekazaritzarekiko menpekotasuna hain handia izan ez dadin. Txinako eta Asiako beste herrialde batzuetako eredua dute buruan etiopiar agintariek: atzerriko inbertsioak erakartzeko, eskulan merkea eskaintzen zaie. Gobernuak uste du gauzak horrela eginda, manufaktura-sektore indartsu bat zutituko dutela, eta gazteei lana emanez, protesta giroa baretu egingo dutela, batez ere abuztuan egitekoak diren hauteskundeei begira.

Etiopia osoan hamabi eremu industrial handi daude gaur egun eta horiei esker dozenaka mila lanpostu sortu dira. Hala ere, eskualdeko gazte guztiak ez daude edozein baldintzatan lan egiteko prest. Langabezia tasa handia izan arren, ez dute lanean soldata ziztrin baten truke egin nahi. Ezta baldintza negargarrietan ere. Horietako milaka etiopiarrek esaten dute nahiago dutela lanik gabe segitu.

Agintariaren kalkulua

Hawassako eremu industrialean bertan egoera horren adibiderik garbiena dugu: 2017an eta 2018an, bertako langile guztiak (%100) aldatu behar izan zituzten, New Yorkeko Unibertsitateko Stern Negozio eta Giza Eskubideen Zentroak iazko maiatzean argitara eman zuen txosten batean irakurri daitekeenez.

Kontratazio berriak, eta langile horiei beharrezkoa duten gaitasuna ematea, Gobernuak aurreikusi baino askoz ere garestiago atera zitzaien, txostenaren arabera.

Abiy Ahmed lehen ministroak esan izan du eremu industrial berriek hazkunde ekonomikoa eragingo dutela Etiopian, eta horrela herritarren haserreak, istiluek eta matxinadek behera egingo dutela, abuztuan egingo dituzten hauteskundeei begira.

Kosta ahala kosta

Arkebe Oqubay Etiopiak jarraitzen duen estrategiaren diseinatzaileak emandako informazioaren arabera, 2014an konturatu zen Gobernua nekazaritza ez dela gauza herrialdeak beharrezkoak dituen lanpostu guztiak sortzeko. Populazioa etengabe hazten da eta nekazaritza izan da beti langile gehien hartzen duen sektorea. Abiy Ahmed agintera iristeko lau urte falta ziren oraindik.

Munduko Bankuaren arabera, urtean bi milioi gazte iristen dira herrialdeko lan merkatura. Iturri berak eransten du Etiopiakoa dela Afrika osoko hazkunde ekonomikorik ikusgarriena.

Baina agintariak ahalegintzen diren arren, gaur egun manufaktura-sektorea herrialdeko jarduera ekonomikoaren %10era baino ez da iristen. 2017an jarri zuten abian Hawassako gune industriala, Etiopiako proiekturik ezagunena, enblematikoa: AEBetako, Europako eta Asiako 52 lantegi abian, guztiak ehungintzan. 30.000 langile kamisetak eta kirol arropa ekoizten, gau eta egun, etengabe. Arkebe Oqubayk aurreratu duenez, Etiopia osoan beste 29 eremu industrial eratuko dituzte urtea bukatzerako. Makineria eta informazioaren eta komunikazioaren teknologian ere bai, ez ehungintzan bakarrik.

Gobernuaren estrategia horrek dagoeneko fruitu batzuk eman ditu. Kanpotik iritsitako inbertsio zuzenak 3.900 milioi eurora ailegatu ziren 2017an, hau da, bost urte lehenagoko kopuruak laukoiztu ziren.  

Esklabotzaren pare

Teoria hutsean Exekutiboak egindako irakurketa zuzena da, baina langileek hain gutxi kobratzeak herritar asko kezkatuta dauzka.

Stern Zentroaren arabera, Hawassako ehungintzan ari diren langileak munduan gaizkien ordainduta daudenak dira: 23,4 euro hilean.

Hala ere, hain gutxi kobratzea ohikoegia da Etiopian. Gogoan izan behar da gutxieneko soldatarik ez dagoela. Industrializazioaren izenean esklabotzaren pareko maila batera eramandako langile horiek larri ibiltzen dira janaria ordaintzeko, garraioarengatik eta alokairuarengatik eskatzen dietena emateko. Estu-estu eginda bizitzera behartuta egoten dira horietako asko, etxebizitza txikiegietan, lagun gehiegi sartuta. Eta bat esnatzean, ohea utzi eta beste bat barrura.

