GAUR8
JENDARTEA /

ETXEA IKASGELA ETA JOLASTOKI. Mundua pantailaz bestaldetik ikusi eta ikasi behar denean

Etxean gordeta egon beharra egokitu zaigun honetan, haurrentzat eta gaztetxoentzat leihoak sortzen ari dira sarean. Leiho digitalak ikasteko, ondo pasatzeko, gorputza mugitzeko, asperdura zirikatzeko... Mundua leihotik ikusteko leiho interesgarriak badira.

 

JAKINDUN / Matematika edota zientzia ezagutza euskaraz

Ikasle euskaldunek matematika edota zientziaren ezagutzetan hobetzeko euskara hutsezko plataforma da Jakindun. Koronabirusak eragindako itxialdiaren ondorioz, Euskal Herriko irakasle eta ikasleek etxetik eta Internet bidez erabil dezaketen erreminta aproposa.

Irabazi-asmorik gabeko proiektua da eta zientzia ikasgaiei lotutako bideoak eskaintzen ditu bere webgunean, euskaraz eta doan. Bideo hauetan azalpen errazak aurkezten dira eta denbora laburrean. Plataformak hezkuntza komunitatearentzako baliabide lagungarria izan nahi du.

Jakindun.com webgunera edota Youtuben duten kanalera sartuz gero, fisika, kimika edota matematikarekin erlazionatutako kontzeptu ezberdinen azalpena eta kontzeptuok lantzeko ariketak aurki ditzakete ikasle zein irakasleek. Plataforma Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei bideratuta dago bereziki, eta, bertan, azalpen eta ariketak kurtsoka bereizita ageri dira.

2017. urtean jaiotako euskara hutsezko eta doako lehendabiziko hezkuntza plataforma da. Ikasleen eskura bideoak jartzen ditu, azalpen errazekin, hobeto ulertzeko zailak egiten zaizkien ikasgaien inguruan, hain zuzen. Edonoren eskura dagoen baliabidea izateaz gain, sarea ahalik eta kalitate onena duten euskarazko eduki zientifikoz betetzea eta komunitatea eraikitzea du helburu, euskara eta zientziaren arteko elkarlana aintzat hartuta.

Teknologia tresna paregabea da ikaskuntza-irakaskuntza prozesurako, ikaslearen motibazioa areagotu dezake eta ikasgaien inguruko ulermena hobetu.

CODE.ORG / Programazioa ikasteko ataria

Programazio logika ikasteko atari aproposa oso da Code.org. Programazioa egunerokoan erabiltzen ditugun aplikazio informatikoak garatzeko oinarrizko teknika da. Atari hori algoritmoak, aldagaiak, begiztak eta funtzioak bezalako kontzeptuak ikasteko atari paregabea da. Eskoletara eta autoikaskuntzara bideraturik dago. Bertan programazioaren oinarrizko kontzeptuak praktikan jartzeko aukera eskaintzen digu atariak, modu oso grafiko eta errazean, haurrentzako ezagunak diren pelikuletako pertsonaiekin lagundurik.

Programatzen ikasteko gogoa duen orok aurkituko du bere neurriko ikastaroa. Lehen kurtsoa 4 urtetik aurrera egitekoa da eta 18 urte bitarteko ikastaroak aurki daitezke. Ikasgelan zein etxean egiteko prestaturik daude eta irakasleentzat laguntza ere eskaintzen du, ikasleen jarraipena egiteko modua eskainiz. Tresna euskaraz ere eskaintzen da.

GHETXEAN / Gorputza mugitzeko

Gorputz Hezkuntzako irakasle talde batek webgune bat jarri du martxan, etxean egon beharra dugun egunotan txikiekin gorputza astintzeko. Aholku-gomendio eta ideia batzuk partekatu dituzte gune horretan eta egunez egun egin daitezkeen ariketak ere proposatzen dituzte, bideoetan jasoak. Haurrekin ondo pasatzeko eta bide batez gorputza pixka bat mugitzeko aukera da.

AQUARIUM / Unitate didaktikoak eta bideoak

Marrazoek zenbat hortz ilera dauzkate? Zenbat pisatu dezake bale batek? Galdera horiei erantzuna emateko, derrigorrezko itxialdi honetan, Donostiako Aquariumeko dibulgazio eta hezkuntza saileko langileak buru-belarri ari dira unitate didaktiko berriak sare sozialen bitartez zabaltzen.

20.000 ikasletik gora jasotzen ditu Donostiako Aquariumak urtean zehar eta horietako asko ikasturte bukaerako txangoetan etortzen dira. Itsas historia eta itsas animalien inguruko gaiak geletan ikasi ondoren, bisita gidatu batean eskolan landutakoa sakontzeko eta zuzenean arrainak eta itsas ornogabeak ikusteko aukera izaten dute museora gerturatutako ikasleek.

Orain zuzeneko bisita horiek ezinezkoak direnez, sare sozialen bitartez ari dira edukiak zabaltzen. Momentuz Aquariumeko sare sozialetara (Facebook, Instagram eta Twitter) igo diren unitate didaktikoak hiru izan dira: Balea, Marrazoak eta Olagarroak. Espezie bakoitzaren ezaugarri nagusiak ezagutu daitezke horietan. Unitate didaktiko guztiak hiru hizkuntzatan daude: euskaraz, gazteleraz eta frantsesez. Horrez gain, Aquariumeko arrainen inguruko bideoak ere jarri dituzte ikusgai egunotan.

AHOTSAK .EUS / Hizkera asmatzeko

Euskara ez da berdin egiten Euskal Herriko bazter guztietan. Hori, arazo bat izan beharrean, ordea, gure hizkuntzaren aberasgarri da. Ahotsak.eus egitasmoak eskualde, herri edo auzo ugariko hizkera asko bildu ditu leku horietako lagun askori egindako milaka orduko grabaketetan. Horren helburua ahozko ondarea bildu eta erabiltzaileen esku jartzea da.

Jasotako material hori guztia ikastetxeetan ere oso erabilgarria izan daitekeela pentsatu zuten, eta ez hizkeraren ikuspegitik bakarrik, baizik eta baita Euskal Herriaren historia ezagutzeko ere. Lehen etxean gertatzen zen belaunaldien arteko transmisioa orain ikasgelan egin daiteke, teknologia berrien laguntzarekin. Hartara, Ahotsak.eus Ikasgelan webguneak material hori partekatzen du. Horretarako, bi motatako fitxak sortu dituzte. Alde batetik, fitxa didaktikoak, edukia lantzeko gaikako bideo-fitxak dira, gai askori buruzkoak. Bestetik, Kantak eta Jolasak, adinekoengandik jasotako kanta eta jolasak, ikastetxeetako haurrekin landuak. Bideo-fitxa guztiak mailaka, gaika eta ikasgaika daude sailkatuta, irakasleei egokia iruditzen zaiena erraz aurkitzeko moduan.

Webguneko “Euskalkitegia” atalean, berriz, hainbat bideo-pasarte entzun daitezke. Hasierako multzoko bideoetan agertzen diren hiztunak nongoak diren asmatuz gero, ikasle maila eskuratu eta beste bideo sail bat ikusi eta entzuteko aukera dago, EGA maila eskuratzeko; hori gaindituz gero, irakasle maila...

AZKUE FUNDAZIOA / Euskarazko jolas didaktikoak

Euskararen normalizazio eta erabilera sustatzea ipar, garapenerako informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta komunikaziorako sare birtualak baliatu eta sarerako euskarazko edukiak sortzen ditu Azkue Fundazioak. Haren proiektuek hiru osagarri dituzte: sarean eginak dira, parte hartzea sustatzeko sortutakoak dira eta helburu didaktikoa dute, batez ere euskal mundu eta hizkuntzari lotuak.

Haren webguneko “Ekimenak eta lehiaketak” ataleko “Gure proiektuak” klikatuta, “Online jolasak” azpiatala agertzen da. Lau jolas garatu dituzte: “Euskal Play”, “Jakina!” euskal tribiala, “Kaixo Frankie!” eta “Mithridates” jokoa. Aurrerantzean gehiago garatzeko asmoa dute.

“Euskal Play” euskara gai duten bederatzi online jokorekin osatutako aplikazioa da. Euskararen gaineko ezagutza handitzeko eta praktikatzeko helburua du, ondo pasatuz ikastekoa. Lehen Hezkuntzatik Batxilergoraino eta aurreragorako jarduerek osatzen dute “Euskal Play”, eta, ikastetxeetan bezala, etxean ere erabil daiteke.

“Jakina!” tribial formatuko online jokoa da. Sei jokalarik jardun dezakete elkarrekin, baina egun hauetan etxean horrenbeste lagun ez badago, ez dago batere arazorik, hiruk, bik eta, are, batek ere joka baitezakete. Zortzi gaitan banatutako 4.800 galdera ditu erantzuteko.

“Yo Frankie!” bideo jokoaren itzulpena da “Kaixo Frankie!”. Bizkaiko toki ezagunetan zehar eta euskaraz jolasteko aukera ematen du: Bilboko Indautxu plazan, Guggenheim Museoaren inguruan eta Getxoko portu zaharrean, Frankie urtxintxari bidean agertzen zaizkion hur guztiak biltzen eta oztopoak gainditzen lagundu behar zaio.

Euskararen “Mithridates” digitala joko didaktiko eta elkarreragilea da, eta, bideo eta soinuen bidez, esaldi berberak euskalki guztietan nola ahoskatu eta adierazten diren erakusten du.