Lana utzi zuenetik zortzi hilabete pasa direnean, Zemen Zerihunek lanik gabe jarraitzen du. Baina hartutako erabakia ez zaio batere damutzen. Familiaren etxean nekazaritzan aritzea nahiago du, lantegian saiatzea baino. «Industriak» garai batean agindu ziona, maila sozialean gora egingo zuela, gezur hutsa zelakoan dago gaur egun.

Medihant Fehenek ere Hawassan zuen lana uztea erabaki zuen. «Goizaldeko bost eta erdietan autobusa hartzeko oso goiz esnatzen nintzen. Goizeko seietan hasten nintzen lanean. Eta arratsaldez tokatuz gero, ia gauerdira arte ez nintzen etxera bueltatzen, oso ilun zegoela alegia, emakume batentzat kanpoan ibiltzea arriskutsuegia den garaian».

Oso bestelako diskurtsoa du Tony Kao JP Textile konpainiako arduradunak. Berak nabarmentzen du nekazaritza utzi eta industrian hastea oso zail egiten zaiela langile askori: «Industrian egin behar duten lana ikastea, esaterako, asko kostatu zaie. Garaiz iristea da ikasi behar duten lehen gauza. Eta gero, teknika berriak ezagutu, makineria nola erabili adibidez. Beraien bizitzan kapitulu berri bat da».

Gobernuak langileen haserreari arrazoiak kendu nahi izan zizkion eta enpresei lurrak eman zizkien langileentzat logela merkeak eraiki ditzaten, Arkebe Oqubayk adierazi duenez. Etxebizitzen arazoa konpontzen lagundu, soldata igo gabe lanean jarrai dezaten. Gaur egun lehen ministroaren aholkulari berezia den gizonak langileei gutxi pagatzea defendatzen du, hori baita Etiopiak kanpoko inbertsioak erakartzeko duen tresna bakarra. Gogorarazten du beste herrialde askotan industria jarduera askoz ere indartsuagoa dela. «Soldatak altuegiak badira, inbertsioak ez zaizkigu iritsiko eta ez da lanposturik sortuko. Langileen bizimodua hobetzeko onena norberaren produktibitatea handitzea da», erantsi du.

Langileak nola dauden eztabaidatzeak luze joko luke. Ehungintzako konpainiek sekulako irabaziak ateratzen dituztela ez du inork zalantzan ipintzen ordea. «Etiopia arropa ekoizpenaren etorkizuna da. Mundu osoa hona begira dago orain», nabarmendu du Raghavendra Pattar Nasa Garment PLC konpainiako zuzendariak harro.

Langileak antolatu

Hawassako langileek ez dute benetako ordezkaririk. «Langileen kontseiluak» daude, baina horiek konpainietako nagusiek langileak mendean edukitzeko tresnatzat hartzen dira.

Etiopiako Sindikatuen Konfederazioak egoera hori aldatu egin nahi du. Ayalew Ahmed presidenteordeak aurreikusita du aurten bertan Hawassako langileak antolatzeko ahaleginak abian jartzea: «Konpainietako arduradunek beren enpresatan sindikatuak onartzen badituzte, ondo egongo da. Bestela, enpresetatik kanpo sortuko ditugu».

Teorian, Gobernuak bat egiten du langileek antolatzeko duten eskubidearekin. Baina lantegien eguneroko martxa ezin dute kaltetu, Eyob Tekalign Tolina Finantza ministroak ohartarazi duenez.

France-Presse agentziak Hawassan pasa zuen goizean dozenaka lagun ikusi zituen bertan lanean hasteko prest, izena emateko errenkadan jarrita. Tekle Baraso Bonsak 22 urte ditu eta noizbait lana utzi eta Unibertsitatera joan nahi duela esan digu, baina bertan ikasi ahal izateko «Hawassan irabazten ditudan 30 euroak garrantzitsuak dira. Bestela oinetakoak garbitzen ibiliko nintzateke kalean, gutxiago irabazteko».